Puntuen zerrenda

Hay 10 puntos en «Bidea» cuya materia es Gobernua.

Ez errietan hasi egindako hobenak haserre sentiarazten zaituenean. —Itxaron hurrengo eguneraino, edo gehiago oraindik. —Eta gero, lasai eta asmoa garbiturik, ez utzi errieta egiteari. —Hiru orduko borrokaren bitartez baino gehiago irabaziko duzu hitz gozo bakar baten bidez. —Mantsotu ezazu zure jenioa.

Zure esperientziarik ezak zaramatza handiuste, harrokeria horretara, zure ustez ospe antza ematen dizun horretara.

—Bidera zaitez, mesedez. Ergel eta guzti, zuzendaritza karguez arduratzera hel zintezke (behin baino gehiagotan ikusi izan da), eta, zure dohainik ezaz jabetua ez bazaude, aholku dohaina dutenei entzuteari uko egingo diozu. —Eta, zure norabiderik gabeko aginteak egin dezakeen kaltean pentsatzeak ere, beldur ematen du.

Erlijiotasun agerraldietan izen txarreko profesionalak «buru» bezala nabarmentzen direnean, seguraski honako hau belarrira esateko gogoa datorkizue: Mesedez, ez zaitezte hain katoliko izan!

Lanpostu ofizial bat baldin baduzu, badituzu ere kargu horri loturik dauden eskubideak, eta betebeharrak ere.

—Zure apostolu bidetik aldentzen zara, apostolutza lan batengatik —edo haren aitzakiaz—, zure karguari dagozkion eginbeharrak bete gabe uzten badituzu. Galdu egingo baituzu daukazun ospe profesionala, «gizakiak arrantzatzeko amua» dena, hain zuzen ere.

Buru izanik, adorea galtzen ari zarela ikusten badute…, ez da harritzekoa esanekotasuna urratzea.

Bai negargarria agintzen duenak jarraibide onik ez ematea!… —Baina, bere gaitasunei begira obeditzen al diozu, ala?… Edo San Pauloren «obedite praepositis vestris» —buru egiten dutenei obedi ezazue—, nagikeriaz, zuk honelako zerbait tartekatuta itzultzen al duzu…, buru egiten duenak atsegin zaizkidan bertuteak baldin baditu?

Apostolutza lanetan kargurik nahi izatea alferrikako gauza da bizitza honetan, eta beste Bizitzarako arrisku.

Jaungoikoak nahi badu, deituko dizute. —Eta orduan onartu beharko duzu. —Baina ez ahaztu edozein lekutan santu egin zaitezkeela eta egin behar zarela, horretaraxe joan zara eta.

Kristorengatik lan egitean, karguak zama baino zertxobait gehiago direla pentsatzen baduzu, zenbat mingostasun itxaroten dizun!

Apostolutza lan baten buru izatea, neurrigabeko karitatez dena eta denengandik jasateko prest egotea bezainbat da.

Ez iezadazue «kaperatxorik» egin zuen lanean. —Apostolutzak txikiagotzea litzateke: zeren eta, «kaperatxoa», —azkenean!—, enpresa unibertsal baten gobernura iritsiko balitz… enpresa unibertsal hori kaperatxo bihurtuko litzateke laster!

Eskritura Santuaren erreferentziak