Puntuen zerrenda

Hay 8 puntos en «Bidea» cuya materia es Ordaina.

Maitasun egintza batez —Maitasun damuz— amai ezazu beti zure azterketa: zuregatik, gizakien bekatu guztiengatik… —Eta gogora ezazu Jaungoikoak nola zaindu zaituen, aita gisan, eragozpenak kenduz estropezu egin ez dezazun.

Ez zaitez hain itsu edo burugabea izan, Jaunaren etxeen horma edo dorreak ikustean, Sagrario bakoitzaren barruan ez sartzeko. —Bera itxaroten daukazu.

Ez zaitez hain itsu eta burugabea izan, Kristo iraintzen duten lekuetatik pasatzean, Maria Sortzez Garbiari jakulatoria bat behintzat ez errezatzeko.

Beti Jaungoikoaren aurrean bizitzeko, erabil itzazu aholkatu nizkizun «giza maina» santu haiek: jakulatoriak, Maitasun eta ordain egintzak, gogozko jaunartzeak, Ama Birjinaren irudiari «begiradak»…

Sar zaitez Kristo Gurutziltzatuaren zaurietan. —Han ikasiko duzu zure zentzuak gordetzen, barne-bizitza izango duzu, eta etengabe eskainiko dizkiozu Aitari Jaunaren eta Mariaren oinazeak, zure zorren eta gizakien zor guztien ordainez.

Ez eskatu bakarmena Jesusi zure erruengatik bakarrik: ez ezazu maita zure bihotzez bakarrik…

Egin dizkioten, egiten dizkioten eta egingo dizkioten irain guztiak ordain iezazkiozu…, gehienik maite izan duten gizon-emakume guztien bihotzen indar guztiz maita ezazu.

Ausarta izan zaitez: esaiozu Berarengatik Magdalako Maria, Teresa eta Teresatxo… baino zoratuago zaudela; burutik jota zaudela Agustin, Domingo eta Frantzisko, Ignazio eta Xabier baino gehiago ere.

Maitasun damua. —Bera ona delako. —Zure Adiskidea delako, zuregatik bere Bizitza eman zuena. —Daukazun on guztia berea delako. —Hainbeste iraindu duzulako… Barkatu dizulako… Berak!… zuri!!

—Negar egin ezazu, seme, Maitasun damuz.

Nola negar egin zuen, aldare oinean, martirioa merezi izan zuen Apaiz santu hark, bekatu larrian Jauna hartzera hurreratu zen arima batez gogoratzen zelako!

—Horrela ordaintzen diozu zuk?

Gure nahimena, graziarekin, ahalguztiduna da Jaungoikoaren aurrean. —Horrela ba, Jaunari egiten zaizkion horrenbeste irain ikusita, Jesusi gogo eraginkorrez esaten badiogu, tranbian goazela adibidez: «Ene Jaungoiko, kotxe honen gurpil bakoitzak ematen dituen bueltak adina maitasun eta ordain egintza egin nahi nituzke», une hartan bertan nahi genuen adina maitatu eta ordaindu dugu Jesus.

«Txepelkeria» hau gogo haurtzaro barruan kokatzen da ere: haur xaloaren eta bere umeaz zoratuta dagoen aitaren arteko betiko elkarrizketa da.

—Zenbat maite nauzu? Esazu! —Eta haurtxoak, silabak banakatuz: Mi-lioi as-ko!