Iraupena

Guztiena da hastea; irautea, santuena.

Zure iraupena ez dadila izan lehenengo bultzadaren ondorio itsua, inertziaren egina: hausnartua izan dadila.

Esaiozu: «ecce ego quia vocasti me!» —hemen nauzu, dei egin didazulako!

Bidetik aldendu zinen eta, lotsez, ez zinen itzultzen. —Bidezkoago zatekeen ez itzultzeak lotsaraztea.

Egia esateko, ez da heroi bat izan beharrik —aitortzen didazu— bitxikeria eta jaiera itxurik egin gabe, kasu bakoitzean behar den bakardadea bilatzeko… eta irauteko». —Eta hau eransten duzu: zuk esandako arauak betetzen ditudan bitartean, ez zaizkit axola ingurugiroko nahaste eta aldrebeskeriak: ikaratuko nindukeena da txatxukeria horien beldur izateak». —Bikain.

Bizkortu eta zaindu ezazu zugan jaio berria duzun ideal bikain hori. —Begira, lore ugari sortzen dira udaberrian, halere gutxi dira aletzen direnak.

Bihozgabetzea zure iraupenaren etsaia da. —Bihozgabetzearen kontra borrokatzen ez baduzu, lehenengoz ezkortasunera eta gero epelkeriara iritsiko zara. —Baikor izan zaitez.

Hara!: Hainbestetan «Gurutzea, Jauna, Gurutzea!» eskatu ondoren, zure gogoko gurutzea nahi zenuela ageri dago.

Jarraipena, ezer ez dadila izan nahasgarri. —Beharrezkoa duzu. Eskaiozu Jaunari eta lortzen ahalegindu zaitez: hasi duzun bide emankorretik ez aldentzeko bide bikaina baita.

Ezin zara «igo». —Ez da harritzekoa: erorialdi hura!…

Iraun ezazu eta «igoko zara». —Oroit zaitez autore espiritual batek esaten duenaz: zure arima gaixoa, hegoak oraindik lohiez itsatsita daramatzan txoria da.

Zeruko eguzkia eta norberaren ahalegin txiki, iraunkorrak, behar dira joera horiek, irudipen horiek eta adore galtze hori erauzteko: zure hegoen lohi itsaskor hori.

Eta aske geldituko zara. —Irauten baduzu, «igoko» zara.

Eskerrak eman Jaungoikoari, Berak lagundu baitzizun, eta zure garaipenaz poztu zaitez. —Bai sakona, zure arimak sentitzen duen poza, erantzun ondoren!

Ongi pentsatzen duzu…, hotzean: zenbat arrazoi lana bertan behera uzteko! —Eta, antza denez, baten bat garrantzitsua.

Arrazoiak dituzula badakust. —Baina ez duzu arrazoirik.

«Joan zait lehengo berotasuna» idatzi didazu. Zuk ez duzu gogo berotasunez lan egin behar, Maitasunez baizik: eginbeharraz jabetuta, zeure burua ukatuz.

Irmo: hala izan behar duzu. —Besteen edo zerorren ahulaldiek zure iraupena zalantzan jartzen badute, zure idealaren irudi kaskar bat izango dut.

Behin betiko erabaki ezazu.

Zure bidearen iritzi urria duzu, hozten zarenean galdua duzula uste baduzu: frogaren garaia da; horregatik kendu dizkizute zentzuen pozgarriak.

Ausentzia, bakartasuna: iraupenaren frogak. —Meza Santua, otoitza, sakramentuak, buru ukamenak: santuen elkartasuna!: froga garaitzeko armak.

Bedeinkatua noriako astoaren iraupena! —Beti pauso berdinean. Beti buelta berdinak. —Egun batean eta bestean: denak berdinak.

Hori gabe, ez legoke heldutasunik fruituetan ez mardultasunik baratzean, ezta urrin gozorik 353 lorategietan.

Eraman ezazu gogapen hau zure barne-bizitzara.

Zein den iraupenaren sekretua?

Maitasuna. —Maitemindu zaitez eta ez duzu «Bera» utziko.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean