Josemaría Escrivá Obras
 
 
 
 
 
 
  Bidea > Barne-bizitzaz gehiago > Cap 13
301

Sekretu bat. —Sekretu bat oihuka: munduaren krisi hauek, santuen krisiak dira.

—Jaungoikoak, «berea» duen eskukada bat gizon-emakume nahi du giza jarduera bakoitzean. —Gero… «pax Christi in regno Christi» —Kristoren bakea Kristoren erreinuan.


302

Zure Gurutzea. —Kristau zarenez, beti eraman behar zenuke zurekin zure Gurutzea. Eta lanean, mahai gainean ipini. Eta musu eman lotara joan aurretik eta esnatzean: eta zure arimaren aurka zure gorputz gaixoa altxatzen denean, musu emaiozu ere.


303

Gal ezazu Jaunari bere izenez —Jesus— deitzeko beldurra eta maite duzula esateko.


304

Barne-bizitza mantentzeko hain beha

rrezkoa den bakardade bedeinkatu horrentzat egunero minutu batzuk lortzen saia zaitez.


305

Honela idatzi didazu: «Xalotasuna perfekzioaren gatza bezala da. Eta hori da niri falta zaidana. Haren laguntzarekin eta zurearekin eskuratu nahi dut».

—Ez Harena eta ez nirea ez zaizkizu faltako. —Jar itzazu zuk bideak.


306

Gizakiaren bizitza lur gainean milizia dela, mendeak dira Jobek esan zuela.

—Oraindik ere bada hori ikasi ez duen patxadazalerik.


307

Naturaz gaindiko jokaera hori benetako taktika militarra da. —Gotorlekuaren harresietatik urrun kokatutako posizioetan mantentzen duzu borroka —barne-bizitzako eguneroko borrokaldiak.

Eta etsaia hara doa: zure hildura txiki hartara, zure ohiko otoitzara, zure ordenaz burututako lanera, zure biziera planera: eta zure gazteluaren dorreetara, makalak erasoaren aurrean, zaila izango zaio iristea. —Eta iritsiz gero, eraginik gabe iristen da.


308

Zuk idatzi didazunatik kopiatzen dut: «Nire poza eta nire bakea. Inoiz ezingo dut egiazko alaitasunik izan bakerik ez badut. Eta, zer da bakea? Borrokarekin zerikusi estua duen zerbait da bakea. Bakea garaipenaren ondorioa da. Bakeak etengabeko borroka eskatzen dit. Borrokarik gabe ezingo dut bakerik izan».


309

Begira nolako errai errukiorrak dituen Jaungoikoaren zuzentasunak! —Gizonen epaiketetan, bere errua aitortzen duena zigortu egiten baitute: eta Jaungoikoarenean, barkatu.

Bedeinkatua izan bedi Penitentziako Sakramentu santua!


310

«Induimini Dominum Jesum Christum» —Jesukristo Gure Jaunaz jantz zaitezte, esaten zien San Paulok Erromatarrei. —Penitentziako Sakramentuan jazten gara, zu eta ni, Jesukristoz eta haren merezimenduez.


311

Gerra! —Gerrak naturaz gaindiko helburu bat du —esaten didazu— jendeak ezagutzen ez duena: gerra guretzat izan da…

—Gerra bide errazaren eragozpenik handiena da. —Halere, azkenik, maite beharko dugu, erlijiosoak bere diziplinak maite behar dituen bezala.


312

Zure izenaren ahalmena, Jauna! —Goiburu hau jarri nion eskutitzari, beti bezala: «Jesusek gorde zaitzala».

Eta honela idazten didate: «Zure eskutitzeko “Jesusek gorde zaitzala!” horrek ederretik atera nau. Berak ere zuek guztiok gorde zaitzatela».


313

«Jaunak bere ohiko eskuzabaltasunez laguntzen didanez gero, nire gizalegea “finduz” erantzuten saiatuko naiz», esan zenidan. —Eta ez nuen deus ere erantsi behar izan.


314

Idatzi nizun, esanez: «Zugan euskarritzen naiz: zuk ikusi zer egin behar dugun…!» —Zer egin behar genuen, ba, Bestearengan gure euskarria bilatu baizik!


315

Misiolari. —Misiolari izatea amesten duzu. Xabierren antzeko dardarak dituzu eta inperio bat irabazi nahi duzu Kristorentzat. —Japonia, Txina, India, Errusia… Ipar Europako herrialde hotzak, edo Amerika, edo Afrika, edo Australia?

—Susta itzazu sute horiek, arima egarri hori, zure bihotzean. Baina ez ahaztu misiolari handiago zarela «esaneko izanez». Apostolutza alor horietatik urrun izanik, «hemen» eta «han» lan egiten ari zara: ez al duzu sentitzen nekaturik zure besoa —Xabierrek bezala!— hainbesteei bataioa eman ondoren?


316

Baietz esaten didazu, nahi omen duzu. —Ederki, baina diruzale batek bere urrea maite duen bezala maite al duzu, ama batek bere semea, handizale batek ohoreak, edo haragikoi gaixo batek bere atsegina?

—Ez? —Orduan, ez duzu nahi.


317

Nola arduratzen diren gizakiak beren arazo mundutarrez!: ohore ametsak, aberastasun egarria, haragikeriazko buruhausteak. —Gizon-emakumeak, aberats eta pobreak, zaharrak eta helduak, eta gazteak eta baita haurrak ere: denak berdin.

—Zuk eta nik gure arimaren arazoetan ardura bera jartzen dugunean, sinesmen bizi eta eraginkorra izango dugu: eta ez da izango apostolutza lanetan garaituko ez dugun eragozpenik.


318

Kirolari zarenez gero, bai arrazoi egokia Apostoluaren honako hau!: «Nescitis quod ii qui in stadio currunt omnes quidem currunt, sed unus accipit bravium? Siccurrite ut comprehendatis». —Ez al dakizue kiroldegian partaide guztiek egiten dutela lasterka, baina saria batek bakarrik jasotzen duela? Beraz, egizue lasterka, irabazteko eran.


319

Zure baitara bildu zaitez. —Bila ezazu Jauna zugan eta entzun iezaiozu.


320

Susta itzazu gogoeta eder horiek, gurari santu hasi berri horiek… —Txinparta su handi bihur daiteke.


321

Apostolu arima: Jesusek zurekin duen kutuntasun horrek —hainbeste urtetan Harengandik hain hurbil!— ez al dizu ezer esaten?


322

Egia da gure Sagrarioari Betania deitzen diodala beti… —Egin zaitez Maisuaren adiskideen adiskide: Lazaro, Marta, Maria. —Eta gero ez didazu berriz galdetuko zergatik deitzen diodan Betania gure Sagrarioari.


323

Zuk badakizu badaudela «aholku ebanjelikoak». Maitasun fina adieraz ten du aholku horiek betetzeak. —Bide hori gutxirena dela esan ohi dute. —Batzuetan pentsatzen dut askorena izan litekeela.


324

«Quia hic homo coepit aedificare et non potuit consummare!» —eraikitzen hasi eta ezin izan zuen amaitu!

Zuk ez baduzu nahi, inoiz ez dira esango zutaz hitz penagarri horiek; zure santutasunaren eraikina burutzeko baliabide guztiak zure esku baitituzu: Jaungoikoaren grazia eta zure nahimena.


[Inprimatu]
 
[Bidali]
 
[Palm]
 
[Gorde]
 
-ri itzuli puntua:
Aurrekoa Hurrengoa