Josemaría Escrivá Obras
 
 
 
 
 
 
  Bidea > Haurtzaro bizitza > Cap 42
875

Ez ahaztu, haur tuntun hori, Maitasunak ahalguztiduna egin zaituela.


876

Haur: ez galdu Sagrarioak «erasotzeko» daukazun ohitura maitetsu hori.


877

«Haur on» deitzen zaitudanean, ez pentsa uzkur eta gutxitua ikusten zaitudanik. —Gizontsu eta… normala ez bazara, apostolu izan beharrean, barregura sorrarazten duen karikatura izango zara.


878

Haur on: esaiozu Jesusi egunean askotan: maite zaitut, maite zaitut, maite zaitut…


879

Zure ahulaldiek larritzen zaituztenean, ez zaitez atsekabetu. —Zure gaitzetan harrotu zaitez, San Paulo bezala, haurrei zilegi baitzaie, barregarri geratzeko bildurrik gabe, handiak imitatzea.


880

Zure hutsegite eta akatsek, ezta zure erorialdi larriek ere, ez zaitzatela Jaungoikoarengandik urrundu. —Haur ahula, zentzudun bada, bere aitaren ondoan egoten saiatzen da.


881

Ez zaitez larritu, Berak eskatzen dizkizun gauza txiki horiek egitean haserretzen bazara. —Irribarre egitera iritsiko zara…

Ez al duzu ikusten zein gogo txarrez ematen dion haur xaloak, zirikatzen ari zaion aitari, eskuetan zuen gozokia?… Baina azkenean ematen dio: maitasunak garaitu du.


882

Gauzak ondo, oso ondo egin nahidituzunean, okerrago egiten dituzu.—Behera zaitez Jesusen aurrean, esanaz: ikusten al duzu dena gaizki egiten dudala? —Ba, ez badidazu asko laguntzen, are eta okerrago egingo dut!

Erruki zaitez zure haurraz: begira, egunero orrialde handi bat idatzi nahi dut nire bizitzako liburuan… Baina, hain baldarra naiz! Maisuak ez badit eskua eramaten, marra lirainen ordez, inori erakutsi ezin zaizkion astamakil bihurri eta zirriborroak irtetzen dira nire lumatik.

Hemendik aurrera, Jesus, bion artean idatziko dugu beti.


883

Baldarra naizela aitortzen dut, ene Maitasun. Hain baldarra naiz…, non laztandu nahi dudanean ere, min ematen baitut. —Nire arimaren jokaera leun ezazu: emadazu, ematea nahi dut, haurtzaro bizitzaren gizontasun sendoaren barruan, haurrek beren gurasoak maitekiro tratatzeko izan ohi duten leuntasun eta arreta.


884

Akatsez beterik zaude. —Gero eta argiago ikusten dituzu. —Baina, ez zaitzatela izutu. —Badaki Berak ezin duzula fruitu gehiagorik eman.

Zure nahigabeko erorialdiek —haur erorialdiek— arreta handiago jartzera behartzen dute zure Aita Jaungoikoa, eta zure Ama Maria zu beti bere esku maitagarriari lotuta eramatera: onura atera ezazu, eta, Jaunak egunero lurretik altxatzen zaituenean, besarka ezazu zure indar guztiz eta jar ezazu zure buru dohakabea Haren bular irekiaren gainean, bere Bihotz maitagarriaren taupadek zu zeharo zoratu arte.


885

Ziztada bat. —Eta beste bat. Eta beste bat. —Jasan itzazu, gizon! Ez al duzu ikusten, hain txikia izanik, gurutze txiki horiek baizik ezin dituzula eskaini zure bizitzan —zure bidetxoan?

Gainera, begira ezazu: gurutze bat bestearen gainean —ziztada bat…, eta beste bat…, bai pila handia!

Azkenean, haurra, gauza handi bat egiten ikasi duzu: Maitatzen.


886

Haur arima batek barkatua izateko gogoa Jaunari azaltzen dionean, ziuregon daiteke laster beteta ikusiko duela gogohori: Jesusek bere iraganeko hobenengatik herrestan daraman isats zikina kenduko dio arimatik; lurrera josten dion zama erauziko dio,zikinkeria guztien hondarra; haurrarengandikurrun botako du haren bihotzeko zama lurkoia,Jaungoikoaren Maiestateaganaino igo dadin,Hura den Maitasun sugar biziarekin bat egitera.


887

Zure borondaterik ezak, erorialdiek, eta atzerapenek —agian itxurakoak baizik ez— sortzen dizuten etsipenak, balio handiko zerbait (zure santutasuna) hautsi duzula pentsarazten dizu askotan.

Ez zaitez larritu: eraman ezazu grazi bizitzara haur xaloek horrelako gatazkak konpontzeko erabili ohi duten jokaera zentzuduna.

Beren aitak asko estimatzen duen gauzaren bat hautsi dute —ahultasunez ia beti—. Sentitzen dute, agian negar egin ere bai, baina baldartasunez hondatutako gauzaren jabearengana doaz beren bihozmina arintzera…, eta aitak, hautsitako gauzaren balioa —handia izanda ere— ahaztu egiten du, eta, xamurkiro, barkatu ez ezik, haurtxoa lasaitzen du eta adore ematen dio. —Ikas ezazu.


888

Zuen otoitza gizontsua izan dadila. —Haur izatea ez da emagizon izatea.


889

Jesus maite duenarentzat, otoitza, baita lehor egonik egindakoa ere, nahigabeei amaiera ematen dien gozotasuna da beti: edabe mingotsa edan eta gero haurra azukre bila doan irrikaz bilatzen da otoitza.


890

Barreiatu egiten zara otoitzean. —Barreiadurak baztertzen saia zaitez, baina ez ardurarik izan, hala eta guztiz ere barreiaturik jarraitzen baduzu.

Ez al duzu ikusten, bizitza normalean, baita haur zentzudunenak ere inguruko gauzekin sarritan denbora pasatu eta jolasten ibiltzen direla beren aitaren arrazoiketei kasurik egin gabe?

—Horrek ez du maitasun eta begirunerik eza adierazi nahi: umeari dagokion ahultasuna eta huskeria baizik.

Begira, bada: Jaungoikoaren aurrean zu ume bat zara.


891

Otoitz egiten ari zarenean trafikozainaren modura ezgaraiko ideiak ibilaraz itzazu: horretarako duzu zure haur bizitzari dagokion borondate indartsua. —Batzuetan, geldiaraz ezazu gogapen hura, oroipen desegoki haren protagonisten alde otoitz egiteko.

Tira!, aurrera… Horrela, ordua jo arte. —Zure mota honetako otoitza alferrikakoa dela iruditzen zaizunean, poztu zaitez eta sinets ezazu Jesusi atsegin eman diozula.


892

Bai gauza ona haur izatea! —Gizakiren batek mesede bat eskatzen duenean, haren eskaerak merezimenduen zerrenda batez lagunduta joan behar du.

Eskatzen duena haurra bada —haurrek merezimendurik ez dutenez— aski du esatea: ni Urliaren semea naiz.

A, Jauna! —esaiozu bihotz-bihotzez!—, ni… Jaungoikoaren seme naiz!


893

Iraun. —Atea jotzen duen haurrak, behin, bitan eta askotan jotzen du…, sendo eta luzaro, lotsabageki! Eta, atea irekitzera haserre irtetzen dena, haurtxo ausartaren xalotasunak txundituta uzten du… —Horrelaxe zu ere Jaungoikoarekin.


894

Ikusi al duzu haurren esker ona? —Haiek bezala egin ezazu, onean eta txarrean Jesusi esanaz: «Zein ona zaren! Zein ona!…».

Esaldi hau, bihotzez esanda, bakera eramango zaituen haurtzaro bidea da, algara eta negar neurtuez eta Maitasun neurrigabeaz.


895

Lanak akitzen du zure gorputza etaezin duzu otoitz egin. Beti zure Aitaren aurrean zaude. —Hitz egiten ez badiozu, begira iezaiozu noizbehinka haurtxo txiki batek bezala… Eta Berak irribarre egingo dizu.


896

Jaunartze osteko esker ematean ezpainetara datorkizun lehenengo gauza, ezinbestez, eskaria dela…: Jesus emadazu hau: Jesus, arima hura, lan hura?

Ez ardurarik izan eta ez ezazu zeure burua behartu: ez al duzu ikusten, aita ona izanik eta haurra xalo eta ausarta, haurtxoak nola sartzen dituen eskuak aitaren poltsikoan, gozoki bila, ongi etorri musua eman baino lehen? —Beraz…


897

Gure nahimena, graziarekin, ahalguztiduna da Jaungoikoaren aurrean. —Horrela ba, Jaunari egiten zaizkion horrenbeste irain ikusita, Jesusi gogo eraginkorrez esaten badiogu, tranbian goazela adibidez: «Ene Jaungoiko, kotxe honen gurpil bakoitzak ematen dituen bueltak adina maitasun eta ordain egintza egin nahi nituzke», une hartan bertan nahi genuen adina maitatu eta ordaindu dugu Jesus.

«Txepelkeria» hau gogo haurtzaro barruan kokatzen da ere: haur xaloaren eta bere umeaz zoratuta dagoen aitaren arteko betiko elkarrizketa da.

—Zenbat maite nauzu? Esazu! —Eta haurtxoak, silabak banakatuz: Mi-lioi as-ko!


898

«Haurtzaro bizitza» baldin baduzu, haur zarenez gero, gozozale izan behar duzu gogo bizitzan. —Oroit zaitez, zure adinekoak bezala, zure Amak gordeta dituen gauza gozoez.

Eta hori egunean sarritan. —Segundu batzuetako kontua besterik ez da… Maria… Jesus… Sagrarioa… Jaunartzea… Maitasuna… nekea… purgatorioko arima bedeinkatuak… borrokatzen ari direnak: Aita Santua, apaizak… fededunak… zure arima… zuretarren arimak… Aingeru Zaindariak… bekatariak…


899

Zenbat kosta zaizun hildura txiki hori!—Borrokan ari zara. —Badirudi honela esaten dizutela: zergatik jarraitu behar diozuhain zintzo zure biziera planari, erlojuari?

—Begira: ikusi al duzu zein erraz engainatzen dituzten haurtxoak? —Ez dute sendagai samina hartu nahi, baina… tira! —esaten diete—, koilarakadatxo hau aitatxorengatik; beste hau amonarengatik… Eta horrela, dosi osoa hartu arte.

Zuk ere berdin: beste ordu laurden bat zilizio purgatorioko arimengatik; bost minutu gehiago zure gurasoengatik; beste bost apostolutzako anaiengatik… zure ordutegiak agintzen dizun denbora bete arte.

Horrela eginda, zenbat balio duen zure hildurak!


900

Ez zaude bakarrik. —Pozik eraman ezazu nahigabea. —Zure eskuan ez duzu zure Amaren eskua sentitzen, haur gaixo: egia da. —Baina… ikusi al dituzu lurreko amak, beren haurrak lehenengo pausoak, dardarka, inoren laguntzarik gabe ematen hasten direnean, nola doazen atzetik, beso zabalik? —Ez zaude bakarrik: Maria zure ondoan dago.


901

Jesus: Maitasunez hilko banintz ere, inoiz ez nizuke ordainduko ni txiki egitearren ixuri duzun grazia.


[Inprimatu]
 
[Bidali]
 
[Palm]
 
[Gorde]
 
-ri itzuli puntua:
Aurrekoa Hurrengoa