Izaera

Ez dadila antzu izan zure bizitza. —Onuragarri izan zaitez. —Uztazu arrastoa. —Zure fedearen eta maitasunaren argiaz argi ezazu.

Zure apostolu bizitzaz, gorrotoaren ereile lizunek utzitako arrasto itsaskor zikina garbi ezazu. —Eta munduko bide guztiak piztu bihotzean daramazun Kristoren suaz.

Zure jarrera ikusi eta zure solasa entzunik, denek esan ahal dezatela: honek Jesukristoren bizitza irakurtzen du.

Duintasuna. —Utzi alde batera emakume kaxkarin edo mutikoren irabio eta losintxak. —Zure kanpoko itxura, zure espirituaren bake eta ordenaren isla izan dadila.

Ez esan: «Horrelakoa da nire izaera…, nire nortasunaren gauzak dira». Zure nortasunik ezaren gauzak dira: Gizon izan zaitez —«esto vir».

Ezetz esatera ohitu zaitez.

Atzea emaiozu maltzurrari, belarrira honako hau xuxurlatzen dizunean: zertarako korapilatu zure bizitza?

Ez zaitez izan herri txikikoen aiurrikoa. —Handi ezazu zure bihotza, unibertsal, «katoliko» izateraino.

Ez hegaz egin etxeko hegaztien antzera, arranoen gisan igo zaitezkeelarik.

Baretasuna. —Zergatik haserretu, haserretuz Jaungoikoa iraintzen baduzu, lagunhurkoa gogaitzen, zuk zeuk une larri bat igarotzen… eta azkenean haserretzeari utzi behar badiozu?

Esan duzun hori bera esazu beste tonu batez, amorrurik gabe, eta zure argudioa indartu egingo da eta, batez ere, ez diozu Jaungoikoari irainik egingo.

Ez errietan hasi egindako hobenak haserre sentiarazten zaituenean. —Itxaron hurrengo eguneraino, edo gehiago oraindik. —Eta gero, lasai eta asmoa garbiturik, ez utzi errieta egiteari. —Hiru orduko borrokaren bitartez baino gehiago irabaziko duzu hitz gozo bakar baten bidez. —Mantsotu ezazu zure jenioa.

Nahimena. —Adorea. —Eredua. —Egin behar dena, egin bedi… Zalantzarik gabe… Begiramendurik gabe…

Bestela, Cisneros ez litzateke Cisneros izango; ez Ahumadako Teresa, Santa Teresa…; ezta Loiolako Iñigo, San Ignazio…

Jaungoikoa eta ausardia! —«Regnare Christum volumus!».

Adoretu zaitez eragozpenen aurrean.

—Jaunaren graziarik ez zaizu faltako: «inter medium montium pertransibunt aquae!» —mendietan zehar igaroko zara!

Zer axola dio zure eginkizunak oraingoz murriztu behar izateak, gero muelle sakatuaren antzean, inoiz amestu baino askoz ere urrutiago heltzen bazara?

Alden itzazu zugandik, gutxienez denbora galarazten dizuten alferrikako gogoeta horiek.

Ez galdu alferrik zure kemena eta zure denbora, Jaungoikoarenak baitira, bidean zaunka ari zaizkizun txakurrak harrikatuz. Arbuia itzazu.

Ez utzi zure lana biharko.

Taldekoi bihurtu… zu? Pilokoa!? Buruzagi izateko sortua zara eta! Gure artean ez dago lekurik epelentzat. Behera zaitez eta Kristok berriz ere Maitasunaren suaz piztuko zaitu.

Ez zaitzala atzeman honako ezaugarri hauek dituen izaeraren eritasunak: finkotasunik eza gauza guztietarako, txoriburukeria hitz eta eginetan, burugabekeria…: hitz batez, arinkeria.

Eta eguneroko egitasmo huts horiek («hutsez bete-beteak») egitera bultzatzen zaituen arinkeriak —ez ahaztu—, garaiz ez erreakzionatuz gero —bihar ez: orain!—, zure bizitza txotxongilo hil, gauzaeza bihurtuko du.

Munduzale, kaxkarin eta burugabe izaten ahalegintzen zara koldarra zarelako. Zer da, izan ere, zeure buruari aurre egin nahi ez hori, koldarkeria baizik?

Nahimena. Ezaugarri garrantzitsua da,benetan. Ez itzazu gauza txikiak gaitzets,zeren eta gauza horietan etengabe zeure burua ukatuz —inoiz ere ez dira huskeriak, ezerezkeriak—, zure nahimena, Jaungoikoaren graziaz, indartu eta kemenduko duzu, eta zeure buruaren jaun eta jabe izango zara, hasteko. Eta gero, zure eredu, hitz, zientzia eta agintearen bitartez, besteak behartu, bultzatu eta erakarriko dituzun gidari, aitzindari, buruzagi!…

Ez zatoz bat horren edo beste haren izaerarekin… Nahitaez hala izan behar du: ez zara denen gogoko bost duroko txanpona.

Gainera, lagun hurkoaren harremanetatik sortzen diren elkar jotze horiek gabe, nola joango zinateke zure izaeraren mutur, ertz eta koxkak —hutsegiteak, akatsak— kentzen eta maitasunaren eta perfekzioaren forma neurtu, leun eta gozo-sendoa hartzen?

Zure izaera eta zurekin bizi direnenak ezti eta bigunak balira, merengearen gisara, ez zenuke santutasunik lortuko.

Aitzakiak. —Inoiz ez zaizkizu faltako zure eginbeharrak bertan behera uzteko. Zenbat eta zenbat zentzugabeko argudio!

Ez zaitez argudio horiek hausnartzen gelditu. Bazter itzazu eta bete zure eginbeharra.

Sendo izan zaitez. —Gizontsu. —Gizon. —Eta gero… aingeru.

Ezin duzula gehiago egin!? —Ez ote da… ezin duzula gutxiago egin?

Jakintsu…, buruzagi…, ausarta izateko… gogo bizian zaude.

Ederki, ederki. —Baina… Kristogatik, Maitasunagatik.

Ez zaitezte eztabaidan ari. —Eztabaidak ez du argirik ematen, beroaldiak itzaltzen baitu.

Ezkontza sakramentu santua da. —Garaia datorrenean, hartzeko zaudelarik, on egingo dizun libururen bat gomenda diezazula zure arima zuzendariak edo zure aitor-entzuleak. —Horrela hobeto prestatuko zara etxeko zamak ongi eramateko.

Barre egiten duzu «ezkontzarako goi-deia» duzula esaten dizudalako? —Horixe duzu, ba: goi-deia.

Gomenda zakizkio San Rafaeli, Tobiasen antzera garbitasunez gida zaitzan bide bururaino.

Ezkontza tropari dagokio, ez Kristoren estatu nagusiari. —Horrela, jan beharra pertsona bakoitzaren premia bada, umeak sortzea, ordea, gizadiarena da, bana-banako pertsonak alde batera utz dezaketelarik.

Seme-alaben irrika?… Semeak, seme-alabak ugari eta argi errainu ezabaezina utziko dugu gure ondoren haragiaren berekoikeriari uko egiten badiogu.

Bere bolizko dorrean, bere oskolean sartzen den berekoiaren hala-holako zorion kaxkarra… mundu honetan lortzea, ez da gauza zaila. —Baina berekoiaren zoriona ez da iraunkorra.

Zeruaren karikatura horrengatik galdu behar al duzu Zeruko Zorion azkengabea?

Kalkulatzaile zara. —Ez esan niri gazte zarenik. Gazteriak ahal duen guztia ematen du: bere burua ere bai, neurririk gabe.

Zeurekoia zara. —Zu beti «zeureari» ekinez. —Kristoren anaitasuna sentitzeko gai ez zarela dirudi: besteengan ez duzu anai-arrebarik ikusten; mailak ikusten dituzu.

Aldez aurretik sumatzen dut zure erabateko porrota. —Eta lur jota zaudenean, orain zuk bizi nahi ez duzun karitatea zurekin bizi dezaten nahiko duzu.

Ez zara buruzagi izango, jendetza zu zeu igo ahal izateko oinaulkitzat bakarrik hartzen baduzu. —Arima guztiak salbatzeko irrikan bazaude izango zara buruzagi.

Ezin zintezke giza taldeari bizkarra emanda bizi: jendea zoriontsu bihurtzeko gogo bizia izan behar duzu.

Ez duzu inoiz ere «egia agortu» nahi. —Gizalegez, batzuetan. Beste batzuetan —gehienetan— zeure burua ez larritzearren. Zenbaitetan besteak ez larritzeko. Eta beti, koldarkeriaz.

Horrela, sakontzeari diozun beldur horrekin, inoiz ez zara irizpide zuzeneko gizon izango.

Ez egiaren beldurrik izan, egiak heriotza badakarkizu ere.

Ez zait atsegin hainbeste eufemismo: koldarkeriari zuhurtasun deitzen diozue. —Eta zuen «zuhurtasun» hori, Jaungoikoaren etsaiak, burumuina hutsik dutelarik jakintsu itxurak eginez, inoiz igo behar ez luketen postuetara igotzeko aukera da.

Ez da konponezina gehiegikeria hori. —Aurrera jarrai dadila uzteak, etsi-etsian, zuzendu ezina bailitzan, nortasunik eza adierazten du.

Ez sahiestu zure eginbeharra. —Zuzen bete ezazu, beste batzuek bete gabe uzten badute ere.

«Aitzakia ugarikoa» zara, gaur esan ohi den bezala. —Baina zure hitz jario guztiaz ere, ez duzu lortuko —probidentziala!, esan didazu— zuribiderik ez duena nik zuritzea.

Egia ote da —ez dut uste, ez— lurrean ez dagoela gizakirik, sabelak baizik?

«Eska ezazu inoiz ez nadin errazenean geratu nahi». —Eskatu dut. Orain erabaki eder hori betetzen ahalegintzea dagokizu.

Sinesmena, poza, baikortasuna. —Baina errealitatearen aurrean begiak zoro-zoro ixterik, ez.

A zer garrantzi handiz bizitzen diren zorakeria hutsa diren gauzak, eta nola iristen diren zerbait izatera bizitzan —igoaz, igoaz—, «pisu gutxiaren» eraginaz, bihotzean eta buruan ezer ez izatearen bidez!

Zergatik izaeraren aldaketa horiek? Noiz finkatu behar duzu zure nahimena zerbaitean? —Bazter ezazu lehen harriei diezun zaletasuna eta egitasmo bakar batean jar ezazu azkenekoa.

Ez zaitez hain… sentikor izan. —Edozergatik minberatzen zara. —Zurekin gauza ñimiñoenaz hitz egiteko ere, hitzak neurtu behar izaten dira.

Ez zaitez haserretu… jasanezina zarela esaten badizut. —Zuzentzen ez zaren bitartean, ez zara onuragarri izango.

Karitateak eta gizalegeak eskatzen duten aitzakia atsegintsu eman ezazu. —Eta gero, bidean gora!, lotsagabetasun santuz, gelditu gabe eginbeharraren aldapa zeharo igo arte.

Zergatik mintzen zaituzte zuri buruzdabiltzan susmo erratu horiek? —Urrunago ere helduko zinateke, Jaungoikoak utziko bazintu. —Iraun ezazu onbidean eta ez izan ardurarik.

Ez al zaizu iruditzen, berdintasuna, ulertu ohi den eran, zuzengabekeriaren sinonimoa dela?

Hitz hanpatze eta harrotze horrek ez dizu ongi ematen: argi dago ez direla berezkoak. —Saia zaitez, behintzat, zure Jaungoikoarekin, zure zuzendariarekin eta zure anaiekin ez erabiltzen: hesi bat gutxiago izango duzue elkarren artean.

Ez duzu izaera sendorik: hori da denean muturra sartu beharra! —Jaki guztien gatz izan nahi duzu… Eta —ez haserretu garbi hitz egiten badizut— gatz izateko grazia gutxi duzu: ez zara gauza, gatzaren antzean, urtu eta oharkabe pasatzeko.

Zeure buruari uko egiteko nahia falta zaizu… Ikusmina eta nabarmentze nahia, berriz, soberan dituzu.

Zaude isilik. —Ez zaitez «umeantz», haur karikatura izan, «kontakatilu», buru berotzaile, salatari. —Zure esamesa eta hizkimizkien bidez elkarren arteko maitasuna epeldu egin duzu: lanik txarrena egin duzu eta… agian —mingain gaizto—, besteen iraunkortasunaren harresi sendoak mugiarazi badituzu, zure iraunkortasuna Jaungoikoaren grazia izateari utzirik, etsaiaren tresna saltzaile bihurtu da.

Begi-luze eta galdetzaile zara, sudur-luze eta leihozale: ez al dizu lotsarik ematen, akatsetan ere gizonezko ez izateak? —Gizon izan zaitez: eta besteen berriak jakiteko duzun gogoa, zeure burua ezagutzeko asmo eta egite bihur ezazu.

Zure izaera gizontsu, zuzen eta xaloa, larritu egiten da ulertzera ere iristen ez den eta inoiz zeure burua nahastu nahi ez zenukeen korapilo eta esamesen artean bilduta sentituz. —Jasan ezazu besteen ahotan ibiltzeak dakarren beheratzea, eta saia zaitez eskarmentu horrek neurritsuago egin zaitzan.

Besteak epaitzean, zure kritikari zergatik eransten diozu zure porroten samintasuna?

Espiritu kritiko hori —eman dezagun ez dela marmarra— ez duzu erabili behar ez zuen apostolutzan ezta zure anaien artean ere. —Espiritu kritiko hori zuen naturaz gaindiko enpresa horrentzat —barkatzen al didazu esatea?— traba handia da, zeren eta besteen lan ekintza aztertzen duzun bitartean, ezer aztertu beharrik gabe —asmo zuzenez, eman dezagun—, zuk zeuk ez baituzu ezer onik egiten eta zure geldotasun ereduak guztien martxa ona lizuntzen baitu.

«Orduan —galdetzen didazu urduri—, nire nortasunaren muina bezala den espiritu kritiko hau?…».

Begira —lasaituko zaitut—, har ezazu luma eta paper orri bat: idatzi itzazu xaloki eta konfiantza osoz —a! eta labur— larritzen zaituzten arrazoiak, eman gero idatzia buru egiten duenari, eta ez gehiago horretan pentsa. —Hark, buru den hark —bizibide grazia baitu— artxiboan gordeko du idatzia… edo paperontzira botako.

—Zuri, zure espiritu kritikoa marmarra ez denez gero eta asmo onenez darabilzunez, berdin zaizu.

Amore eman? —Borrokarako gogorik ez dutenen —patxadazale, maltzur, koldarren— lexikoan baizik aurkitzen ez den hitza da —amore eman behar da!—, aldez aurretik baitakite garaituak daudela.

Gizon: Ez zaitez hain inozo izan (Jaungoikoaren aurrean ume izan arren eta ume zarelako, hain zuzen), eta ez barregarri utzi zure anaiak kanpotarren aurrean.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean