Puntuen zerrenda

Hay 10 puntos en «Bidea» cuya materia es Jainkoaren tresnak .

Ez ardurarik izan besteekin bat eginik diharduzula esaten badizute. Zer nahi dute? Urtzen den tresna izatea, eskuetan hartzeko orduan desegiten dena?

Dohakabe zarela aitortzen duzu. Eta horixe zara. —Horrela izan arren —areago: horregatik— aukeratu zintuen Jaungoikoak.

—Beti erabiltzen ditu tresna desegokiak: «egintza» berea dela ikus dadin.

—Zuri malgutasuna baizik ez dizu eskatzen.

Zergatik gordetzen dituzu txoko horiek zure bihotzean? —Zeure burua guztiz eskaintzen ez duzun artean, alferrik da beste norbait Hari eraman nahi izatea.

—Tresna kaxkarra zara.

Tresna izan zaitez: urrezko edo altzairuzko, platinozko edo burdinezko…, handi edo txiki, fin edo latz…

—Denak dira baliagarriak: bakoitzak bere betebeharra du. Izaki materiadunak bezala: nor ausartuko da esaten zurginaren zerrotea ez dela zirujauaren pintzak bezain baliagarria?

—Tresna izatea da zure betebeharra.

Bai. Eta zer? —Ez dakit zergatik atzera jotzen duzun arimen aldeko lan horren aurrean —ezkutuko harrokeriaz ez bada: perfektu zarelakoan zaude eta—, erakarri zintuen Jaungoikoaren suak, zoratzen zaituzten argi eta beroaz gain, batzuetan lanabesen ahuleriaren kea sortzen duelako.

Lanik… badago. —Lanabesek ezin daitezke lizunduta egon. —Badira arauak lizuna eta herdoila galarazteko ere. Horiek betetzea nahikoa da.

Utz itzazu alde batera burutapen harro horiek: pintzela artistaren eskuetan bezala zara. —Eta besterik ez.

—Esadazu zertarako balio duen pintzelak, artistari lanean uzten ez badio.

Esaneko izan zaitezte, artista baten eskuetan tresnak obeditzen duen moduan —ez dabil galdezka zergatik egiten duen hau edo hori—, gauza on eta Jaungoikoaren aintzarako ez denik ez dizuetela inoiz aginduko ziur izanik.

Dena berdin zaizula? —Ez zaitez zeure burua engainatu nahian ibili. Orain bertan Jaungoikoarengatik zure bihotza sartu zenuen zenbait pertsona eta enpresei buruz galdetuko banizu, norberaren gauzetaz hitz egiten duenaren arduraz erantzungo zenidake, kementsu!

Ez zaizu dena berdin: izan ere, ez zara nekaezina…, eta denbora gehiago behar duzu zuretzat: denbora hori, azkenean, zure eginkizunetarako ere izango da, zu baitzara lanabesa.

«Grazia», «gakoa» duzula esan didate, arimak zure bidera erakartzeko.

Esker iezaiozu Jaungoikoari dohain hori: lanabes izatea beste lanabesak bilatzeko!