Josemaría Escrivá Obras
 
 
 
 
 
 
  Bidea > Zuzendaritza > Cap 2
56

Santu zura. —Horrela diote jende batzuei buruz: santu zura dutela. —Santuak zurezkoak ez izateaz gain, zura edukitzea ez da nahikoa.

Beharrezkoa da Zuzendariari obeditzea eta graziaren eraginari jarraitzea. —Izan ere, Jaungoikoaren graziari eta Zuzendariari beren lana burutzen ez bazaie uzten, inoiz ez da eskulturarik agertuko, Jesusen irudi bihurtzen den gizon santurik.

Eta aipatutako «santu zura», egur itxuragabe, landugabea baizik ez da izango, sutarako… su eder baterako zur ona bazen!


57

Harreman ugariak eduki itzazu Espiritu Santuarekin —Ezezagun Handiarekin—, Bera baita santutu behar zaituena.

Ez ahaztu Jaungoikoaren tenplu zarela. —Parakletoa zure arimaren muinean dago: entzun iezaiozu eta arreta handiz jaso haren goiargiak.


58

Ez galarazi Parakletoaren lana: Kristorekin bat egin zaitez, zure arima garbi dadin, eta Berarekin batera senti itzazu irain, txistu eta zartakoak…, eta arantzak, eta gurutzearen zama…, eta baita ere zure haragia urratzen dituzten burdinak, eta babesik gabe hiltzeko irrika.

Eta sar zaitez Jesus Gure Jaunaren saihets irekian, haren Bihotz zaurituan babes sendoa aurkitzeraino.


59

Doktrina ziur hau jakitea komeni zaizu: norberaren espiritua aholkulari kaxkarra da, pilotu txarra, barne-bizitzaren erauntsi, ekaitz eta harkaitzen artean arima zuzentzeko.

Horregatik, Jaungoikoaren Nahia da untziaren zuzendaritza Maisu batek eramatea, bere argi eta jakinduriaren bitartez, kai ziurrera bidera gaitzan.


60

Mundu honetan bizitzeko, arkitektorik gabe etxe on bat altxatzerik ez baduzu, nola altxa nahi duzu Zuzendaririk gabe zure santutasunaren jauregia zeruan betikotasunean bizitzeko?


61

Sarritan erratzen du laikoak, bere burua Moral irakasle egin nahi duenean: laikoak ikasle bakarrik izan daitezke.


62

Zuzendaria. —Behar duzu. —Zeure burua eskaini, eman dezazun…, obedituz. —Eta zure apostolutza ezagutzen duen Zuzendaria, hain zuzen, Jaungoikoaren nahia dakiena: horrela, zure bidetik atera gabe, Espiritu Santuak zure ariman egiten duen lana eraginkortasunez lagunduko du…, bakez betetzen zaituelarik eta zure lana emankorra izateko modua erakusten dizularik.


63

Zuk —hala pentsatzen duzu— nortasun handia duzu: zure ikasketak —zure ikerlanak, zure argitalpenak—, zure gizarte maila —zure deiturak—, zure politika ekintzak — dauzkazun kargoak—, zure ondarea…, zure adina, ez zara, ez, haurtxo bat!…

Hain zuzen ere, horrexegatik behar duzu zuk, beste batzuek baino gehiago, Zuzendari bat zure arimarentzat.


64

Ez ezkutatu zure Zuzendariari etsaiaren zirikaldi horiek. —Senide arteko hizketaldia egitearekin lortu duzun garaipenak, Jaungoikoaren grazia ugaritzen dizu. —Eta gainera, orain zure arimaren aita denaren aholku dohaina eta otoitzak dauzkazu aurrerantzean garaile irtetzeko.


65

Zergatik beldur hori zeure burua den bezala ikusteko eta Zuzendariari agertzeko?

Garaipen bikaina lortuko duzu zeure burua ezagutarazteko beldurra galtzen baduzu.


66

Apaiza —nornahi dela— beste Kristo bat da beti.


67

Ez nuke nahi —gauza jakina dela eta— Apaiza «beste Kristo» bat dela zuri berriro oroitarazi gabe utzi. —Eta Espiritu Santua honela mintzatu dela: «nolite tangere Christos meos» —ez itzazue «nire Kristoak» ukitu.


68

Presbitero, etimologiaren aldetik, zaharraren parekoa da. —Zahartzaroak begirunea merezi badu, pentsa ezazu zenbaterainoko begirunea izan behar diozun Apaizari.


69

Bai gogo fintasun eskasa —eta nolako begirunerik eza— adierazten duen Apaizari —nornahi dela— txantxak eta isekak zuzentzeak, inongo aitzakiarekin ere!


70

Berriro diot: Apaizari zuzendutako txantxa horiek —isekak—, zuri aringarriak iruditzen zaizkizun gorabehera guztiak kontuan hartuta ere, gutxienez, arrunkeria eta oiheskeria dira beti.


71

Nola ederretsi behar dugun apaizaren garbitasuna! —Haren altxorra da. —Inongo jauntxok sekula ez dio kenduko Elizari koroa hori.


72

Ez iezadazu jarri Apaiza bere seriotasuna galtzeko zorian. Gogorkeriarik gabe, beharrezkoa duen bertutea da.

Nola eskatzen zuen —Jauna, emadazu… laurogei urteen zentzutasuna!— gure lagun, elizgizon gazte hark!

Eska ezazu zuk ere Apaiz guztientzat eta gauza on bat egingo duzu.


73

Apaiz haietaz gaizki hitz egin zenuela esan dutelako nahigabetu egin zara —bihotzean sastakoa bailitzan. —Zure minaz pozten naiz ni: orain ziur bainago zure espiritu zuzenaz!


74

Jaungoikoa maitatu eta Apaizari begirunerik izan ez… ezin daiteke.


75

Noeren seme zintzoak bezala, karitatearen mantuaz estal itzazu zure aita Apaizarengan ikusten dituzun akatsak.


76

Biziera planik ez baduzu, inoiz ez duzu ordenarik izango.


77

Biziera plan bati, ordutegi bati lotzea —esan zenidan—, zein aspergarria den! Eta erantzun nizun: Maitasuna falta delako da aspergarri.


78

Ordu jakinean jaikitzen ez bazara, inoiz ez duzu biziera plana beteko.


79

Ordenarik gabeko bertutea? —Bertute arraroa!


80

Ordena lortzen duzunean, denbora ugaritu egingo zaizu, eta, beraz, aintza handiago eman diezaiokezu Jaungoikoari bere zerbitzuan gehiago lan eginez.


[Inprimatu]
 
[Bidali]
 
[Palm]
 
[Gorde]
 
-ri itzuli puntua:
Aurrekoa Hurrengoa