Puntuen zerrenda

Hay 4 puntos en «Bidea» cuya materia es Makaltasunak → Jainkoen maitasuna eta errukia.

Begira nolako errai errukiorrak dituen Jaungoikoaren zuzentasunak! —Gizonen epaiketetan, bere errua aitortzen duena zigortu egiten baitute: eta Jaungoikoarenean, barkatu.

Bedeinkatua izan bedi Penitentziako Sakramentu santua!

Ez beldurrik izan Jaungoikoaren Zuzentasunari. —Jaungoikoarengan Errukia bezain miresgarria eta maitagarria da Zuzentasuna: biak Maitasunaren adierazgarri dira.

Akatsez beterik zaude. —Gero eta argiago ikusten dituzu. —Baina, ez zaitzatela izutu. —Badaki Berak ezin duzula fruitu gehiagorik eman.

Zure nahigabeko erorialdiek —haur erorialdiek— arreta handiago jartzera behartzen dute zure Aita Jaungoikoa, eta zure Ama Maria zu beti bere esku maitagarriari lotuta eramatera: onura atera ezazu, eta, Jaunak egunero lurretik altxatzen zaituenean, besarka ezazu zure indar guztiz eta jar ezazu zure buru dohakabea Haren bular irekiaren gainean, bere Bihotz maitagarriaren taupadek zu zeharo zoratu arte.

Zure borondaterik ezak, erorialdiek, eta atzerapenek —agian itxurakoak baizik ez— sortzen dizuten etsipenak, balio handiko zerbait (zure santutasuna) hautsi duzula pentsarazten dizu askotan.

Ez zaitez larritu: eraman ezazu grazi bizitzara haur xaloek horrelako gatazkak konpontzeko erabili ohi duten jokaera zentzuduna.

Beren aitak asko estimatzen duen gauzaren bat hautsi dute —ahultasunez ia beti—. Sentitzen dute, agian negar egin ere bai, baina baldartasunez hondatutako gauzaren jabearengana doaz beren bihozmina arintzera…, eta aitak, hautsitako gauzaren balioa —handia izanda ere— ahaztu egiten du, eta, xamurkiro, barkatu ez ezik, haurtxoa lasaitzen du eta adore ematen dio. —Ikas ezazu.