Puntuen zerrenda

Hay 10 puntos en «Bidea» cuya materia es Xalotasuna.

Ez zaitez hain… sentikor izan. —Edozergatik minberatzen zara. —Zurekin gauza ñimiñoenaz hitz egiteko ere, hitzak neurtu behar izaten dira.

Ez zaitez haserretu… jasanezina zarela esaten badizut. —Zuzentzen ez zaren bitartean, ez zara onuragarri izango.

Hitz hanpatze eta harrotze horrek ez dizu ongi ematen: argi dago ez direla berezkoak. —Saia zaitez, behintzat, zure Jaungoikoarekin, zure zuzendariarekin eta zure anaiekin ez erabiltzen: hesi bat gutxiago izango duzue elkarren artean.

Oraindik ere eskrupulo horiek! —Hitz egin iezaiozu garbi eta xaloki zure Zuzendariari.

Obedi ezazu… eta ez gutxietsi Jaunaren Biohtz guztiz maitetsua.

Honela idatzi didazu: «Xalotasuna perfekzioaren gatza bezala da. Eta hori da niri falta zaidana. Haren laguntzarekin eta zurearekin eskuratu nahi dut».

—Ez Harena eta ez nirea ez zaizkizu faltako. —Jar itzazu zuk bideak.

Naturaltasuna. —Zuen gizon eta emakume kristauen bizitza —zuen gatza eta argia— berez isur dadila, bitxikeriarik gabe, txepelkeriarik gabe: eraman ezazue beti zuekin gure xalotasun espiritua.

Ez ahaztu haurtzaroko otoitzak, agian amaren ahotik ikasiak. —Esan itzazu egunero xaloki, orduan bezala.

Txiki izan zaitez, oso txiki. —Ez izan bi urte baino gehiago, hiru gehienez. —Haur kozkortuak beren gurasoak itxuragabeko gezurrez engainatu nahi dituzten bihurri batzuk baitira.

Gaiztakeria baitute, bekatuaren «fomes» deritzana, baina bekatu egitearen jakituria emango dien gaiztakeriaren esperientzia falta zaie, egi itxuraz beren gezurrak estaltzeko.

Xalotasuna galdu egin dute, eta xalotasuna behar-beharrezkoa da Jaungoikoaren aurrean haur izateko.

Begira: apostoluak, beren akats nabari, ukaezinak eta guzti, zinezkoak, xaloak…, gardenak ziren.

Zuk ere badituzu akats nabari eta ukaezinak. —Ez dakizula xalotasunik falta!

Apostolutza lanean ez dira barkatzekoak ez esanekotasunik eza, ez makurkeria. —Kontuan hartu xalotasuna ez dela ez zuhurtasunik eza ez indiskrezioa.

Utzi alde batera zure arimari hurbiltzen zaizkion beste arimak uxatzen dituen «handikeri itxura» hori. —Entzun ezazu. Eta xaloki hitz egin: horrela bakarrik haziko da, zabal eta eraginkor, zure apostolutza lana.