Deia

Zergatik ez diozu Jaungoikoari zeure burua behingoz eskaintzen…, benetan… orain!?

Bidea argi ikusten baduzu, jarrai iezaiozu. —Nola ez duzu baztertzen geldiarazten zaituen koldarkeria?

«Zoazte, bada, hots egin Berri Ona… Ni zeuekin izango nauzue…» —Hori esan du Jesusek… eta zuri esan dizu.

Aberri zaletasunak —laudagarria, noski— bere bizitza «zerbitzu», «milizia» bihurtzera darama hainbat gizaki. —Ez ahaztu Kristok ere bere «miliziak» dituela, eta bere «zerbitzurako» aukeratutako jendea.

«Et regni ejus non erit finis». —Haren

Erregetzak ez du azkenik izango!

¿Ez al dizu pozik ematen horrelako erregetzaren alde lan egiteak?

«Nesciebatis quia in his quae Patris

mei sunt oportet me esse?» —Ez al zenekiten neure Aitaren gauzetan jardun behar dudala?

Jesus gaztetxoaren erantzuna. Eta, bere semea galduta zuelakoan, hiru egunez haren bila zebilen bere Ama bezalako Ama bati emandako erantzuna. —San Mateok dakarzkigun Kristoren hitz haiek osagarritzat dituen erantzuna: «Aita nahiz ama ni baino maiteago duena ez da niretzat gai».

Sinpletasun handiegia da zurea,apostolutza enpresen balioa begienbistan dagoenagatik neurtzen duzunean. —Irizpide horri jarraituz nahiago zenuke kintal bat ikatz eskukada bat diamante baino.

Orain, zeure burua eskaini diozunean, bizitza berri bat eskaiozu, «birzigilu» bat: zure Jainko gizon eginkizunaren benekotasuna sendotuko duena.

Hori —zure ideala, zure deia— …erokeria da. —Eta besteak —zure adiskideak, zure anaiak— eroak…

Ez al duzu noizbait entzun oihu hori zure baitan? —Erantzun ezazu, irmoki, «eroetxe» horretan parte hartzearen ohorea Jaungoikoari eskertzen diozula.

Honela idazten didazu: «Guztiok daukagun gogo bizia, “hau” martxan jarri eta zabaldu dadin, urduritasun bihurtuko dela dirudi. Noiz hautsiko du, noiz lehertuko… noiz izango da gurea mundua?».

Eta hau eransten duzu: «gure guraria ez da alferrikakoa izango Jauna “behartzen”, bultzatzen, erabiltzen badugu: orduan izugarri ondo irabazia dugu denbora».

Ulertzen dut zure ezinbesteko geldi egote horrek sortzen dizun bihozmina oraindik egiteko dagoen lanean pentsatzen duzunean. —Bihotza ez zaizu planeta osoan sartzen, eta lan ofizial ezin txikiago batera egokitu behar da.

Baina, noizko uzten dugu «fiat» hori?…

Ez zalantzarik izan: zure deia Jaunak egin ahal izan dizun graziarik bikainena da. —Eskerrak emazkiozu.

Hori pena idealik gabeko jendetza horrek —goikoak, behekoak eta erdikoak— ematen duena! —Arima dutenik ere ez dakitela dirudi: abere talde, artalde… txerri saldo dira.

Jesus, zure Maitasun Errukiorraren laguntzaz, guk abere taldea gudaroste bihurtuko dugu, artaldea, armada…, eta txerri saldotik aterako ditugu, garbituta, aurrerantzean zikin izan nahi ez dutenak.

Jaungoikoaren ekintzak ez dira ez palanka ez maila.

Jauna, ero bihur gaitzazu, zure apostolutzara beste asko erakar dezakeen erokeria eranskor horrekin.

«Nonne cor nostrum ardens erat in nobis, dum loqueretur in via?» —Ez al geneukan barrua sutan, bidean mintzo zitzaigunean?

Emausko dizipulu hauen hitzak, apostolu bazara, berez atera behar lirateke zure lankideen ezpainetatik, beren bizitzen bidean zu aurkitu eta gero.

Dena ematera joan zaitez apostolutzara, eta ez lurreko ezeren bila.

Jaunak apostolu nahi izan zaituanean, «Jainko seme» zarela oroitarazi dizu, inoiz ahatz ez dezazun.

Zuetariko bakoitzak apostoluen apostolu izaten saiatu behar du.

Gatza zara zu, apostolu arima. —«Bonum est sal» —gauza ona da gatza, irakurtzen da Ebanjelio Santuan, «si autem sal evanuerit» —baina gatza gezatzen bada…, ez du ezer balio ez lurrerako, ez ongarritarako; kanpora botatzen da, alferrikako gauza bezala.

Zu gatza zara, apostolu arima. —Baina gezatzen bazara…

Seme: zure apostolutza maite baduzu, Jaungoikoa ere maite duzula ziur egon zaitez.

Zure apostolutza benetan «zurea egiten» duzun egunean, apostolutza hori, lurreko eta infernuko etsaien azpijoko guztiak kamusten dituen koraza izango duzu.

Eska ezazu beti zure iraupena eta zureapostolutzakideena, gure etsaiak, deabruak, ongi baitaki bere etsairik handienak zaretela…, eta zuen arteko baten huts egiteak, nolako poza ematen dion!

Erlijioso zintzoek beren ordena edo kongregazioko lehenengoak nola bizi ziren jakiteko guraria duten bezalaxe, haien jokaerari jarraitzeko, zu ere —gizon kristaua— ahalegindu zaitez Jesusen dizipuluen bizitza ezagutu eta jarraitzen, Pedro, Paulo eta Joanekin harremanak izan eta ia-ia Maisuaren Heriotza eta Berpiztearen testigu izan zirenena.

Galdetzen didazu…, eta nik erantzuten: Jaungoikoak, agintarien bitartez, jartzen zaituen leku, lanbide eta mailan ezin hobe bizitzean datza zure perfekzioa.

Otoitz egin ezazue elkarren alde. —Hark adorea galtzen duela?… —Edo besteak?…

Otoitzean jarrai ezazue, bakerik galdu gabe. —Alde egiten dutela? Galtzen direla?… Jaunak betidanik zenbatuak zaituzte!

Arrazoi duzu. —Gailurretik —idazten didazu—, ikuspegi osoan —kilometro asko inguruan— ez da zelairik ikusten: mendi bakoitzaren atzean beste mendi bat. Nonbaiten paisaia leuntzen dela badirudi ere, lainoa altxatzean, ezkutuan zegoen mendilerroa azaltzen da.

Horrelakoa da, horrelakoa izan behar da zure apostolutzaren zerumuga: mundua zeharkatu beharra dago. Baina ez dago bide eginik zuentzat… Zeuen oinatzez egingo dituzue, mendietan zehar.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean