Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Borroka aszetikoa  → iraunkor eta indartsua.

Ongi joka ezazu «orain», «atzokoaz» oroitu gabe, joana baitago, eta «biharkoaz» kezkatu gabe, ez baitakizu iritsiko ote zaizun.

Orain! Itzul zaitez orain zure bizitza zintzora. —Ez zaitez engaina: «orain» ez da ez goizegi… ez beranduegi ere.

«Jaunak bere ohiko eskuzabaltasunez laguntzen didanez gero, nire gizalegea “finduz” erantzuten saiatuko naiz», esan zenidan. —Eta ez nuen deus ere erantsi behar izan.

A, zure handinahia, zure harrokeriak, zure haragikeria zerbitzatzen dituzun ahalegin berberaz saiatuko bazina Jaungoikoa benetan zerbitzatzen!

Maitasunez bizi zaitez eta beti garaile aterako zara —nahiz eta garaitua izan— zure barne-borrokako Navas eta Lepantoetan1.

1.[ Navas de Tolosa (1212) eta Lepanto-ko (1571) borroken aipamena].

Baina, oraindik ere!, boteretsuen oniritzia, babesa eta atsegina behar ote dituzu Jaungoikoak nahi duena egiten jarraitzeko?

—Boteretsuak aldakorrak izaten dira eta zuk, berriz, iraunkorra izan behar duzu. Eskerronekoa izan zaitez laguntzen badizute. Eta arbuiatzen bazaituzte, segi arduratu gabe.

Ez ardurarik izan. «Zuhurrek» beti erokeria deitu izan diete Jaungoikoaren egintzei.

—Aurrera, ausarki!

Oraingoan froga luzea da. —Agian —baita ziur ere— honaino ez zenuen ongi eraman… oraindik giza pozgarrien bila zenbiltzalako. —Eta zure Aita Jaungoikoak errotik kendu zizkizun, Bera beste euskarririk ez dezazun izan.

Dena berdin zaizula? —Ez zaitez zeure burua engainatu nahian ibili. Orain bertan Jaungoikoarengatik zure bihotza sartu zenuen zenbait pertsona eta enpresei buruz galdetuko banizu, norberaren gauzetaz hitz egiten duenaren arduraz erantzungo zenidake, kementsu!

Ez zaizu dena berdin: izan ere, ez zara nekaezina…, eta denbora gehiago behar duzu zuretzat: denbora hori, azkenean, zure eginkizunetarako ere izango da, zu baitzara lanabesa.

Zuk uzten ez baduzu, Berak ez zaitu utziko.

Bihozgabetzea zure iraupenaren etsaia da. —Bihozgabetzearen kontra borrokatzen ez baduzu, lehenengoz ezkortasunera eta gero epelkeriara iritsiko zara. —Baikor izan zaitez.

Ezin zara «igo». —Ez da harritzekoa: erorialdi hura!…

Iraun ezazu eta «igoko zara». —Oroit zaitez autore espiritual batek esaten duenaz: zure arima gaixoa, hegoak oraindik lohiez itsatsita daramatzan txoria da.

Zeruko eguzkia eta norberaren ahalegin txiki, iraunkorrak, behar dira joera horiek, irudipen horiek eta adore galtze hori erauzteko: zure hegoen lohi itsaskor hori.

Eta aske geldituko zara. —Irauten baduzu, «igoko» zara.