Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Apostoluak → San Pedro.

Baina… eta bideak? —Pedro eta Paulorenak berak dira, Domingo eta Frantzisko, Ignazio eta Xabierrenak: Gurutzea eta Ebanjelioa…

—Txikiak deritzozu, ala?

Aurrera! Zuk… badezakezu. —Ikusten al duzu Jaungoikoaren graziak Pedro loti, ukatzaile eta koldar harekin… edo Paulo jazarle, gorrotatzaile eta tematsu harekin egin zuena?

Sinesmen bizi eta zorrotza. Pedrorena bezalakoa. —Daukazunean —Berak esana da—, zure apostolutza enpresaren aurka altxatzen diren mendiak, gizabidez ezin gainditu diren eragozpenak, baztertuko dituzu.

Katoliko, Apostoliko, Erromatar! —Oso erromatar izan zaitezen gustatzen zait. Baita ere zure «erromesaldia», «videre Petrum», Pedro ikustera, egiteko gogoa izan dezazun.

«Apostoluen Eginetako» iturri gardenean edan ezazu: XII. kapituluan, Pedro, Aingeruen bitartez kartzelatik libratuta, Markosen amaren etxera abiatzen da. —Ez diote neskametxoari sinetsi nahi, Pedro atarian dagoela esaten duenean. «Angelus ejus est!» —Haren Aingerua izango da! zioten.

—Begira zein uste oneko harremanak zituzten lehenengo kristauek Aingeru Zaindariekin.

—Eta zuk?

Esanekotasunaren indarra! —Genesareteko lakuak Pedroren sareei arrainak ukatu zizkien. Gau osoa alferrik.

—Orain, esaneko, uretara bota du sarea berriro eta «piscium multitudinem copiosam» —izugarrizko arrain pila— arrantzatu dute.

—Sinets iezadazu: egunero berritzen da miraria.

«Duc in altum». —Itsasoan barrena! —Koldar bihurtzen zaituen ezkortasun hori bazter ezazu. «Et laxate retia vestra in capturam» —eta bota itzazu sareak arrantzarako.

Ez al duzu ikusten Pedrok bezala esan dezakezula: «in nomine tuo, laxabo rete» —Jesus, zure izenean arimen bila joango naiz?

Zu harritzen zaituenari nik bidezkoa deritzot. —Jaungoikoak zure lanbidean bilatu zaituela?

Horrela bilatu zituen lehenengoak: Pedro, Andres, Joan eta Santiago, sare artean: Mateo, zerga biltzaileen aulkian…

Eta, harritu zaitez!, Paulo, kristauen hazia zapaldu nahian.

Zure apostolutzara erakarri nahi zenituzke gizon jakintsu hura, beste boteretsu hura, eta zuhurtasun eta bertutez jantzitako hura.

Otoitz egin ezazu, zeure burua ukatu, eta landu itzazu zure eredu eta zure hitzaren bidez. —Ez datoz! —Ez bakerik galdu: ez dago haien beharrik.

Jakintsu eta boteretsurik, zuhur eta bertutetsurik ez zegoela, uste al duzu, Pedroren garaikideen artean, lehenengo hamabien apostolutzatik kanpo?

Buruzagiak!… Sendotu ezazu zure nahimena, Jaungoikoak buruzagi egin zaitzan. Ez al duzu ikusten nola jokatzen duten elkarte sekretu madarikatuek? Inoiz ez dute jendetza bereganatu. —Beren kobazuloetan giza deabru batzuk prestatzen dituzte, asko mugituz jendetza nahastu eta zorabiatzen dutenak, beren atzetik joanaraziz neurrigabekeria guztien amildegira… eta infernura. —Hazi madarikatu bat daramate horiek.

Zuk nahi izanez gero…, Jaungoikoaren Hitza eramango duzu, mila eta mila aldiz bedeinkatua eta huts egin ezin duena. Eskuzabal bazara… eta erantzuten baduzu, zure santutasunaren bidez besteena ere lortuko duzu: Kristoren erregetza: «omnes cum Petro ad Jesum per Mariam».

Erlijioso zintzoek beren ordena edo kongregazioko lehenengoak nola bizi ziren jakiteko guraria duten bezalaxe, haien jokaerari jarraitzeko, zu ere —gizon kristaua— ahalegindu zaitez Jesusen dizipuluen bizitza ezagutu eta jarraitzen, Pedro, Paulo eta Joanekin harremanak izan eta ia-ia Maisuaren Heriotza eta Berpiztearen testigu izan zirenena.

«Ez ote dugu eskubiderik, bidaietan, Jesukristorengan gure arreba dugun emakume bat eramateko, lagundu gaitzan, beste apostoluek, Jaunaren anaiek eta Pedrok berak bezala?».

Horixe dio San Paulok Korintoarrei egindako lehenengo gutunean: —Ezinezkoa da gutxiestea «emakumearen laguntza apostolutzan».

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak