Puntuen zerrenda

Hay 8 puntos en «Bidea» cuya materia es Izaera → eskuzabaltasun.

Ez dadila antzu izan zure bizitza. —Onuragarri izan zaitez. —Uztazu arrastoa. —Zure fedearen eta maitasunaren argiaz argi ezazu.

Zure apostolu bizitzaz, gorrotoaren ereile lizunek utzitako arrasto itsaskor zikina garbi ezazu. —Eta munduko bide guztiak piztu bihotzean daramazun Kristoren suaz.

Atzea emaiozu maltzurrari, belarrira honako hau xuxurlatzen dizunean: zertarako korapilatu zure bizitza?

Bere bolizko dorrean, bere oskolean sartzen den berekoiaren hala-holako zorion kaxkarra… mundu honetan lortzea, ez da gauza zaila. —Baina berekoiaren zoriona ez da iraunkorra.

Zeruaren karikatura horrengatik galdu behar al duzu Zeruko Zorion azkengabea?

Kalkulatzaile zara. —Ez esan niri gazte zarenik. Gazteriak ahal duen guztia ematen du: bere burua ere bai, neurririk gabe.

Zeurekoia zara. —Zu beti «zeureari» ekinez. —Kristoren anaitasuna sentitzeko gai ez zarela dirudi: besteengan ez duzu anai-arrebarik ikusten; mailak ikusten dituzu.

Aldez aurretik sumatzen dut zure erabateko porrota. —Eta lur jota zaudenean, orain zuk bizi nahi ez duzun karitatea zurekin bizi dezaten nahiko duzu.

Ez zara buruzagi izango, jendetza zu zeu igo ahal izateko oinaulkitzat bakarrik hartzen baduzu. —Arima guztiak salbatzeko irrikan bazaude izango zara buruzagi.

Ezin zintezke giza taldeari bizkarra emanda bizi: jendea zoriontsu bihurtzeko gogo bizia izan behar duzu.

Ez al zaizu iruditzen, berdintasuna, ulertu ohi den eran, zuzengabekeriaren sinonimoa dela?

Naturaz gaindiko jokaera hori benetako taktika militarra da. —Gotorlekuaren harresietatik urrun kokatutako posizioetan mantentzen duzu borroka —barne-bizitzako eguneroko borrokaldiak.

Eta etsaia hara doa: zure hildura txiki hartara, zure ohiko otoitzara, zure ordenaz burututako lanera, zure biziera planera: eta zure gazteluaren dorreetara, makalak erasoaren aurrean, zaila izango zaio iristea. —Eta iritsiz gero, eraginik gabe iristen da.