Josemaría Escrivá Obras
 
 
 
 
 
 
  Bidea > Gauza txikiak > Cap 39
813

Maitasunez egin ezazue dena. —Horrela ez dago gauza txikirik: dena da handi. —Gauza txikietan Maitasunez irautea heroismoa da.


814

Maitasunez burututako egintza txiki batek, zenbat balio duen!


815

Benetan santu izan nahi al duzu? —Bete ezazu une bakoitzeko eginkizun txikia: egizu egitekoa eta horretaz ardura zaitez.


816

Bide okerretik zoaz gauza txikiak gutxiesten badituzu.


817

Santutasun «handia», une bakoitzeko «eginbehar txikiak» betetzean dago.


818

Arima handiak benetan kontuan hartzen dituzte gauza txikiak.


819

«In pauca fidelis» —gutxian zintzo— izan zinelako, sar zaitez zure Jaunaren zorionean. —Kristoren hitzak dira. —«In pauca fidelis!…» —Gutxietsiko al dituzu orain gauza txikiak, gordetzen dituztenei zerua agintzen bazaie?


820

Ez ezazu gaitzetsi hasierako txikitasunagatik: behin jakinarazi zidaten urteroko belarren haziak eta ehun urtetik gorako zuhaitzenak ez direla tamainan bereizten.


821

Ez ahaztu munduan handi den guztia txiki izanez hasia dela. —Handi sortzen dena, itxuragabea da eta hil egiten da.


822

Gauza handiren bat egiteko aukera datorrenean… orduan!, esaten didazu. —Orduan? Eguneroko prestaerarik gabe, entrenamendurik gabe, naturaz gaindiko Olinpiadan garaitu dezakezula sinestarazi nahi al didazu eta zuk ere benetan sinetsi nahi?


823

Ikusi al duzu nola altxatu zuten eraikin ikaragarri hura? —Adreilu bat, eta beste bat. Milaka. Baina banan-banan. —Eta zementu zakuak, banan-banan. Eta eraikin osoaren ondoan huskeria diruditen harlanduak. —Eta burdin puskak. —Eta egunero-egunero ordu berdinak lan egiten dituzten langileak…

Ikusi al zenuen nola altxatu zuten eraikin ikaragarri hura? —Gauza txikien bidez!


824

Ez al duzu ikusi nolako «huskerietan» dagoen giza maitasuna? —Ba, Jainko Maitasuna ere «huskerietan» dago.


825

Jarrai iezaiozu oraingo eginbeharrakzehazki betetzeari. —Lan hori —apala, monotonoa, txikia— egitez osatutako otoitza da. Eta amesten duzun beste lan horretarako —handia, zabala, sakona— grazia hartzera prestatzen zaituena.


826

Gizaki errukarriok eskuartean ditugun gauza guztiak —baita santutasuna ere— huskeriez ehundutako oihal bat da; gure asmo zuzentasunaren arabera, heroismo edo doilorkeriaz, bertute edo pekatuz osa dezaketen tapiz bat.

Gesta kantak abentura harrigarriak kontatzen dituzte beti, baina heroiaren etxeko gertakizun txikiekin nahasturik. —Beti aintzakotzat hartuko ahal dituzu —bide zuzena!— gauza txikiak!


827

Iñoiz pentsatu al duzu «gutxi askok» osa dezaketen neurrigabeko kopurua?


828

Esperientzia gogorra izan da: ez ahaztu ikasbidea. —Zure oraingo koldarkeria handiak —argi dago— zure eguneroko koldarkeria txikien besotik doaz.

«Ezin izan duzu» gauza handietan garaile irten, txikietan garaitu «nahi izan ez zenuelako».


829

Ez al duzu ikusi Jesusen begietako distira, alargun behartsuak bere limosnatxoa tenpluan uzten duenean? —Emaiozu zuk ahal duzuna: merezimendua ez dago gutxian ezta ugarian, emateko borondatean baizik.


830

Ez zakizkit… ergela izan: egia da torloju txiki baten lana egiten duzula 293 —gehienez— Kristoren enpresa handi horretan.

Baina, ba al dakizu torloju horrek ongi estutzen ez badu edo bere lekutik irtetzen bada, zer ondorio dakarren?: beste zati handiagoak lasaituko dira, edo gurpilak, koskatuta, eroriko.

Lana oztopatu egingo da. —Agian, makina guztia hondatuko.

Zein gauza handia den torloju txiki bat izatea!


[Inprimatu]
 
[Bidali]
 
[Palm]
 
[Gorde]
 
-ri itzuli puntua:
Aurrekoa Hurrengoa