Josemaría Escrivá Obras
 
 
 
 
 
 
  Bidea > Apostolutza > Cap 45
960

Ozeanoko burrunba olatu bakoitzaren hotsez osatua dagoen bezala, zuen apostolutzaren santutasuna ere zuetariko bakoitzaren bertuteez osatua dago.


961

«Jainko gizon» izan behar duzu, barne-bizitzako gizon, otoitz eta buru ukameneko gizon. —Zure «barneranzko» bizitza ugariaren gainez egitea izan behar da zure apostolutza.


962

Batasuna. —Batasuna eta menpetasuna. Zertarako nahi ditut nik erlojuaren zati banatuak, zoragarriak izan arren, ordurik jotzen ez badidate?


963

Ez iezadazue «kaperatxorik» egin zuen lanean. —Apostolutzak txikiagotzea litzateke: zeren eta, «kaperatxoa», —azkenean!—, enpresa unibertsal baten gobernura iritsiko balitz… enpresa unibertsal hori kaperatxo bihurtuko litzateke laster!


964

Nahigabeturik, esaten zenidan: bide asko daude! —Horrela izan behar du: aniztasun miragarri horretan arima bakoitzak berea aurki dezan.

Nahastea? —Aukera ezazu behin betiko: eta nahastea ziurtasun bihurtuko da.


965

Poztu zaitez, beste batzuk apostolutza onetan lan egiten dutela ikusten baduzu. —Eta eska ezazu haientzat Jaungoikoaren grazia ugaria eta graziarekiko erantzuna.

Gero zu, zure bidera: ziur egon zaitez ez duzula besterik.


966

Espiritu okerra da zurea besteek, zurelana aintzakotzat hartu gabe, Kristorengatik lan egiten dutelako mintzen bazara. —Oroit zaitez San Markosen pasarte honetaz: «Maisu: gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta galarazi egin diogu, ez baita gure taldekoa. Ez dago galarazi beharrik, erantzun zien Jesusek, ez baitago inor, nire izenean mirariak egin eta nitaz gaizkiesaka ibiliko denik. Hau da, zuen kontra ez dagoena, zuen alde dago».


967

Alferrik ahalegintzen zara hainbeste kanpoko lanetan Maitasuna falta bazaizu. —Hari gabeko orratzez jostea bezala da.

Tamala, azkenean «zure» apostolutza eta ez «bere» Apostolutza egingo bazenu!


968

Pozik bedeinkatzen zaitut, seme, zure apostolu eginkizunean daukazun eta honela idaztera bultza zintuen fedeagatik: «Ez dago zalantzarik: etorkizuna, agian gu arren, ziur dago. Baina beharrezkoa dugu Buruarekin bat egitea —“ut omnes unum sint!”—, otoitzaren eta buru ukamenaren bidez».


969

Ekintza besteentzat utzirik, otoitz egin eta jasaten dutenek, ez dute distirarik izango hemen, baina zein distiratsu izango den haien koroa Bizitzaren Erreinuan! —Bedeinkatua izan bedi «nekearen apostolutza»!


970

Egia da zure apostolutza zentzudunari «eginkizun isil eta eraginkor» deitu diodala. —Eta ez dut ezer zuzendu beharrik.


971

Hain ongi deritzot lehenengo kristauei diezun jaierari, ahal dudana bultzako zaitudala, gero eta sutsuago —haiek bezala— diskrezio eta bihotza zabaltzearen Apostolutza eraginkor horretan jardun dezazun.


972

Ez niri esan ez dakizula zer esan zure «dizkrezio eta bihotza zabaltzearen apostolutza» egiten duzunean. —Salmoaren bitartez esango baitizut «Dominus dabit verbum evangelizantibus virtute multa» —Jaunak hitz eraginkorrak jartzen ditu bere apostoluen ezpainetan.


973

Zalantzan dabilen adiskidearen belarrira garaiz esandako hitz horiek; une egokian sortu zenuen hizketa orientatzaile hura; eta haren unibertsitate lana hobetzen duen aholku profesionala; eta ezin pentsa zitzakeen apostolutza bideak ikustarazten dizkion zentzuzko indiskrezio hori… Hori guztia, «bihotza zabaltzearen apostolutza» da.


