Meza Santua

Meza maitatzea apostoluaren ezaugarri berezi bat da.

Meza luzea da, diozu, eta nik eransten diot: zure maitasuna laburra delako.

Ez al da harritzekoa, giza harremanetan astiro eta ospetsuki diharduten kristau askok (ez dute presarik), baita beren lan profesional geldietan, mahaian, eta atsedenean (ez dute presarik ere), hainbesterainoko presa izatea eta baita Apaiza behartzea, Aldareko Opari Santuari dagokion denbora arindu eta moztearren?

«Ongi trata iezadazue, ongi trata iezadazue!», esaten zien, negarrez, Gotzain zahar batek ordenatu zituen apaiz berriei.

—Jauna!: Ahots eta aginterik izango banu horrela oihu egiteko hainbat eta hainbat kristauen belarri eta bihotzetara!

Nola negar egin zuen, aldare oinean, martirioa merezi izan zuen Apaiz santu hark, bekatu larrian Jauna hartzera hurreratu zen arima batez gogoratzen zelako!

—Horrela ordaintzen diozu zuk?

Jesusen apaltasuna: Belenen, Nazareten, Kalbarioan… —Baina beheratze eta deuseztatze areagoa Ostia guztiz Santuan: ukuiluan, Nazareten eta Gurutzean baino handiagoa.

Beraz, zein behartua nagoen Meza («Gure» Meza, Jesus…) maitatzera!

Zenbat urte egunero Jauna hartzen! —Beste edozein santu izango litzateke —esan didazu—, eta ni, beti berdin!

—Seme —erantzun dizut—, segi ezazu egunero Jaurna hartzen, eta pentsa ezazu: zer izango nintzateke Jauna hartu ez banu?

Jaunartze, batasun, harreman, bihotzzabaltze: Hitz, Ogi, Maitasun.

Jauna har ezazu. —Ez da errespetu falta. —Gaur bertan Jauna har ezazu hain zuzen ere, korapilo hartatik irten berria zaudelarik.

—Ahaztu al zaizu Jesusek esandakoa: ez dute medikuren beharrik osasuntsuek, eriek baizik?

Sagrariora hurbiltzerakoan pentsa ezazu hogei mende direla, Bera!… itxaroten daukazula.

Hor daukazu: Erregeen Errege eta Jaunen Jaun da. —Ogian ezkutatua dago.

Horretaraino beheratu zen zuganako maitasunez.

Zuretzat gelditu zen. —Ongi prestaturik bazaude, Jauna hartu gabe gelditzea ez da begirunea. —Behar den prestaerarik gabe Jauna hartzea da, bakarrik, begirunerik eza.

Gogozko jaunartzea, bai dela grazi iturri! —Maiz egin ezazu eta Jaungoikoaren aurrean areago bizitzeaz gain, Berarekin ere elkartuago egongo zara egintzetan.

Jainkozaletasunak badu bere gizalegea. —Ikas ezazu. —Errukigarriak dira Meza entzuten ez dakiten —egunero entzun arren— gizon «jainkozale» horiek; ezta Aitaren egiten ere ez dakite —hatzak baldarki mugitzen dituzte lasterka bizian—, ezta Sagrario aurrean belauna tinkatzen —haien belaunikatze barregarriak iseka dirudite—, ezta Andre Mariaren irudi baten aurrean burua begirunez makurtzen.

Ez iezadazue ipini «sailean» eginiko irudirik kulturako: nahiago dut burni zakarrezko Gurutze bat, pasta pintarratuaz eginiko azukrezkoak diruditen horiek baino.

Aldare huts batean Meza ematen ikusi ninduzun —mahaia eta aldare harria—, erretaulik gabe. Gurutzea, handia. Argimutil sendoak, goitik behera mailan doazen kandela lodiak: garaienak Gurutze ondoan. Aldare aurrekoa eguneko kolorez. Kasula zabala. Itxura neurritsu, kopa zabaleko eta baliotsua, kaliza. Elektrizitaterik gabe, eta beharrik ere ez.

—Eta kosta izan zitzaizun otoiztegitik ateratzea: ongi egoten baitzen han. Ikusten al duzu nola eramaten duen, nola hurbiltzen duen Jaungoikoarengana liturgiaren soiltasunak?

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean