Puntuen zerrenda

Hay 10 puntos en «Bidea» cuya materia es Lehen kristauak .

«Nolako eragina giroarena!» esan didazu. —Eta honela erantzun behar izan nuen: noski. Horregatik, zuen giroa jatorki zabaldu eta gizarteari «zuen kutsua» eman ahal diezaiozuten neurrikoa izan behar du zuen heziera.

—Eta, orduan, espiritu horretaz jabetzen bazara, ziur nago, lehenengo dizipuluak zuten harridura berberaz, Kristoren izenean beraien eskuz egiten ziren lehenengo mirariak ikusiz, hauxe esango didazula: «Nolako eragina gurea gure giroan!».

«Agurtu itzazue santu guztiak. Santuguztiek agurtzen zaituzte. Efeson bizidiren santu guztiei. Filiposen dauden Kristo Jesusengan Santu guztiei». —Ez al da hunkigarria lehenengo kristauek erabiltzen zuten izen hori —santuak!— elkarren artean deitzeko? —Zure anaiak tratatzen ikas ezazu.

Zu harritzen zaituenari nik bidezkoa deritzot. —Jaungoikoak zure lanbidean bilatu zaituela?

Horrela bilatu zituen lehenengoak: Pedro, Andres, Joan eta Santiago, sare artean: Mateo, zerga biltzaileen aulkian…

Eta, harritu zaitez!, Paulo, kristauen hazia zapaldu nahian.

Zure apostolutzara erakarri nahi zenituzke gizon jakintsu hura, beste boteretsu hura, eta zuhurtasun eta bertutez jantzitako hura.

Otoitz egin ezazu, zeure burua ukatu, eta landu itzazu zure eredu eta zure hitzaren bidez. —Ez datoz! —Ez bakerik galdu: ez dago haien beharrik.

Jakintsu eta boteretsurik, zuhur eta bertutetsurik ez zegoela, uste al duzu, Pedroren garaikideen artean, lehenengo hamabien apostolutzatik kanpo?

«Non manifeste, sed quasi in occulto» —ez agerian, ezkutuan baizik: horrela doa Jesus Etxola Jaietara.

Horrela joango da Emaus aldera, Kleofas eta haren lagunarekin. —Horrela ikusten du, berpiztuta, Magdalako Mariak.

Eta horrela —«non tamen cognoverunt discipuli quia Jesus est» —ikasleak ez ziren konturatu Jesus zela—, horrela joan zen San Joanek kontatzen digun mirarizko arrantzara.

Are eta ezkutuago dago Ostian, gizakienganako Maitasunez.

Erlijioso zintzoek beren ordena edo kongregazioko lehenengoak nola bizi ziren jakiteko guraria duten bezalaxe, haien jokaerari jarraitzeko, zu ere —gizon kristaua— ahalegindu zaitez Jesusen dizipuluen bizitza ezagutu eta jarraitzen, Pedro, Paulo eta Joanekin harremanak izan eta ia-ia Maisuaren Heriotza eta Berpiztearen testigu izan zirenena.

Hain ongi deritzot lehenengo kristauei diezun jaierari, ahal dudana bultzako zaitudala, gero eta sutsuago —haiek bezala— diskrezio eta bihotza zabaltzearen Apostolutza eraginkor horretan jardun dezazun.

«Ez ote dugu eskubiderik, bidaietan, Jesukristorengan gure arreba dugun emakume bat eramateko, lagundu gaitzan, beste apostoluek, Jaunaren anaiek eta Pedrok berak bezala?».

Horixe dio San Paulok Korintoarrei egindako lehenengo gutunean: —Ezinezkoa da gutxiestea «emakumearen laguntza apostolutzan».

«Honen ondoren —San Lukasen VIII. kapituluan irakurtzen da—, herriz herri eta auzorik auzo ibili zen Jesus, Jainkoaren erregetzaren berriona erakusten. Berekin zituen Hamabiak, baita espiritu gaiztoetatik eta gaitzetatik sendatuak izan ziren zenbait emakume ere: Maria, Magdalatarra ezizenez —honengandik zazpi deabru bota zituen—, Joana, Herodes erregearen etxezain zen Kusaren emaztea, Susana eta beste batzuk, beren ondasunez laguntzen ziotenak».

Kopiatu egin dut. Eta Jaungoikoari eskatzen diot, emakumeren batek irakurtzen badit, bekaizkeria santu eta eraginkor batez bete dadila.

Sendoagoa da emakumea gizona baino, eta zintzoagoa nekealdian. —Magdalako Maria, Maria Kleofas eta Salome!

Ama Birjina Nahigabetuarekin ongi elkartutako horien antzeko emakume ausart talde batekin, nolako lan ederra egingo litzateke munduan arimen alde!