Josemaría Escrivá Obras
 
 
 
 
 
 
  Bidea > Taktika > Cap 40
831

Zuretarren artean —apostolu arima—, aintziran eroritako harria bezalakoa zara. —Zure eredu eta zure hitzaren bidez, zirkulu bat sor ezazu… eta horrek, beste bat… eta bestea, eta bestea… Gero eta zabalagoak.

Ulertzen al duzu orain, zure eginkizunaren handitasuna?


832

Nolako grina dagoen munduan bakoitza bere lekutik irtetzeko! —Zer gertatuko litzateke, giza gorputzeko hezur edo gihar bakoitzak ez dagokion lekua hartu nahi balu?

Ez da bestelakoa munduko ondoezaren arrazoia. —Iraun ezazu zure lekuan, seme: zenbat egin dezakezun hortik Gure Jaunaren egiazko erregetzaren alde!


833

Buruzagiak!… Sendotu ezazu zure nahimena, Jaungoikoak buruzagi egin zaitzan. Ez al duzu ikusten nola jokatzen duten elkarte sekretu madarikatuek? Inoiz ez dute jendetza bereganatu. —Beren kobazuloetan giza deabru batzuk prestatzen dituzte, asko mugituz jendetza nahastu eta zorabiatzen dutenak, beren atzetik joanaraziz neurrigabekeria guztien amildegira… eta infernura. —Hazi madarikatu bat daramate horiek.

Zuk nahi izanez gero…, Jaungoikoaren Hitza eramango duzu, mila eta mila aldiz bedeinkatua eta huts egin ezin duena. Eskuzabal bazara… eta erantzuten baduzu, zure santutasunaren bidez besteena ere lortuko duzu: Kristoren erregetza: «omnes cum Petro ad Jesum per Mariam».


834

Ba ote dago urre kolorezko garia, usteldu dadin, besagainka lurrera botatzea baino erokeria handiagorik? —Erokeria eskuzabal hori gabe ez legoke uztarik.

Seme: nola gabiltza eskuzabaltasunez?


835

Izar baten distira izan…, goratu eta zeruan piztutako argia izan nahi?

Hobe, zuzi batek bezala erre, ezkutuan, ukitzen duzun guztiari su emanez. —Hori da zure apostolutza: horretarako zaude lurrean.


836

Etsaiaren bozgorailu izatea egundoko ergelkeria da; eta etsaia Jaungoikoaren etsaia bada, bekatu handia. —Horregatik, lanaren alorrean, inoiz ez dut Eliza erasotzeko erabiltzen duenaren zientziarik goraipatuko.


837

Arrapaladan!… Egin, egin!… Ezinegona, mugitze zoroa… Eraikin harrigarriak…

Espiritualki: ohol meheak, perkalinak, kartoi pintarratuak…, arrapaladan!, egin! —Eta jendetza lasterka bizian: joan eta etorri.

Orainari begira lan egiten dute eta: beti «orainean» daude. —Zuk… betikotasun begiz ikusi behar dituzu gauzak, amaiera eta iragana «orainean» izanik.

Sosegu. —Bake. —Bizitza sendoa zure baitan. Arrapaladan ibili gabe, lekuz aldatzeko gogoz zoratuta ibili gabe, bizitzan dagokizun lekutik, elektrizitate makina espiritual indartsuaren antzera…, zenbati emango diezu argi eta indar…, zuk zure kemena eta argia galdu gabe.


838

Ez izan etsairik. —Adiskideak bakarrik izan itzazu: eskubiko… adiskideak —on egin edo on egin nahi izan bazizuten— eta… ezkerrekoak —kalte egin badizute edo kalte egiten saiatu baziren—.


839

Ez ezazu «zure» apostolutzako egintzarik konta, lagun hurkoaren onerako ez bada.


840

Zuen izaera oharkabean igaro dadila, Jesusena hogeita hamar urtetan igaro zen bezala.


841

Arimateako Josek eta Nikodemok ezkutuan bisitatzen dute Jesus garai arruntean eta baita garaipen orduan ere.

Baina bihoztunak dira Kristorenganako maitasuna agintarien aurrean ausarki —«audacter»— aitortzean, koldarkeri orduan. —Ikas ezazu.


842

Ez ardurarik izan zuen egiteengatik «ezagutzen bazaituzte». —Kristoren urrin ona da. —Gainera, beti Beragatik bakarrik lan eginez, poztu zaitezte Eskrituraren hitz haiek betetzen direlako: «Zuen egintza onak ikusi eta zeruko zuen Aita gorets dezatela».


843

«Non manifeste, sed quasi in occulto» —ez agerian, ezkutuan baizik: horrela doa Jesus Etxola Jaietara.

Horrela joango da Emaus aldera, Kleofas eta haren lagunarekin. —Horrela ikusten du, berpiztuta, Magdalako Mariak.

Eta horrela —«non tamen cognoverunt discipuli quia Jesus est» —ikasleak ez ziren konturatu Jesus zela—, horrela joan zen San Joanek kontatzen digun mirarizko arrantzara.

Are eta ezkutuago dago Ostian, gizakienganako Maitasunez.


844

Eraikin ederrak altxatu?… Jauregi bikainak eraiki?… Altxa ditzatela… Eraiki ditzatela…

Arimak! —Arimak bizkortu…, eraikin… eta jauregi horietarako!

Zein etxe ederrak prestatzen dizkiguten!


845

Nola barre eginarazi didazun eta nola pentsarazi, aspaldiko egi hau esatean!: nik… muturretik sartzen ditut beti iltzeak.


846

Ados nago zurekin: lan hobea egiten duzu senide arteko solasaldi horren bitartez edo bakarkako hizketaldi haren bidez, leku agiri batean, milaka eta milaka pertsonen aurrean —ikuskizun, ikuskizun!— hitzaldiak egiten baino.

Halere, hitzaldia egin behar denean, egin ezazu.


847

Zuetako bakoitzaren ahaleginak, bakarka, ez du eraginik. —Kristoren karitateak batzen bazaituzte ordea, zuen eraginak harrituta utziko zaituzte.


848

Martiri izan nahi duzu. —Nik jarriko dizut martirio eskurakoi bat: apostolu izan eta zeure buruari apostolu ez deitu, misiolari izan —misiodun— eta zeure buruari misiolari ez deitu, Jainko gizon izan eta mundukoa iruditu: ezkutuan bizi!


849

Gizon! Barregarri utz ezazu. —Esaiozu ez dagoela modan: gezurra dirudi oraindik ere dilijentzian bidaiatzea sistema ona dela sinetsi nahian dabilenik izatea… —Hori, peluka hautseztatuen garaiko Voltaire-ren ideiak edo XIX. mendeko liberalismo zaharkituarenak berritu nahi dituztenentzat.


850

Horiek hizketaldiak! Zer zatarkeria eta zer… nazka! —Eta beraiekin bizi behar duzu, bulegoan, unibertsitatean, kirofanoan…, munduan.

Mesedez isiltzeko eskatzen badiezu, burla egiten dizute. —Kopeta iluntzen baduzu, are eta gehiago ekiten diote. —Joaten bazara, jarraitu egiten dute.

Irtenbidea hau da: lehenengoz, Jaungoikoari beraien alde otoitz egin eta ordaindu; gero…, aurpegia eman gizontsuki eta «mihi-gaiztoaren apostolutza» erabili. —Ikusten zaitudanean zerrendatxo bat esango dizut belarrira.


851

Bidera ditzagun gaztediaren «zorioneko zentzugabekeriak».


[Inprimatu]
 
[Bidali]
 
[Palm]
 
[Gorde]
 
-ri itzuli puntua:
Aurrekoa Hurrengoa