Heziera

Nola barre egiten zenuen, jatorki, zure

gaztaroko urteak San Rafaelen babespean jartzeko aholkatu nizunean!: ezkontza santu batera eraman zaitzan, Tobias gaztea bezala, emakume on, eder eta aberats batekin —esan nizun, txantxetan.

Eta gero, bai pentsakor geratu zinela!, Joan apostolu gaztearen babespean ere jarri zintezela esaten jarraitu nuenean: badaezpada ere, Jaunak gehiago eskatzen bazizun.

Gogor tratatzen zaituztelako kexatzenbaitzara zure baitan, eta zorroztasunhorren aldean zure odolekoen bestelako jokabidea ikusten baituzu, zuretzat kopiatzen ditut alferez mediku baten eskutitzaren lerro hauek: «Eri baten aurrean profesional zintzoaren jarrera hotz eta kalkulatzailea, baina eriarentzat objektibo eta onuragarria bilakatzen dena, har daiteke. Baita ere familiaren txepelkeria negartia. —Zer litzateke soros postu bat, borroka garaian, etengabe heltzen diren zaurituak pilatzen direnean irteera behar bezain arina ez delako, eri ohatila bakoitzaren ondoan familia bat balego? Etsaiaren alderdira pasatzeko litzateke».

Ez dut mirarien beharrik: Eskrituran azaltzen direnekin nahikoa dut. —Beharrezkoa dut, ordea, zuk zure eginbeharra bete eta graziari erantzutea.

Ilusioa galduta. —Lur jota zatoz. Gizakiek eskarmentua eman dizute! —Ez zenituela behar uste zuten bitartean, eskaintza ugari egiten zizuten. Diru laguntza eman behar ote zizuten pentsatzeak —txanpon gutxi batzuk— haien adiskidetasuna axolagabetasun bihurtu zuen.

—Jaungoikoagan bakarrik jar ezazu zure uste ona eta Harengatik zuri lotuak daudenengan.

A, zure handinahia, zure harrokeriak, zure haragikeria zerbitzatzen dituzun ahalegin berberaz saiatuko bazina Jaungoikoa benetan zerbitzatzen!

Buruzagi izateko eragina sentitzen baduzu, zure guraria hauxe izango da: zure anaien artean azkena; besteen artean lehenengoa.

Ikus dezagun: irainik egiten al zaizu zuri, hura edo bestea pertsona jakin batzuen lagunago delako, lehenagotik ezagutzen zituelako, edo begikotasunez, lanbidez edo izaeraz hurbilago sentitzen dituelako?

—Halere, zuretarren artean, zaindu ezazu adiskidetasun berezi baten itxurarik ere ez dadila izan.

Jaki fin eta bereziena ere, txerriak (horrela du izena, «barka»rik gabe) janez gero, gehienez, txerriki bihurtzen da!

Aingeru izan gaitezen, ideiak gureak egitean duindu ditzagun. —Gizon-emakumeak izan gaitezen, bederen: janariak, gutxienez, giharre bikain eta eder bihur ditzagun, edo, agian, burumuin indartsu… Jaungoikoa ulertu eta gurtzeko gauza dena.

—Baina… ez gaitezen animaliak izan, hainbeste eta hainbeste bezala!

Aspertzen zara? —Izan ere, zentzuak erne eta arima lotan dauzkazu.

Jesukristoren maitasunak amore emate… zintzoetara bultza egingo zaitu askotan. —Eta Jesukristoren maitasunak askotan bultzatuko zaitu ere amorerik ez emate… zintzoetara.

Gaiztoa ez izanik gaizto itxura baldin baduzu, ergela zara. —Eta ergelkeria hori —gaizpide harri— gaiztakeria baino okerragoa da.

Erlijiotasun agerraldietan izen txarreko profesionalak «buru» bezala nabarmentzen direnean, seguraski honako hau belarrira esateko gogoa datorkizue: Mesedez, ez zaitezte hain katoliko izan!

Lanpostu ofizial bat baldin baduzu, badituzu ere kargu horri loturik dauden eskubideak, eta betebeharrak ere.

—Zure apostolu bidetik aldentzen zara, apostolutza lan batengatik —edo haren aitzakiaz—, zure karguari dagozkion eginbeharrak bete gabe uzten badituzu. Galdu egingo baituzu daukazun ospe profesionala, «gizakiak arrantzatzeko amua» dena, hain zuzen ere.

Atsegin zait zure apostolu lema: «Atsedenik gabe lan egin».

Zergatik presaka ibiltze hori? —Ez esan niri lanean aritzea denik: burugabekeria da.

Buru-barreiaturik. —Zure zentzu eta ahalmenei edozein putzutik edaten uzten diezu. —Horrela zabiltza zu gero: aldakor, arreta nonahi banatuta, nahimena lo eta irritsa erne.

—Benetan lotu zaitez berriz kristau bizitza betearaziko dizun plan bati, bestela inoiz ez duzu gauza onuragarririk egingo.

«Nolako eragina giroarena!» esan didazu. —Eta honela erantzun behar izan nuen: noski. Horregatik, zuen giroa jatorki zabaldu eta gizarteari «zuen kutsua» eman ahal diezaiozuten neurrikoa izan behar du zuen heziera.

—Eta, orduan, espiritu horretaz jabetzen bazara, ziur nago, lehenengo dizipuluak zuten harridura berberaz, Kristoren izenean beraien eskuz egiten ziren lehenengo mirariak ikusiz, hauxe esango didazula: «Nolako eragina gurea gure giroan!».

Eta, nola lortuko dut «gure heziera» eta nola mantenduko «gure espiritua»? —Zure zuzendariak eman, azaldu eta maitarazi zizkizun arau zehatzak betez: bete itzazu eta apostolu izango zara.

Ez zaitez ezkor izan. —Ez al dakizu gertatzen den edo gerta litekeen guztia onerako dela?

—Zure baikortasuna zure sinesmenaren nahitaezko ondorioa izango da.

Naturaltasuna. —Zuen gizon eta emakume kristauen bizitza —zuen gatza eta argia— berez isur dadila, bitxikeriarik gabe, txepelkeriarik gabe: eraman ezazue beti zuekin gure xalotasun espiritua.

«Eta, giro paganotu edo pagano batean, giro horrek eta nire bizitzak elkar jotzean, ez al du nire naturaltasunak gezurrezkoa irudituko?», galdetzen didazu.

—Eta erantzuten dizut: Topo egingo du, bai, zure bizitzak haienarekin: eta elkar jotze hori da, hain zuzen ere, zure sinesmena zure egintzek baieztatzen dutenez, nik eskatzen dizudan naturaltasuna.

Ez ardurarik izan besteekin bat eginik diharduzula esaten badizute. Zer nahi dute? Urtzen den tresna izatea, eskuetan hartzeko orduan desegiten dena?

Jesusen Historia hura oparitu nizunean, eskaintza hitz hauek jarri nituen: «Kristo bila dezazula: Kristo aurki dezazula: Kristo maita dezazula».

—Hiru ekinaldi garbi dira. Saiatu al zara, behinik behin, lehenengoa bizitzen?

Buru izanik, adorea galtzen ari zarela ikusten badute…, ez da harritzekoa esanekotasuna urratzea.

Nahastea. —Zure irizpide zuzena zalantzan zegoela jakin nuen. Eta, uler zeniezadan, honela idatzi nizun: deabruak arras itsusia du aurpegia, eta, hainbeste dakienez, ez dizkigu adarrak erakutsi nahi. Ez dator aurrez aurre.

—Horregatik, zenbat aldiz etorri ohi da jatortasun eta baita espiritualtasunez mozorrotuta!

Jaunak dio: «Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Honetan ezagutuko dute nire ikasle zaretela».

—Eta San Paulok: «Lagundu batak besteari elkarren zamak eramaten, horrela beteko baituzue Kristoren legea».

—Nik ez dizut ezer esaten.

Ez ahaztu, seme, zuretzat gaitz bakar bat dagoela munduan: beldur izan behar diozun eta Jaungoikoaren graziaz saihestu behar duzun gaitza: bekatua.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean