Pozezko Gertakariak

Ez ahaztu, adiskide, ume garenik. Izen gozozko Andre Maria, otoitz egiten ari da.

Zu, etxe horretan bertan, nahi duzuna izan zaitez: adiskide, morroi, zelatari, auzo-lagun… – Nik orain ez dut ezer izateko ausardiarik. Zure atzean gordeko ni, eta harritu batean, ikus dezadan zer gertatzen den:

Goi-aingeruak agertu du bere mezua… Quomodo fiet istud, quoniam virum non cognosco?- Nola hau izango, ez baitut gizonik ezagutzen? (Lk 1, 34).

Gure Amaren hizkerak, bere garbitasunez, gogora dakarzkit gizonen zikinkeria guztiak…, baita nireak ere.

Eta bihotzez gorroto ditut munduko satsukeriak. O zenbat asmo on hartzen ditudan!

Fiat mihi secundum verbum tuum. – Gerta bekit diozun bezala (Lk 1, 38). Eta birjintasunezko giro gozo honetan, Hitza haragi egin zen.

Aurren hamarrekoa badoa… Baina esan diezaioket oraindik Jaungoikoari, beste inork baino lehenago: Jesus, maite zaitut.

Adiskidetxo: Honez gero moldatzen hasia izango zara. –Zoaz pozik Jose eta Andre Mariarekin… eta Daviden etxeko tradizio zaharrak ikasiko dituzu:

Elisabet eta Zakariasen berri entzungo duzu, Joseren maitasun txit garbiaz erdiratuko zaizu bihotza eta dar-dar jarriko Belenen jaioko den Haurraren izena entzuten duzun bakoitzean…

Mendira goaz presaka, Juda leinuko herri bateraino (Lk 1, 39).

Heldu gara. – Joan Bataiatzailea jaioko den etxean gaude. –Elisabetek, esker onez, bere Eroslearen Ama goratzen du: Bedeinkatua zu andre guztien artean, eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua! –Nondik niri honenbeste zorion, nire Jaunaren Ama etxera datorkidan? (Lk 1, 42 eta 43).

Bataiatzaileak jauzi egin du amaren sabelean… (Lk 1, 41). –Mariaren umiltasuna Magnificat gorazarrean agertzen da… –Eta zuk eta nik, harroputz garenok, harroputz izanok, apalak izatea agintzen dugu.

Zesar Augustoren lege bat irten da, mundu guztiak izena emateko aginduaz. Horretarako, bakoitzak bere jatorriko herrira dauka joan beharra. Jose, Daviden etxe eta sendikoa izanik, Birjina Mariarekin doa Nazaretetik Judeako Belen izeneko herrira (Lk 2, 1-5).

Eta Belenen jaiotzen da gure Jainkoa: Jesukristo! –Ez dago tokirik ostatuan. Estalpe batean jaio da. –Eta bere Amak, Haurra oihaletan bildurik, askatxoan ipintzen du (Lk 2, 7).

Hotza, –Pobretasuna. –Joseren morroitxoa naiz ni. –Bai gizon ona dela Jose! –Aita semearekin bezala, hala ari da nirekin. –Eta barkatu ere egiten dit, nik Haurra besoetan hartu, eta gauza goxo-kutunak esaten, ordutan gelditzen banaiz ere!…

Pa eman diot Haurrari. Emaiozu zuk ere. Dantzan eta kantari hasi natzaio, eta Errege deitzen diot, Maitasun, nire Jainko, nire Bakar, nire On Guzti!… Bai Haur ederra! Eta bai hamarreko motxa!

Amaren garbikunde egunak bete direnean, Moisesen Legeari obedituz, Haurrarekin joan behar dute Jerusalenera, Haurra Jaunari aurkeztera (Lk 2, 22).

Eta oraingoan, adiskide, zuk eramango duzu usapalen kaiola. –Begira! Errurik ez duena, Guztiz Garbia, Legearen azpian ageri da, zikin bai lego.

Ikasiko al duzu ispilu horretan, ume kaiku horrek, Jaungoikoaren Lege Santua kosta ala kosta betetzen?

Garbitu. Zuk eta nik, biok bai daukagula garbitu beharrik. Bekatuen zorrak ordaindu; eta, batez ere, Maitasun izan. –Maitasun txit beroa, gure arimako herdoila erre dezan; eta sutsua, gure bihotzeko lardaskeriak jainko-lamadez kiskali ditzan.

Jaunaren beldur den gizon zintzo bat Jauretxera etorri da, Espiritu Santuaren eragitez. Agindu baitzitzaion Kristo ikusiko zuela hil baino lehen. Eta, Mesias bere besoetan harturik, honela mintzo da: Orain, Jauna, Zuk esan bezala, bakean daramazu mundu honetatik zure morroi hau, Salbatzailea ikusi baitute nire begiok (Lk 2, 25-30).

Non da Jesus? –Andrea: Umea non da?

Negarrez dago maria. –Alferrik ibili gara biok, zu eta ni, sailik sail eta taldez talde. Ez dute Umea inon ikusi. –Josek berak, ez negartzeko eginahalak egin ondoren, negar egiten du… Zuk ere bai… bai nik ere.

Niri, egia esan, morroitxo trakets honi, malko patsak darizkit, zeru-lurrak oihuka astintzeraino… lehen nik Jesus nire erruz galdu eta negar egin ez nuelako, alegia.

Ene Jesus; ez zaitzadala nik inoiz ere galdu… Eta orain zorigaitzak eta nahigabeak elkartzen gaituzte, lehenago bekatuak elkartu gintuen bezala, eta gure barren guztiari maite damuzko zotin sakonak eta aiene minkorrak darizkio. Lumaz idatzi ezinezkoak eta ez idaztekoak.

Kapitulu hau beste hizkuntza batean