Azkenak

«Oraintxe da zuen ordua, ilunbearen nagusialdia». Beraz, bekatariak ba al du bere ordurik? —Bai…, eta Jaungoikoak bere betikotasuna!

Apostolu bazara, bidea erraztuko dizun adiskide on bat izango da zuretzat heriotza.

Ikusi al dituzu noizbait udazkeneko arratsalde ilun batean hosto iharrak erortzen? Horrela erortzen dira egunero arimak betikotasunean: egunen batean, hosto eroria zu izango zara.

Ez al duzu entzun nolako doinu tristea darabilten munduzaleek «igarotzen den egun bakoitza hiltzen joatea dela» kexatuz diotenean?

Nik, berriz, hauxe esaten dizut: poztu zaitez, apostolu arima, igarotzen den egun bakoitzak Bizitzara hurreratzen baitzaitu.

Heriotzak geldiarazi eta ikaratu egiten ditu «besteak». —Heriotzak —Bizitzak— gu adoretu eta bultza egiten gaitu.

Haientzat azkena da: guretzat, hasiera.

Ez izan heriotzaren beldurrik. —Onar ezazu eskuzabalki, oraintxetik…, Jaungoikoak nahi duenean…, Jaungoikoak nahi duen bezala…, Jaunkoikoak nahi duen lekuan. —Ez zalantzarik izan: garai, leku eta modu egokienean etorriko zaizu…, zure Aita Jaungoikoak bidalita. —Ongi etorria izan dadila gure arreba heriotza!

Munduko zein zati hautsiko da ni ez banago, hiltzen banaiz?

Ikusten al duzu nola desegiten den maite zenuen pertsonaren gorpua, umore kiratsak darizkiola? —Hori da, ba, gorputz eder bat! —Begira iezaiozu eta atera ondorioak.

Ez dut ulertzen nola ez zaituzten hunkitzen Valdés Lealen koadro haiek, hainbeste haragi ustel ospetsuz beterik —apezpiku, kalatravo—, usteltasun bizian.

Eta, Gandiako dukearen oihu hura: hil zaidakeen jaunarik ez dut aurrerantzean zerbitzatuko?

«Heroi» gisan hiltzeaz hitz egiten ari zatzait. —Ez al duzu uste «heroikoagoa» dela, inor ohartu gabe, ohe eder batean, burges baten antzera…, baina Maitasunez hiltzea?

Zu —apostolu bazara— ez zara hilko. —Etxez aldatuko zara, besterik ez.

«Biziak eta hilak epaitzera etorriko da», esaten dugu Kredoan. —Ez dezazula inoiz ahatz epaiketa hori, zuzentasun hori, ezta ere… Epaile hori.

Ez al duzu sentitzen bihotzean zure Aita Jaungoikoari poz emateko gogo bizirik epaitu behar zaituenean?

Arima munduzaleen artean badago Jaunaren Errukia gogoratzeko joera bizia. —Eta horrela, beren bidegabekeriekin aurrera jarraitzeko adore hartzen dute.

Egia da Jaungoiko Gure Jauna guztiz errukiorra dela, baina baita ere guztiz zuzena: eta badago epaiketa bat, eta Bera da Epailea.

Adoretu zaitez. —Ez al dakizu San Paulok korintoarrei esaten ziena: «bakoitzak, egindako lanaren neurrian hartuko du saria»?

Badago infernurik. —Gauza jakina iruditzen zaizu zuri baieztapen hau. —Berriro esango dizut: badago infernurik!

Oihartzun egidazu, egokiro, lagun haren… eta beste haren belarrira.

Entzun iezadazu, zientzian buru-belarri sartuta zauden horrek: zure zientziak ezin uka ditzake deabruaren egintzak. Nire Amak, Eliza Santuak —urte askotan zehar: eta jaiera pribatu laudagarria da ere—, Apaizei, egunero, aldare oinean San Migeli otoitz eginarazi die «contra nequitiam et insidias diaboli» —etsaiaren gaiztakeria eta azpikerien aurka.

Zerua: «ez du begik ikusi ez belarrik entzun, ez gizakiaren bihotzak sumatu, Bera maite dutenentzat Jainkoak gerturik daukana».

Ez al zaituzte borrokatzera bultzatzen Apostoluaren agerpen horiek?

Beti. —Betirako! —Gizakiei atsegin zaien gauzak luzatzearren —betikotzearren— gehiegi erabilitako hitzak

Hitz gezurtiak gauza guztiak amaitzen diren lur honetan.

Hemengo hau, etengabeko amaitze bat da: hasi baino lehen amaitzen da atse-

gina.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean