Gogozko haurtzaroa

Saia zaitez «gogozko haurtzaro bidea» ezagutzen, bide horri jarraitzera zeure burua «behartu gabe». —Utzi lanean Espiritu Santuari.

Haurtzaro bidea. —Utziera. —Gogo haurtzaroa. —Hori guztia ez da txotxolokeria, kristau bizitza sendo eta kementsua baizik.

Gogozko haurtzaro bidean «haurrek» esaten edo egiten dituzten gauzak ez dira inoiz umekeriak edo txepelkeriak.

Gogo haurtzaroa ez da gogozko inozo

keria ezta «belaxkakeria»: bide zuhur eta sendoa da, bere erraztasun nekezagatik, arimak, Jaungoikoaren eskutik, hasi eta jarraitu behar diona.

Gogo haurtzaroak, nahimenarena baino nekezagoa den adimenaren menpetasuna eskatzen du. —Adimena menperatzeko, Jaungoikoaren graziaz gain, nahimenak etengabe uko egiten jardun behar du, haragiari behin eta berriz eta beti uko egiten dion bezala. Horren ondorioz sortzen da ondoko paradoxa hau: «Haurtzaro bidexkari» jarraitzen dionak, haur bihurtzeko, bere nahimena sendotu eta gizondu egin behar du.

Txiki izan: ausartasun handiak haurrenak izan ohi dira beti. —Nork eskatzen du… ilargia? —Nor da arriskurik ikusten ez duena, bere nahia lortzearren?

«Jar ezazue» horrelako haur batengan Jaungoikoaren grazia ugaria, haren (Jaungoikoaren) Nahia betetzeko gogoa, Jesusenganako maitasun bizia, bere neurrian lor dezakeen giza zientzia guztia… eta hor daukazue gaurko apostoluen nortasunaren irudia, Jaungoikoak nahi dituen bezala, zalantzarik gabe.

Haur izan zaitez. —Gehiago oraindik. —Baina ez zaitez gera «adin gaixtoan»: Ikusi al duzu mutiko bat «gizonarena egiten», edo gizon «umeantz» bat baino gauza ergelagorik?

Haur, Jaungoikoarekiko: eta, horregatik, gainontzekoan, gizontsu. —A!: eta utz itzazu alde batera altzo txakurraren maina horiek.

Batzuetan haurkeria txikiak egiteko joera sentitzen dugu. —Jaungoikoaren aurrean egintza txiki zoragarriak dira eta, ohikeriaz egiten ez ditugun bitartean, benetan emankorrak izango dira egintza horiek, Maitasuna beti emankorra den bezala.

Betikoa den Jaungoikoaren aurrean, zure aurrean bi urteko mutikoa baino txikiagoa zara zu.

Eta, haur izanez gain, Jaungoikoaren seme zara. —Ez ahaztu.

Haur: zure gizon heldu bizitzako neurrigabekeriak ordaindu nahian piztu zaitez.

Haur tuntun hori: Zuzendariari zure arimaren zer edo zer ezkutatzen diozunean, ume izateari utzi diozu, xalotasuna galduko baituzu.

Benetan haur zaitezenean, ahalguztidun izango zara.

Haur izanez ez duzue nahigaberik izango: haurrak berehala ahazten dituzte beren nahigabeak eta eguneroko jolasetara itzultzen dira. —Horregatik, utzieraren bidez, ez duzue arduratu beharrik, Aitarengan atseden hartuko baituzue.

Haur: eskain iezazkiozu egunero… baita zure ahulaldiak ere!

Haur on: eskainiozu Bera ezagutzen ez duten langile haien lana; eskainiozu eskola gaiztoetara doazen haur gaixoen berezko alaitasuna…

Haurrek ezer ez dute berena denik, dena gurasoena da…, eta zure Aitak badaki beti nola zaindu ondarea.

Txiki izan zaitez, oso txiki. —Ez izan bi urte baino gehiago, hiru gehienez. —Haur kozkortuak beren gurasoak itxuragabeko gezurrez engainatu nahi dituzten bihurri batzuk baitira.

Gaiztakeria baitute, bekatuaren «fomes» deritzana, baina bekatu egitearen jakituria emango dien gaiztakeriaren esperientzia falta zaie, egi itxuraz beren gezurrak estaltzeko.

Xalotasuna galdu egin dute, eta xalotasuna behar-beharrezkoa da Jaungoikoaren aurrean haur izateko.

Baina, haurra!, zergatik trikimako gainean ibiltzeko seta hori?

Ez ezazu handi izan nahi. —Haur, beti haur, nahiz eta zahartasunez hil. —Mutiko bat estropezu eginda erortzen denean, inor ez da harritzen…: bere aitak berehala altxatzen du.

Estropezu egin eta erortzen dena heldua bada, hasteko barregura ematen du. —Batzuetan, lehenengo sentipen honen ondoren, barregurak errukiari uzten dio leku. —Baina adinekoak, bakarrik altxa behar dira.

Zure eguneroko esperientzia gaixoa estropezu eta erorialdiez beterik dago. Zer gertatuko litzaizuke gero eta haurrago ez bazina?

Ez ezazu handi izan nahi. —Haur, eta erortzen zarenean, zure Aita Jaungoikoaren eskuak altxa zaitzala.

Haur: utzierak malgutasuna eskatzen du.

Ez ahaztu Jaunak haurrak eta haurren antzeko egiten direnak dituela maiteen.

Arima txiki baten paradoxak. —Jesusek, munduak ontzat hartzen dituen gertaerak bidaltzen dizkizunean, negar egin ezazu zeure bihotzean, haren bihotz ona eta zure gaiztakeria gogoratuz: Jesusek, jendeak txartzat hartzen dituen gertaerak bidaltzen dizkizunean, poztu dadila zure bihotza, Berak komeni zaizuna ematen baitizu beti, eta orduan Gurutzea maitatzeko garai egokia da.

Oihu egizu, haur ausarta: Hori maita

suna Teresarena! —Hori apostolu grina Xabierrena! —Bai gizon miresgarria San Paulo! —A, Jesus!, ba nik… Paulok, Xabierrek eta Teresak baino gehiago maite zaitut!

Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean