Puntuen zerrenda

Hay 11 puntos en «Bidea» cuya materia es Harrokeria.

Satanasen «non serviam» hura emankorregia izan da. —Ez al duzu sentitzen zure baitan errebelatze oihu hura baino emankorragoa izan daitekeen «serviam» —zerbitzatuko zaitut, leial izango natzaizu!—, egunero otoitzez eta egitez esateko gogo bizia?

Bai. Eta zer? —Ez dakit zergatik atzera jotzen duzun arimen aldeko lan horren aurrean —ezkutuko harrokeriaz ez bada: perfektu zarelakoan zaude eta—, erakarri zintuen Jaungoikoaren suak, zoratzen zaituzten argi eta beroaz gain, batzuetan lanabesen ahuleriaren kea sortzen duelako.

Hauts zikin eta eroria zara. —Espiritu Santuaren arnasak lurreko gauza guztien gainetik jaso eta urrea bezala distirarazten dizun arren, goi hartan zure ahulaldiek Zuzentasun Eguzkiaren errainu zorragarriak islatzen dituztelako, ez ahaztu zure izaeraren pobretasunaz.

Harrokeri une batek lurrera bota, eta argi izateatik lohi izatera bihurtuko zintuzke.

Zuk…, harrokeria? —Zerena?

Harrokeria? —Zergatik?… Gutxi barru —urteak, egunak— haragi pila ustel kirastuna izango zara: harrak, usain gaiztoko jarioak, hil jantziaren piltzar zikinak… eta inor ez da zutaz oroituko munduan.

Harrokeriaz. —Zu, bakarrik, edozertarako gauza zinelakoan zeunden. —Une batez utzi zintuen eta buruz behera joan zinen. —Apal izan zaitez eta ez zaizu Haren ezohiko laguntza faltako.

Gizon kristau —hala zarela diozu—, irudi bati musu ematen, otoitz bat ahopeka esaten, Jaungoikoaren Elizari erasotzen diotenen aurka oihu egiten…, eta baita Sakramentu Santuak maiz hartzen ikusten zaitut.

Baina ez zaitut ikusten, ordea, zeure buruari uko egiten, ez hainbeste hizketaldi… mundukoi alde batera uzten (beste izen egokiagorik eman niezaieke ere), ez behekoekin eskuzabal izaten… ezta Kristoren Elizarekin ere!, ez zure anaiaren ahultasun bat jasaten, ez guztien onarengatik zure harrokeria zapaltzen, ez biltzen zaituen zeurekoikeri azala erauzten, ezta… zenbat gauza gehiago!

Ikusten zaitut… —Ez zaitut ikusten… —Eta zuk… gizon kristau zarela diozu? —Kristoren iritzi kaxkarra daukazu benetan!

«Deo omnis gloria». —Jaungoikoarentzat aintza osoa. —Gure ezerezaren erabateko aitormena da. Bera, Jesus, dena da. Guk, Bera gabe, ez dugu ezer balio: ezer ez.

Gure handikeria hori litzateke: hantuste hutsa; lapurreta sakrilegoa: «ni» hori ez da inon azaldu behar.

Ni gabe, ezin dezakezue ezer egin, esan du Jaunak. —Zuk eta nik ez ditzagun bereak diren garaipenak gureak bailiran har, esan du. —«Sine me, nihil!…».

Nola ausartzen zara zure arrazoimena, Jainko adimenaren txinpart hori, zure Jaunaren aintza ez den zerbaitean erabiltzen?

Bizitzak Jaungoikoaren aintza helburutzat ez balu, arbuiagarria litzateke, areago: gorrotagarria.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak