Naturaz gaindiko bizitza

Jendeak ikusmen zapala dauka, lurrari josia, bi dimentsiokoa. —Naturaz gaindiko bizitza bizitzen duzunean, hirugarren dimentsioa eskuratuko duzu Jaungoikoagandik: garaiera, eta horrekin batera erliebea, pisua eta bolumena.

Zure bizitzaren naturaz gaindiko zentzua galduz gero, zure karitatea filantropia bihurtuko da; zure garbitasuna, eratasuna; zure hildura, sinplekeria; zure diziplina, zigorra eta zure egintza guztiak, antzu.

Isiltasuna barne-bizitzaren atezaina bezalakoa da.

Paradoxa: Santu izatea jakintsu izatea baino eskuragarriagoa da; baina jakintsu izatea, santu izatea baino errazagoa.

Gogoa barreiatu. —Gogoa barreiatu beharra duzu!…, begiak zabal-zabal eginik gauzen irudiak ongi sar dakizkizun, edo, zure miopiak behartuta, ia erabat itxirik…

Itxi itzazu erabat!: barne-bizitza izan ezazu, eta kolore eta erliebe asmaezinez ikusiko dituzu mundu hobeago baten, mundu berri baten gauza harrigarriak: eta Jaungoikoarekin harremanak izango dituzu…, eta zure ahultasuna ezagutuko duzu…, eta jainkotuko zara…, eta jainkotze horrek, zure Aitarengana hurreratzean, zure senide gizakien senideago egingo zaitu.

Guraria: Ni ona izan nadila eta beste guztiak ni baino hobeak.

Onbideratzea une bateko gauza da. —Santutasuna, bizitza osoko lana.

Ez dago munduan gauza hoberik Jaungoikoaren grazian bizitzea baino.

Asmo zuzena. —Beti izango duzu, denean eta beti Jaungoikoari atsegin ematea bakarrik bilatuz gero.

Sar zaitez Kristo Gurutziltzatuaren zaurietan. —Han ikasiko duzu zure zentzuak gordetzen, barne-bizitza izango duzu, eta etengabe eskainiko dizkiozu Aitari Jaunaren eta Mariaren oinazeak, zure zorren eta gizakien zor guztien ordainez.

Ez du Jaungoikoa nahigabetzen bere zerbitzuan daukazun egonezin santu horrek. —Baina alferrikakoa izango da, aldi berean zure eguneroko jokaera hobetzen ez badoa.

Zuzendu. —Egunero pixka bat. —Hori da zure etengabeko eginkizuna, benetan santu egin nahi baduzu.

Santu izatera behartua zaude. —Zu ere bai. —Nork uste du zeregin hau apaiz eta erlijiosoena bakarrik denik?

Denoi, salbuespenik gabe, esan zigun Jaunak: «Guztiz on izan zaitezte, Zeruko zuen Aita guztiz on den bezala».

Zure barne-bizitzak, hain zuzen ere, hori izan behar du: hasi… eta berriro hasi.

Barne-bizitzan, gogartu al duzu astiro, borondate berrituaz «zerbitzatzearen» edertasuna?

Ez ziren ikusten elurrak estalitako landareak. —Eta nekazariak, alorraren jabeak, honela zioen, pozez beterik: «orain barrurantz hazten ari dira».

—Zutaz oroitu nintzen: zure nahitaezko gelditasunean…

—Esadazu: zu ere, barrurantz hazten ari al zara?

Zeure buruaren jaun ez bazara, boteretsua izanda ere, zure jauntasunak nahigabea eta barregura ematen dit.

Ebanjelio Santuetan Pilatoren galdera irakurtzea gogorra egiten zaigu: «Zein nahi duzue askatzea, Barrabas ala Jesus, Kristo deritzana?» —Negargarriagoa da erantzuna entzutea: «Barrabas!».

Ikaragarriagoa oraindik, nire bidetik aldentzean, askotan!, nik ere «Barrabas!» esan dudala ohartzea, beste hau erantsiz «Kristo?… “Crucifige eum!” —Josi Gurutzean!».

Orain kezkatzen zaituen horrek guztiak nolabaiteko garrantzia besterik ez du. —Erabateko garrantzia duena zoriontsu izatea da, salbatzea.

Argi berriak! —Hori poza zurea Jaunak Mediterraneo berri bat aurkiarazi dizulako!

—Ongi erabil itzazu une horiek: esker abesti bat kantatzen hasteko ordua da; eta baita ere zure arima zokoren bati hautsa astintzekoa, ohikeriaren bat uztekoa, naturaz gaindiago jokatzekoa, lagun hurkoari gaizpiderik ez ematen saiatzekoa…

—Hitz batean: zure eskerrona erabaki zehatz baten bidez ager dadila.

Kristo zugatik hil da. —Zuk… zer egin behar duzu Kristogatik?

Zure esperientziak —garrazkeria hori, urduritasun hori, samintasun hori— Jesusen hitz haien egia sentiarazten dizu: inor ezin da bi nagusiren morroi izan!

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean