Puntuen zerrenda

Hay 8 puntos en «Bidea» cuya materia es Jarraibidea.

Zure zintzotasunaz ez dut zalantzarik. —Badakit Jaungoikoaren aurrean diharduzula. Baina, hau da koxka!: gizabidez neurtzen duten gizonek ikusten dituzte edo ikusi ahal dituzte zure egintzak … Eta jarraibide ona eman behar zaie.

Gaiztoa ez izanik gaizto itxura baldin baduzu, ergela zara. —Eta ergelkeria hori —gaizpide harri— gaiztakeria baino okerragoa da.

«Eta, giro paganotu edo pagano batean, giro horrek eta nire bizitzak elkar jotzean, ez al du nire naturaltasunak gezurrezkoa irudituko?», galdetzen didazu.

—Eta erantzuten dizut: Topo egingo du, bai, zure bizitzak haienarekin: eta elkar jotze hori da, hain zuzen ere, zure sinesmena zure egintzek baieztatzen dutenez, nik eskatzen dizudan naturaltasuna.

Sasi apostolu askok, nahi gabe ere, on egiten diote jendeari, herriari, predikatzen duten Jesusen ikasbidearen indarrez, beraiek bete ez arren.

Baina on egite honek ez du ordaintzen beraiek sortzen duten benetako gaitz izugarria, buruzagi eta apostolu arimak hilez; besteei erakutsitakoa ez dutela egiten ikusirik, aspertuta aldentzen baitira beraiengandik.

Beraz, ez badute bizitza guztiz zuzena eraman nahi, ez dira inoiz lehenengo errenkadan jarri behar, talde buru bezala, ez gizonak, ez emakumeak.

«Nonne hic est fabri filius? Nonne hic est faber, filius Mariae?» —Ez al da hau, ba, arotzaren semea? ¿Ez al da arotza, Mariaren semea?

—Jesusi buruz esandako hau, baliteke zutaz ere esatea, erdi harriturik, erdi isekaz, «behin eta betiko» Jaungoikoaren Nahia bete eta tresna izan nahi duzunean: Baina, ez al da hau harako hura?…

—Isil zaitez. Eta zure egintzek egiazta dezatela zure eginkizuna.

Ez zaitez nahigabetu zure hutsegiteak ikusten badituzte: Jaungoikoarekiko irainek eta besteei eman diezaiekezun jarraibide txarrek, horiek nahigabetu behar zaituzte.

—Gainerakoan, jakin dezatela nolakoa zaren eta arbuia zaitzatela. —Ez nahigabetu ezer ez izateagatik, horrela Jesusek dena jarri beharko baitu zugan.

Jarraibide onaren bidez hazi ona ereiten da; eta karitateak guztiok behartzen gaitu ereitera.

Zurekin harremanak dituenak, ezin dezala zutaz esan beste pertsona hark nahiko zentzu onez oihuka zioena: «Gizon zintzoz honeraino nago…». Eta buru gaina ukitzen zuen.

Eskritura Santuaren erreferentziak