974

«Jatordu apostolutza»: Patriarken abegi zaharra da, Betaniako anaitasun beroarekin batera. —Egiten denean, Jesusi antzematen diogu, mahai buru dagoelarik, Lazaroren etxean bezala.


975

Beharrezkoa da herriko jai eta ohiturak lehenbailehen berkristautzea. —Premiazkoa da ikuskizun publikoak ez daitezen bi aukera hauen artean aurkitu: txepelak edo paganoak.

Eskaiozu Jaunari hain premiazko «jolas apostolutza» deitu genezakeen horretan langileak izan daitezen.


976

«Eskutitz apostolutzaren» gorespen bikaina egiten didazu. —Honela idazten duzu: «Ez dakit nola zirriborratu papera, eskutitza hartzen duenari balio diezazkiokeen gauzez hitz eginez. Hastean, nire Aingeru Zaindariari esaten diot zerbaiterako balio dadin idazten ari naizela. Eta txatxukeriak baizik ez baditut esaten ere, inork ezin dit kendu, eta eskutitza hartzen duenari ere ez, bere arimarentzat beharrezkoa duela dakidana eskatzen igaro dudan denbora.


977

«Arrazoirik gabe goibel nengoen egun batzuetan iritsi zitzaidan eskutitza, eta irakurtzeak izugarri adoretu ninduen, besteak lanean nola ari diren ikustean». —Eta beste batek: «Zure eskutitzak eta nire anaien berriak lagundu egiten didate, amets zoriontsu bat balitz bezala, ikusten ditugun gauza guztien ondoan…» —Eta beste batek: «Hau poza eskutitz horiek hartzea eta adiskide horien adiskide naizela jakitea!». —Eta beste batek eta milek: «Xen eskutitza hartu nuen, eta lotsatu egiten naiz nire espiriturik eza ikustean haien aldean».

Ez al da gero eraginkorra «eskutitz apostolutza»?


978

«Venite post me, et faciam vos fieri piscatores hominum» —zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet. —Badute esanahi sakonik Jaunak erabiltzen dituen hitz horiek: gizakiak —arrainak bezala— burutik harrapatu behar dira.

Zein sakonki oinarrituta dagoen Ebanjelioan «adimen apostolutza»!


979

Giza jokaera da gutxi kostatzen dena gutxiestea. —Horregatik aholkatzen dizut «ez ematearen apostolutza».

Zure lanbidea zure apostolutza lanabesa baldin bada, inoiz ere ez ezazu egin zure lana zuzen eta bidezkoa den ordainik jaso gabe.


980

«Ez ote dugu eskubiderik, bidaietan, Jesukristorengan gure arreba dugun emakume bat eramateko, lagundu gaitzan, beste apostoluek, Jaunaren anaiek eta Pedrok berak bezala?».

Horixe dio San Paulok Korintoarrei egindako lehenengo gutunean: —Ezinezkoa da gutxiestea «emakumearen laguntza apostolutzan».


981

«Honen ondoren —San Lukasen VIII. kapituluan irakurtzen da—, herriz herri eta auzorik auzo ibili zen Jesus, Jainkoaren erregetzaren berriona erakusten. Berekin zituen Hamabiak, baita espiritu gaiztoetatik eta gaitzetatik sendatuak izan ziren zenbait emakume ere: Maria, Magdalatarra ezizenez —honengandik zazpi deabru bota zituen—, Joana, Herodes erregearen etxezain zen Kusaren emaztea, Susana eta beste batzuk, beren ondasunez laguntzen ziotenak».

Kopiatu egin dut. Eta Jaungoikoari eskatzen diot, emakumeren batek irakurtzen badit, bekaizkeria santu eta eraginkor batez bete dadila.


982

Sendoagoa da emakumea gizona baino, eta zintzoagoa nekealdian. —Magdalako Maria, Maria Kleofas eta Salome!

Ama Birjina Nahigabetuarekin ongi elkartutako horien antzeko emakume ausart talde batekin, nolako lan ederra egingo litzateke munduan arimen alde!


[Inprimatu]
 
[Bidali]
 
[Palm]
 
[Gorde]
 
-ri itzuli puntua:
Aurrekoa Hurrengoa