Josemaría Escrivá Obras
 
 
 
 
 
 
  Bidea > Hildura > Cap 6
172

Hildurazale ez bazara, inoiz ez zara otoitz arima izango.


173

Hitz egoki hori, zure ahotik irten ez zen txiste hura; aspergarri zaizunarekiko irribarre atsegina; bidegabeko salaketaren aurrean isilik gelditze hura; zure solasaldi atsegina nekagarri eta eragabekoak direnekin; zurekin bizi direnei, behin eta berriz zenbait xehetasun gogaikarri edo aspergarri kontuan ez hartzea… Horretan irautea, bai dela barne-hildura sendoa.


174

Ez esan: pertsona horrek aspertzen nau. —Pentsa ezazu: pertsona horrek santu egiten nau.


175

Ez dago ukamenik gabe burutzen den idealik. —Zeure buruari uko egin iezaiozu. —Zein gauza ederra den biktima izatea!


176

Zenbat aldiz erabakitzen duzun Jaungoikoaren zerbitzuan zerbait egitea… eta asmo erraz hura ez betetzeak sortu dizun kasketa eta nahigabea eskaintzearekin etsi behar izaten duzu, hain kaskarra zara eta!


177

Ez ezazu alferrik galdu zure iritzia menderatzeko aukera. —Zaila da… baina, zein atsegin zaion Jaungoikoari!


178

Zurezko Gurutze pobre bat ikusten duzunean, soila, zirtzila, baliorik gabekoa… eta Gurutziltzaturik gabe, ez ahaztu Gurutze hori zure Gurutzea dela: egunerokoa, isilekoa, dirdira eta atseginik gabekoa…, falta duen Gurutziltzatuaren zain dagoena: eta Gurutziltzatu hori zu izan behar zara.


179

Besteentzat hilduragarri ez diren hildurak bila itzazu.


180

Hildurarik ez den lekuan ez da bertuterik.


181

Barne-hildura. —Ez dut zure barne-hilduran sinesten, zentzuen hildura gutxietsi eta uzten duzula ikusten dudan bitartean.


182

Edan dezagun bizitza errukarri honetan nekearen kalizatik azken tantaraino. —Zer axola dio hamar, hogei, berrogeita hamar urtetan jasateak…, gero zerua betiko…, beti-betiko baldin bada?

—Eta, batez ere —lehen aipatutako arrazoia, «propter retributionem», baino hobeto—, zer axola dio jasateak Jaungoiko gure Jauna poztu eta Berari atsegin ematearren, Berarekin Gurutzean loturik jasanez gero, ordaintzeko asmoz, hitz batean: Maitasunez eramaten badugu?


183

Begiak! Begien bidez gaiztakeria asko sartzen da bihotzean. —Zenbat esperientzia Davidenaren antzeko!… —Begiak gordez gero, zuen bihotza ziur gordetzen duzue.


184

Zergatik begira ibili, zure «mundua» zure baitan badaramazu?


185

Munduak buru ukamen ikusgarria bakarrik miresten du, ez baitu buru ukamen ezkutu eta isilaren balioa ezagutzen.


186

Osorik eskaini behar dugu geure burua, osorik uko egin behar diogu: buru ukamena holokausto izan behar da.


187

Paradoxa: Bizitzeko hil egin behar da.


188

Hara, bihotza saltzaile hutsa da. —Zazpi giltzaz itxita eduki ezazu.


189

Jaungoikoarengana zuzentzen ez zaituen guztia eragozpen zaizu. Kendu eta bota ezazu urrutira.


190

Jaunak honela esanarazten zion hurbileko nagusitzat gizon haserrekor eta zakar bat zuen arima bati: Eskerrak, ene Jaungoiko, benetan jainkozkoa den altxor honengatik; izan ere, noiz aurkituko dut beste norbait, nik atsegin ematen diodan bakoitzean ostiko pare batez erantzungo didanik?


191

Garaitu ezazu egunero zeure burua lehen unetik, puntu-puntuan jaikiz, ordu jakinean, minutu bat ere alferkeriari eman gabe.

Jaungoikoaren laguntzaz zeure buruari uko egiten badiozu, asko aurreratu duzu egun osorako.

Lehenengo borrokaldian garaitua sentitzeak, nola kikiltzen duen!


192

Beti garaitua irtetzen zara. —Har ezazu helburutzat, aldi bakoitzean, arima jakin baten salbamena, edo haren santutasuna, edota apostolutzarako deia… —Horrela ziur nago zure garaipenaz.


193

Ez zaitez izan ahul, bigun. —Bada garaia zeure buruarekiko daukazun erruki harrigarri hori baztertzeko.


194

Nik esango dizut zein diren gizakiaren altxorrak mundu honetan, alferrik ez ditzazun gal: gose, egarri, bero, hotz, oinaze, desohore, pobretasun, bakardade, iruzur, gezur beltz, kartzela…


195

Ongi asmatu zuen, arima eta gorputza bata bestearengandik aldendu ezin diren bi etsai eta elkar ikusi ezin duten bi adiskide direla esan zuenak.


196

Gorputzari bidezkoa baino pixka bat gutxiago eman behar zaio. Bestela, saldukeriaz ordaintzen gaitu.


197

Zure ahultasun eta akatsen lekuko izan badira, zer axola dio zure penitentziarenak ere izateak?


198

Hauek dira arima hildurazalearen fruitu gozoak: bihozberatasuna eta moldagarri izatea lagun hurkoaren ahulaldiekiko; eta zorrotza norberarekiko.


199

Gari alea hiltzen ez bada antzu geratzen da. —Ez al duzu gari ale izan nahi, hilduraren bidez hil, eta galburu joriak eman? —Jesusek bedeinka dezala zure garidia!


200

Ez diozu zeure buruari uko egiten,ez zara hildurazale, harro zarelako.—Penitentziazko bizitza daramazula? Ez ahaztu harrokeria eta penitentzia batera eman daitezkeela… —Areago: erorialdiaren ondoren,eskuzabaltasunik ezaren ondoren daukazunnahigabe hori, damua al da edo haserrea oteda, zeure burua hain kaxkar eta indarrik gabeikusteagatik? —Zein urrun zauden Jesusengandik, apala ez bazara…, zure diziplinek egunero arrosa berriak eman arren.


201

A zer behazun eta ozpin zapore, errauts eta belarmintzarena! Hori ahosabai lehor, oretsu eta pitzatua! —Irudi fisiologiko horrek, ordea, hutsa dirudi zure arimaren beste atsekabeen aldean.

—Izan ere, «gehiago eskatzen dizute» eta ez zara gauza emateko. —Behera ezazu zeure burua: geratuko ote litzaizuke, gorputzean eta espirituan, nahigabezko zirrara mingots hori ahal duzun guztia egingo bazenu?


202

Zure ahultasun eta eskuzabaltasun ezagatik zure borondatez gaztigatu behar duzula zeure burua? —Ederki: Baina zentzuzko penitentzia izan dadila, gure etsaia eta aldi berean anaia den bati ezarritakoa bezalakoa.


203

Gizaki errukarrien pozak, naturazgaindiko arrazoirik eduki arren, samintasun kutsua uzten du beti. —Zer uste zenuen? —Hemen behean, nahigabea da gure bizitzaren gatza.


204

Milaka ikusle harrituen aurrean beren burua gurutziltzatzen utziko luketen zenbat eta zenbatek ez dakite, ordea, eguneroko ziztadak kristau eran eramaten! —Pentsa ezazu, orduan, zer ote den heroikoago.


205

Irakurtzen ari ginen —zu eta ni— Jainko gizon haren bizitza arrunta eta, aldi berean, heroikoa. —Eta borrokan ikusi genuen, hilabeteetan, urteetan (haren azterketa bereziaren «zenbaketa»!), gosariaren orduan: gaur garaile, bihar garaitua… Honela idazten zuen: «ez dut gurinik hartu…, gurina hartu dut!».

Guk ere —zuk eta nik— gure… gurinaren «tragedia» biziko bagenu!


206

Minutu heroikoa. —Jaikitzeko orduada, puntu-puntuan. Zalantzarik gabe:naturaz gaindiko gogoeta bat eta… gora! —Minutu heroikoa: hor daukazu zure nahimena sendotu eta gorputza ahultzen ez duen hildura bat.


207

Mesede oso berezia bezala esker ezazu, zeure buruaren aurka sentitzen duzun gorroto santu hori.


[Inprimatu]
 
[Bidali]
 
[Palm]
 
[Gorde]
 
-ri itzuli puntua:
Aurrekoa Hurrengoa