Garbitasun santua

Apaltasunez eskatzen denean ematen du Jaungoikoak garbitasun santua.

Zein ederra den garbitasun santua! Baina ez da santu ezta Jaungoikoaren begikoa ere, karitateagandik bereizten badugu.

Karitatea da, garbitasunak ureztatuta, handi egin eta fruitu ezin gozoagoak emango dituen hazia.

Karitaterik gabe, garbitasuna elkorra da, eta haren ur antzuek lokatz, harrokeri bafadak sortzen dituen putzu zikin, bihurtzen dituzte arimak.

Garbitasuna? —galdetzen dute, irribarrez. —Gorputza iharturik eta arima ametsik gabe ezkontzara doazenak dira.

Liburu bat agintzen dizuet —Jauna lagun—, izenburutzat «Zelibatoa, Ezkontza eta Garbitasuna» eraman dezakeena.

Gizontasun eta garbitasun gurutzada baten premia dugu, gizakia animalia hutsa dela uste dutenen joko basatia gutxitu eta ezabatzeko.

—Eta gurutzada hori zuen eginkizuna da.

Asko dira aingeru bezala bizi direnak munduaren erdian. —Zu… zergatik ez?

Bizitza garbia eramatea benetan erabakitzen duzunean, garbitasuna ez da zuretzat zama izango: aintzazko koroa izango da.

Honela idazten zenidan, mediku apostolu: «Esperientziaz denok dakigu garbiak izan gaitezkeela, erne biziz, Sakramentuak maiz hartuz, eta grinaren lehenengo txinpartak sua handitzen hasi baino lehen itzaliz. Izan ere, garbien artean aurkitzen dira gizonik osoenak, alde guztietatik. Eta lizunen artean, beldurtiak, berekoiak, gezurtiak eta bihozgabeak dira nagusi, gizontasunik ezaren ezaugarriak».

Joan gazteak nirekin hizketalditxo bat izatea nahi nuke —esan didazu—. Aholkuak eman eta bihotz garbitasuna iristeko adoretu nazan.

Benetan hori nahi baldin baduzu, esaiozu: adoretsu sentituko zara eta jasoko duzu aholkurik.

Jalekeria lizunkeriaren aitzindaria da.

Lizunkeriarekin ez zaitez elkarrizketan ari: arbuia ezazu.

Lotsa eta eratasuna garbitasunaren senide txikiak dira.

Garbitasun santurik gabe ez dago apostolutzan irauterik.

Ken iezadazu, Jesus, nire bihotza estaltzen duen ustelkeria lizunez herdoildutako azal hau, nire ariman Parakletoaren ukituak sentitu eta aise jarrai diezaiedan.

Gauza edo gertaera lizunez ez hitz egin inoiz, ezta kexatzearren ere. —Hara, pikea baino eranskorragoa da gai hori. —Alda ezazu solas gaia, eta ezin bada, jarrai iezaiozu, garbitasun santuaren premiaz eta edertasunaz hitz eginez, beren arimaren balioa ezagutzen duten gizonen bertuteaz.

Ez zaitez koldarra izan «ausartarena» eginez: ihes egin ezazu!

Santuak ez dira izaki itxuragabeak izan; mediku modernista batek aztertu beharko lituzkeen kasuak.

Normalak ziren, eta hala dira: haragizkoak, zu bezala. —Eta garaile irten ziren.

Haragia zetaz jantzi arren… —Hala esango dizut, arte, zientzia…, baita karitatearen aitzakiaz bere lizunkeria estaltzen duen tentaldiaren aurrean zalantzan ikusten zaitudanean.

Espainiako esaera zahar baten bidez esango dizut: zetaz jantzi arren, haragia beti haragi.

Zenbat balio duzun bazeneki!… —San Paulo da hau esaten dizuna: «pretio magno» —prezio handian— erosia izan zara.

Eta gero hauxe esaten dizu: «glorificate et portate Deum in corpore vestro» —gorets ezazu Jaungoikoa eta eramazu zure gorputzean.

Haragizko gozamen baten bila ibili zarenean…, a zer bakardadea gero!

Une bateko gozamenagatik, behazun eta mingostasun kutsua utzi dizun horrengatik, «bidea» galdu didazula pentsatzea ere!

«Infelix ego homo!, quis me liberabit de corpore mortis hujus?» —Ene zoritxarra!, nork askatuko nau heriotzako gorputz honetatik? —Horrela oihu egiten du San Paulok. —Adoretu zaitez: berak ere borrokatzen zuen.

Tentaldiaren garaian, pentsa ezazu zeruan itxaroten dizun Maitasunean; susta ezazu zure esperantza, hori ez baita eskuzabaltasunik eza.

Ez zaitez kezkatu, edozer gauza gertatu arren, amore ematen ez baduzu. —Nahimenak bakarrik ireki baitezake bihotzaren atea, eta gauza nardagarri horiek bere barruan sartu.

Badirudi ozenki entzuten duzula zure ariman: «aurreiritzi erlijioso hori!»… —Eta gero, hitz ederrez, gure haragi eroriaren ahultasun guztien defentsa: «bere eskubideak!».

Hori gertatzen zaizunean esaiozu etsaiari badagoela lege naturala, eta Jaungoikoaren legea, eta Jaungoikoa! —Baita infernua ere!

«Domine!» —Jauna!—, «si vis, potes me mundare» —nahi baduzu, garbi nazakezu.

—Zein otoitz ederra legendunaren fedeaz behin eta berriz esateko, Jaungoikoak, zuk eta nik dakiguna gertatzen zaizunean! —Laster adituko duzu Maisuaren erantzuna: «volo, mundare!» —nahi dut, zaitez garbi!

Bere garbitasuna gordetzeagatik, Asiseko San Frantzisko elurretan iraulkatu zen, San Benitok bere burua laharrera bota zuen, San Bernardo baltsa izoztu batean murgildu zen… —Zuk, zer egin duzu?

Bere bizitza txit garbiak indartsu bihurtzen du San Joan Gurutzearen aurrean. —Beste apostoluek Golgotatik ihes egiten dute: bera, Kristoren Amarekin batera, geratu egiten da.

—Ez ahaztu garbitasunak izaera sendotu, gizondu egiten duela.

Madrileko frontea. Hogeiren bat ofizial lagunarte jator eta alaian. Kanta bat entzuten da, gero bestea eta beste bat.

Bibote beltzeko tenientetxo hark lehenengoa bakarrik entzun zuen:

Bihotz erdibiturik

ez dut nahi nik;

nirea ematekotan,

ematen dut osorik.

«Nolako gogortasuna nire bihotza osorik emateko!» —Eta mantso-mantso eta oparo sortu zen otoitza.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean