Jesus zigorkatua

Pilatosek herriari: Ohitura duzue, nik Pazkotan zuei norbait askatzea. Nor nahi duzue askatzea, Barrabas –lapurra eta beste batzuekin giza hilketagatik atxilotua- ala Jesus? (Mt 27, 17). –Erail ezak hori eta askatu Barrabas, dio deiadarka herriak, bere agintariek eraginda (Lk 28, 18).

Pilatosek ostera: hortaz, zer egingo nik Kristo deritzan Jesusekin? (Mt 28, 22). –Crucifige eum! –Jos ezak hori gurutzean! (Mt 25, 14).

Pilatosek hirugarrenez: Baina, gaitzik zer egin du honek? Nik ez dut honengan herio-errurik aurkitzen (Lk 23, 22).

Gero eta iskanbila handiagoa jendeak: Josi, jos ezak hori gurutzean! (Mk 15, 14).

Eta Pilatosek, herriari poz eman nahirik, Barrabas askatzen du, Jesus zigorkatzeko aginduz.

Jesus pilareari lotuta. Zauriz betea.

Astin-uhalen zartakoak Haren haragi urratuen gainera datoz. –Zu eta ni bekatariongatik ebakitako haragi errugabearen gainera. –Zigorradak ugari. Eta amorru itsua ugariago. Gero eta itsuagoa… Hau giza basatien basakeria!

Azkenean, leher eginik, Jesus askatzen dute. –Eta Kristoren gorputza, minez apurtua, lurrera dator. Lurrera, harra bezala. Erdi hilik eta azkenetan.

Zuk eta nik ez dugu hitz egiterik. –Zertarako hitz egin? –Begiraiozu, begiraiozu astiro.

Hori ikusita, bekatuak ordaintzeko beldurrez ote zaude?

Puntu hau beste hizkuntza batean