Apaltasuna

Garaipenaren txaloak entzutean, zure porrotek sortu zituzten algarak ere entzun ditzatela zure belarriek.

Ez ezazu izan nahi eraikin handiaren urre koloreko haizorratz hura bezala: distira handia izanagatik eta goi-goian egon arren, ez du zer ikusirik eraikinaren sendotasunarekin.

—Zimenduetan lurperatua dagoen harlandu zaharra izango bazina, inork ikusi ezin zaitzakeen lekuan gordeta!: zuri esker ez da eroriko etxea.

Ene Jesus, zenbat eta gorago altxatzen nauten, areago behera nazazu nire bihotzean, zer izan naizen eta, zuk uzten banauzu, zer izango naizen jakinaraziz.

Ez ahaztu… zabortegia zarela. —Beraz, Jaungoiko Lorezainak, agian, aukeratzen bazaitu, eta garbitzen eta txukuntzen…, eta lore zoragarriez betetzen…, zure itsustasuna edertzen duten usain gozo eta koloreek ez zaituzte harrotu behar.

—Behera zaitez: ez al dakizu zakarrontzia zarela?

Zeure burua den bezala ikusten duzunean, bidezkoa irudituko zaizu arbuiatzen bazaituzte.

Ez zara apala zeure burua beheratzen duzunean: besteek zu beheratu eta Kristorengatik eramaten duzunean baizik.

Zeure burua ezagutuko bazenu, ezespenak poztuko zintuzke, eta gorespen eta laudorioak negarretan utziko lukete zure bihotza.

Ez zaitez nahigabetu zure hutsegiteak ikusten badituzte: Jaungoikoarekiko irainek eta besteei eman diezaiekezun jarraibide txarrek, horiek nahigabetu behar zaituzte.

—Gainerakoan, jakin dezatela nolakoa zaren eta arbuia zaitzatela. —Ez nahigabetu ezer ez izateagatik, horrela Jesusek dena jarri beharko baitu zugan.

Zure bihotzaren bultzadei eta zure adimenak esaten dizunari jarraituz jokatuko bazenu, ahoa lurrean, belauniko, egongo zinateke beti, har zikin, itsusi eta arbuiagarriaren gisan… hainbeste jasaten zaituen Jaungoiko horren aurrean.

Bai handia apaltasunaren balioa! —«Quia respexit humilitatem…» Sinesmenaren, karitatearen, orban gabeko garbitasunaren gainetik, gure Amak Zakariasen etxean pozez esandako goratzarreak honela dio:

«Nire apaltasuna ikusi zuelako, horregatik dohatsu deituko naute gizaldi guztiek».

Hauts zikin eta eroria zara. —Espiritu Santuaren arnasak lurreko gauza guztien gainetik jaso eta urrea bezala distirarazten dizun arren, goi hartan zure ahulaldiek Zuzentasun Eguzkiaren errainu zorragarriak islatzen dituztelako, ez ahaztu zure izaeraren pobretasunaz.

Harrokeri une batek lurrera bota, eta argi izateatik lohi izatera bihurtuko zintuzke.

Zuk…, harrokeria? —Zerena?

Harrokeria? —Zergatik?… Gutxi barru —urteak, egunak— haragi pila ustel kirastuna izango zara: harrak, usain gaiztoko jarioak, hil jantziaren piltzar zikinak… eta inor ez da zutaz oroituko munduan.

Zu, jakintsu, ospetsu, ele-eder, ahaltsu: apala ez bazara ez duzu ezer balio. —Moztu, ken ezazu gainezka daukazun «ni» hori —Jaungoikoak lagunduko dizu—, eta orduan Kristorengatik lan egin ahal izango duzu, bere apostolu armadaren azken postuan.

Sasi apaltasun hori nagikeria da: horrela, apal-apalik, eskubideak bertan behera uzten zoaz…, eginbeharrak direnak, ordea.

Apalki aitor ezazu zure ahultasuna, Apostoluarekin esan ahal dezazun: «cum enim infirmor, tunc potens sum» —ahul naizenean, orduan bainaiz indartsu.

Aita: nola jasan dezakezu zabor hau? —esan zenidan—, aitortza damutu baten ondoren.

—Isildu nintzen pentsatuz, zure apaltasunak zeure burua hori dela sentitzera eramaten bazaitu —zaborra: zabor pila bat!— zure ezerezkeria guztiaz gauza handiren bat egin dezakegula oraindik.

Begira zein apala den gure Jesus: astakume bat izan zen bere tronua Jerusalemen!…

Apaltasuna barne-bakea lortzeko beste bide on bat da. —«Berak» esana da: «Ikasi niregandik, otzan eta bihotz-apala bainaiz ni… eta bakea aurkituko duzue zuen arimentzat».

Ez da apaltasunik eza zure arimaren aurrerapena ezagutzea. —Horrela, Jaungoikoari eskertu diezaiokezu.

—Baina ez ahaztu, norbaitek utzitako soineko on bat daramazun… behartsu bat zarela.

Geure burua ezagutzeak zuzenean apaltasunera garamatza.

Zure apostolutza lanaren espiritua eta arauak babesten daukazun adorea ez du sasi apaltasunak ahuldu behar. —Adore hori ez da harrokeria: sendotasun bertute kardinala da.

Harrokeriaz. —Zu, bakarrik, edozertarako gauza zinelakoan zeunden. —Une batez utzi zintuen eta buruz behera joan zinen. —Apal izan zaitez eta ez zaizu Haren ezohiko laguntza faltako.

Utz itzazu alde batera burutapen harro horiek: pintzela artistaren eskuetan bezala zara. —Eta besterik ez.

—Esadazu zertarako balio duen pintzelak, artistari lanean uzten ez badio.

Zu, hain huts eta harro zaren hori, apal izan zaitezen, aski duzu Isaiasen hitz haiek gogoratzea: «lurrean erori eta ikusten ere ez den ur edo ihintz tanta» zara.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean