Josemaría Escrivá Obras
 
 
 
 
 
 
  Bidea > Ama Birjina > Cap 21
492

Gure Amarenganako maitasuna, zure epelkeriaren hausberoan ezkutaturik dauden bertute txingarrak su bizi bihurtuko dituen haizea da.


493

Maita ezazu Andre Maria. Eta Berak lortuko dizu eguneroko borrokan garaile irtetzeko grazia ugaria. —Eta ezertarako ez diote balio izango etsaiari zure barruan bor-bor altxatzen diren gauza gaizto horiek, beraien usain gozoko usteltasunez Kristok berak zure bihotzean ipinitako ideal handi eta agindu bikainak ito nahian. —«Serviam!».


494

Mariarena izan zaitez eta gurea izango zara.


495

Jesusengana beti Mariaren bidez joan eta «itzuli» ohi da.


496

Nola gustatzen zaien gizakiei, literatura, politika, milizia edo Elizako pertsona ospetsuekin duten ahaidetasuna gogoraraztea!…

—Kanta iezaiozu Birjina Sortzez Garbiari, oroitaraziz: Agur Maria, Jainko Aitaren alaba: Agur Maria, Jainko Semearen Ama: Agur Maria, Jainko Espiritu Santuaren Emaztea… Zu baino gorago, Jaungoikoa bakarrik!


497

Esazu: Ene Ama —zurea, zu berea baitzara arrazoi askorengatik—, zure maitasunak lot nazala zure Semearen Gurutzera: ez dakidala falta ez Sinesmenik, ez, adorerik, ez ausardiarik gure Jesusen nahia betetzeko.


498

Zure bizitzako bekatu guztiak zutik jartzen direla dirudi. —Ez galdu zure uste ona. —Aldiz, dei egiozu zure Ama Santa Mariari, haurrek ohi duten sinesmen eta uste osoz. Berak ekarriko dio sosegua zure arimari.


499

Maria txit Santua, Jaungoikoaren Ama, ez zen nabarmendu bere herriko

beste andreen artean.

—Ikas ezazu Berarengandik «naturaltasunez» bizitzen.


500

Eraman ezazu zure bularrean Karmengo eskapulario santua. —Gutxi dira —eta badira Mariarekiko jaiera ugariak eta onak— fededunen artean hain sustraituak dauden jaierak, eta Aita Santuen hainbeste bedeinkapen jaso dituztenak. —Gainera, larunbatetako pribilejio hori, zein ederki egokitzen zaion Amari!


501

Ama Birjinaren irudien artean, zeinidiozun jaiera handiena galdetu zizutenean eta zuk —ongi ikasia duenak bezala— «guztiak» erantzutean, seme ona zinela ikusi nuen: horregatik maite dituzu —maitemintzen naute, esan zenuen—, zure Amaren irudi guztiak.


502

Maria, otoitz Irakasle. —Begira nola eskatzen dion bere Semeari, Kanan. 180 Eta nola jarraitzen dion, etsi gabe, iraupenez. —Eta nola lortzen duen.

—Ikas ezazu.


503

Mariaren bakardadea. Bakarrik! —Negarrez, inoren babesik gabe.

—Zuk eta nik Andre Maria lagundu behar dugu, eta berarekin negar egin: gure hobenak josi baitzuten Jesus, iltzez, gurutzean.


504

Ama Birjina Santuak, Maitasun Ederraren Amak, lasaituko du zure bihotza, haragizkoa dela sentiarazten dizunean, Berarengana uste osoz bazoaz.


505

Andre Mariarenganako maitasuna espiritu onaren ezaugarri da, bai ekintzetan, bai pertsona bakoitzarengan.

—Ez zaitez fida ezaugarri hori ez daukan enpresaz.


506

Ama Birjina Nahigabetua. Begiratzen diozunean, ikus ezazu bere Bihotza: bi seme aurrez aurre dituen Ama da: Hura… eta zu.


507

Hori apaltasuna, nire Ama Santa Mariarena! —Ez duzue ikusiko Jerusalengo palmadarren artean, ezta —Kanako lehenengo hartan izan ezik— mirari handien orduan.

—Baina Golgotako ezespenetik ez du ihes egiten: hantxe dago, «juxta crucem Jesu» —Jesusen gurutzearen ondoan, bere Ama.


508

Mirets ezazu Santa Mariaren sendotasuna: Gurutzearen oinean, giza oinaze zorrotzenak jota —ez dago bere nekearen pareko nekerik—, adorez beterik.

—Eta eskaiozu sendotasun hori, zuk ere Gurutzearen ondoan egoten ikas dezazun.


509

Maria, ukamen isil eta ezkutuaren Irakasle!

—Ikus ezazue, ezkutuan ia beti, bere Semeari laguntzen: jakin badaki eta isilik dago.


510

Ikusten al duzue zein xaloki? —«Ecce ancilla!…» —Eta Hitza haragi egin zen.

—Horrela jokatu zuten santuek: ikuskizunik eskaini gabe. Izan bazen, berak nahi gabe izan zen.


511

«Ne timeas, Maria!» —Ez beldurtu, Maria!… —Aztoratu zen Andre Maria Goiaingeruaren aurrean.

—Ez ditzadan nik alde batera utzi nahi, gero, nire garbitasunaren babes diren eratasunaren xehetasun horiek!


512

O, Ama, Ama!: zure hitz honen bidez —«fiat»—, Jaungoikoaren senide eta haren aintzaren oinordeko egin gaituzu. —Bedeinkatua Zu!


513

Lehen, bakarrik, ezin zenuen… —Orain Andre Mariarengana jo duzu, eta, Berarekin, bai erraz!


514

Izan konfiantza. —Itzul zaitez. —Eskaiozu Andre Mariari eta zintzo izango zara.


515

Gero eta indar gutxiago duzula? —Zergatik ez diozu zure Amari esaten: «consolatrix afflictorum, auxilium christianorum…, Spes nostra, Regina apostolorum»?


516

Ama! —Ozenki dei iezaiozu. —Entzuten dizu, agian arriskuan ikusten zaitu eta, bere Semearen graziaren bidez, zure Ama Santa Mariak bere magalaren atsegina eta bere laztanen xamurtasuna eskaintzen dizu: eta indarberritua aurkituko zara borroka berri baterako.


[Inprimatu]
 
[Bidali]
 
[Palm]
 
[Gorde]
 
-ri itzuli puntua:
Aurrekoa Hurrengoa