Puntuen zerrenda

Hay 11 puntos en «Bidea» cuya materia es Unibertsaltasuna.

Ez zaitez izan herri txikikoen aiurrikoa. —Handi ezazu zure bihotza, unibertsal, «katoliko» izateraino.

Ez hegaz egin etxeko hegaztien antzera, arranoen gisan igo zaitezkeelarik.

Misiolari. —Misiolari izatea amesten duzu. Xabierren antzeko dardarak dituzu eta inperio bat irabazi nahi duzu Kristorentzat. —Japonia, Txina, India, Errusia… Ipar Europako herrialde hotzak, edo Amerika, edo Afrika, edo Australia?

—Susta itzazu sute horiek, arima egarri hori, zure bihotzean. Baina ez ahaztu misiolari handiago zarela «esaneko izanez». Apostolutza alor horietatik urrun izanik, «hemen» eta «han» lan egiten ari zara: ez al duzu sentitzen nekaturik zure besoa —Xabierrek bezala!— hainbesteei bataioa eman ondoren?

«Katoliko» izatea Aberria maitatzea

da, maitasunean aurrea hartzen inori utzi gabe. Eta, aldi berean, herri guztien ahalegin nobleak nireak bailiran hartzea. Frantziaren hainbeste aintza, nireak ditut! Eta, era berean, aleman, britainiar, italiar…, amerikar, asiar eta afrikarren hainbat pozgarri, nire pozgarriak dira.

—Katoliko!: bihotz handi, espiritu zabal.

Zenbat eta gertuago dagoen apostolua Jaungoikoagandik, hainbat eta unibertsalagoa sentitzen da: bihotza hazi egiten zaio, Jesusen oinetan mundua jartzeko nahiaren barruan guztiok eta gauza guztiak sar daitezen.

Zure Aberria eta etxekoak hainbeste maite izan eta haiei lotuta sentitu arren, ongi ulertzen dut urduri egotea itsas-lurrak zeharkatzeko unea itxaroten —urrutira joan!—, uztaren irrikak loa galarazten baitizu.

Arrazoi duzu. —Gailurretik —idazten didazu—, ikuspegi osoan —kilometro asko inguruan— ez da zelairik ikusten: mendi bakoitzaren atzean beste mendi bat. Nonbaiten paisaia leuntzen dela badirudi ere, lainoa altxatzean, ezkutuan zegoen mendilerroa azaltzen da.

Horrelakoa da, horrelakoa izan behar da zure apostolutzaren zerumuga: mundua zeharkatu beharra dago. Baina ez dago bide eginik zuentzat… Zeuen oinatzez egingo dituzue, mendietan zehar.

Harrituta gelditu zinen, zuk lan egiten duzun apostolutza lan hartako «uniformetasunik» eza onartzen nuelako. Eta esan nizun:

Batasun eta desberdintasun. —Zeruko santuak bezain desberdin izan behar duzue: haietako bakoitzak bere ezaugarri oso bereziak ditu. —Eta baita ere santuak elkarren artean diren bezain antzeko, haietako bakoitza Kristorekin bat egin ez bazen ez baitzen santu izango.

Ez iezadazue «kaperatxorik» egin zuen lanean. —Apostolutzak txikiagotzea litzateke: zeren eta, «kaperatxoa», —azkenean!—, enpresa unibertsal baten gobernura iritsiko balitz… enpresa unibertsal hori kaperatxo bihurtuko litzateke laster!

Nahigabeturik, esaten zenidan: bide asko daude! —Horrela izan behar du: aniztasun miragarri horretan arima bakoitzak berea aurki dezan.

Nahastea? —Aukera ezazu behin betiko: eta nahastea ziurtasun bihurtuko da.

Poztu zaitez, beste batzuk apostolutza onetan lan egiten dutela ikusten baduzu. —Eta eska ezazu haientzat Jaungoikoaren grazia ugaria eta graziarekiko erantzuna.

Gero zu, zure bidera: ziur egon zaitez ez duzula besterik.

Espiritu okerra da zurea besteek, zurelana aintzakotzat hartu gabe, Kristorengatik lan egiten dutelako mintzen bazara. —Oroit zaitez San Markosen pasarte honetaz: «Maisu: gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta galarazi egin diogu, ez baita gure taldekoa. Ez dago galarazi beharrik, erantzun zien Jesusek, ez baitago inor, nire izenean mirariak egin eta nitaz gaizkiesaka ibiliko denik. Hau da, zuen kontra ez dagoena, zuen alde dago».

Eskritura Santuaren erreferentziak