Josemaría Escrivá Obras
 
 
 
 
 
 
  Bidea > Esanekotasuna > Cap 28
614

Apostolutza lanetan ez dago esanekotasunik eza txikirik.


615

Eratu ezazu zure nahimena, sendotu ezazu zure nahimena: altzairuzko mutur izan dadila, Jaungoikoaren graziaz.

—Nahimen sendoa izanez bakarrik jakingo duzu obeditzeko nahimenik ez izaten.


616

Obeditzeko daukazun berankeria, geldotasun eta gogorik eza horregatik, nola ahultzen den apostolutza eta nola pozten den etsaia!


617

Esaneko izan zaitezte, artista baten eskuetan tresnak obeditzen duen moduan —ez dabil galdezka zergatik egiten duen hau edo hori—, gauza on eta Jaungoikoaren aintzarako ez denik ez dizuetela inoiz aginduko ziur izanik.


618

Etsaiak: Xehetasun «barregarri» horretan ere… esaneko izan behar al duzu? —Zuk, Jaungoikoaren graziaz: xehetasun «heroiko» horretan ere… esaneko izango naiz.


619

Ekimenak. —Izan itzazu, zure apostolutzan, emandako agintearen mugen barruan.

—Muga horietatik kanpo ateratzen badira edo zalantzarik baldin baduzu, buru egiten duenari galde iezaiozu, beste inori zure gogapenez hitzik esan gabe.

—Ez inoiz ahaztu egile baizik ez zarela.


620

Esanekotasunak bakerik ematen ez badizu, harroa zara.


621

Bai negargarria agintzen duenak jarraibide onik ez ematea!… —Baina, bere gaitasunei begira obeditzen al diozu, ala?… Edo San Pauloren «obedite praepositis vestris» —buru egiten dutenei obedi ezazue—, nagikeriaz, zuk honelako zerbait tartekatuta itzultzen al duzu…, buru egiten duenak atsegin zaizkidan bertuteak baldin baditu?


622

Zein ongi ulertu duzun esanekotasuna, honela idatzi baitidazu: «beti esaneko izatea, hil gabe martiri izatea da»!


623

Antzu eta zail iruditzen zaizun zerbait agintzen dizute. —Egin ezazu. —Eta erraz eta emankorra dela ikusiko duzu.


624

Hierarkia. —Zati bakoitza bere lekuan. —Zer geratuko litzaioke Velázquez-en koadro bati, kolore bakoitza bere aldetik joango balitz, oihalaren hari bakoitza askatuko balitz edota bastidorearen egur zati bakoitza besteetatik bereiziko balitz?


625

Zure esanekotasunak ez du izen hori merezi, zure lanik oparoena bertan behera uzteko prest ez bazaude, agintea duenak horrela erabakiz gero.


626

Ez al da egia, Jauna, asko pozten zizula gizonkote-haur haren «fintasunak»? Neketsu eta berez nazkagarri den zerbaitean obeditzeak sortzen duen nahasmena sentitzean, ixil-ixilik honela esaten zizun: Jesus, aurpegi ona jar dezadala!


627

Zure esanekotasuna mutua behar du izan. Mihi hori!


628

Orain, esaneko izatea kostatzen zaizun une honetan, zure Jaunaz oroit zaitez: «factus obediens usque ad mortem, mortem autem crucis» —heriotzaraino esaneko egina, gurutzean hiltzeraino!


629

Esanekotasunaren indarra! —Genesareteko lakuak Pedroren sareei arrainak ukatu zizkien. Gau osoa alferrik.

—Orain, esaneko, uretara bota du sarea berriro eta «piscium multitudinem copiosam» —izugarrizko arrain pila— arrantzatu dute.

—Sinets iezadazu: egunero berritzen da miraria.


[Inprimatu]
 
[Bidali]
 
[Palm]
 
[Gorde]
 
-ri itzuli puntua:
Aurrekoa Hurrengoa