Puntuen zerrenda

Hay 9 puntos en «Bidea» cuya materia es Pietatea → erruki-bizitza.

Zure otoitza liturgikoa izan behar da. —Otoitz pribatu edo partikularren ordez, salmoak eta meza liburuko otoitzak esaten zaletuko bazina!

Ez zaitez hain itsu edo burugabea izan, Jaunaren etxeen horma edo dorreak ikustean, Sagrario bakoitzaren barruan ez sartzeko. —Bera itxaroten daukazu.

Ez zaitez hain itsu eta burugabea izan, Kristo iraintzen duten lekuetatik pasatzean, Maria Sortzez Garbiari jakulatoria bat behintzat ez errezatzeko.

Gal ezazu Jaunari bere izenez —Jesus— deitzeko beldurra eta maite duzula esateko.

Ikasle: Jainkozaletasun sendo eta bizian hez zaitez, ikasketan gailendu, lanbide apostolutzaren irrika sendoa senti ezazu. —Eta zure erlijio eta zientzia heziera sendoaren bidez, hedapen azkar eta handiak agintzen dizkizut nik.

Jainkozaletasunak badu bere gizalegea. —Ikas ezazu. —Errukigarriak dira Meza entzuten ez dakiten —egunero entzun arren— gizon «jainkozale» horiek; ezta Aitaren egiten ere ez dakite —hatzak baldarki mugitzen dituzte lasterka bizian—, ezta Sagrario aurrean belauna tinkatzen —haien belaunikatze barregarriak iseka dirudite—, ezta Andre Mariaren irudi baten aurrean burua begirunez makurtzen.

Nork esan dizu, ez dela gizonezkoena bederatziurrenak egitea? —Jaiera horiek gizontsuak izango dira, gizon batek…, otoitz eta penitentzi espirituz eginez gero.

Haur on: esaiozu Jesusi egunean askotan: maite zaitut, maite zaitut, maite zaitut…

Baldarra naizela aitortzen dut, ene Maitasun. Hain baldarra naiz…, non laztandu nahi dudanean ere, min ematen baitut. —Nire arimaren jokaera leun ezazu: emadazu, ematea nahi dut, haurtzaro bizitzaren gizontasun sendoaren barruan, haurrek beren gurasoak maitekiro tratatzeko izan ohi duten leuntasun eta arreta.

«Haurtzaro bizitza» baldin baduzu, haur zarenez gero, gozozale izan behar duzu gogo bizitzan. —Oroit zaitez, zure adinekoak bezala, zure Amak gordeta dituen gauza gozoez.

Eta hori egunean sarritan. —Segundu batzuetako kontua besterik ez da… Maria… Jesus… Sagrarioa… Jaunartzea… Maitasuna… nekea… purgatorioko arima bedeinkatuak… borrokatzen ari direnak: Aita Santua, apaizak… fededunak… zure arima… zuretarren arimak… Aingeru Zaindariak… bekatariak…