Puntuen zerrenda

Hay 8 puntos en «Bidea» cuya materia es Baikortasuna → ezeren eta inoren beldur ez izatea.

Ez ahaztu, seme, zuretzat gaitz bakar bat dagoela munduan: beldur izan behar diozun eta Jaungoikoaren graziaz saihestu behar duzun gaitza: bekatua.

Jaunak eskatzen digun santutasun maila, hiru puntu hauek mugatzen dute:

Amorerik ez emate santua, behartze santua eta lotsagabetasun santua.

Lotsagabetasun santua gauza bat da, eta bestea lotsagabekeria laikoa.

Lotsagabetasun santua «haurtzaro bizitzaren» ezaugarri bat da. Haurrak ez du ezeren ardurarik. —Bere ahultasunak, berezko ahultasunak, xaloki agertzen ditu mundu guztia berari begira egon arren…

Lotsagabetasun horrek, naturaz gaindiko bizitzara eramanez gero, arrazoiketa hau dakarkigu: laudorio, gutxiespen…: mirespen, iseka…: ohore, desohore…: osasun, eritasun…: aberastasun, pobretasun…: edertasun, itsustasun…

Bai; eta… zer?

Barre egiozu barregarri geratzeari. —Ez axola izan zer esango duten. Ikus eta senti ezazu Jaungoikoa zugan eta zure inguruko gauzetan. —Horrela lortuko duzu beharrezkoa duzun lotsagabetasun santua —hau paradoxa!—, gizon kristau bati dagokion fintasunez bizitzeko.

Lotsagabetasun santua baldin baduzu, zer axola zaizu «zer esan duten» edo «zer esango duten»?

Zer axola zaizu mundu osoa eta bere botere guztiak zure aurka badauzkazu ere? Zu… aurrera!

—Salmoaren hitzak errepika itzazu: «Jauna dut argi eta salbamen: nork beldurtuko nau?… “Si consistant adversum me castra, non timebit cor meum”. —Etsaiez inguraturik ikusi arren, nire bihotza ez da ikaratuko».

Egia esateko, ez da heroi bat izan beharrik —aitortzen didazu— bitxikeria eta jaiera itxurik egin gabe, kasu bakoitzean behar den bakardadea bilatzeko… eta irauteko». —Eta hau eransten duzu: zuk esandako arauak betetzen ditudan bitartean, ez zaizkit axola ingurugiroko nahaste eta aldrebeskeriak: ikaratuko nindukeena da txatxukeria horien beldur izateak». —Bikain.

Eskritura Santuaren erreferentziak