Puntuen zerrenda

Hay 5 puntos en «Bidea» cuya materia es Mardultasuna → beharrezkoa apostolutza egiteko .

Nahimena. Ezaugarri garrantzitsua da,benetan. Ez itzazu gauza txikiak gaitzets,zeren eta gauza horietan etengabe zeure burua ukatuz —inoiz ere ez dira huskeriak, ezerezkeriak—, zure nahimena, Jaungoikoaren graziaz, indartu eta kemenduko duzu, eta zeure buruaren jaun eta jabe izango zara, hasteko. Eta gero, zure eredu, hitz, zientzia eta agintearen bitartez, besteak behartu, bultzatu eta erakarriko dituzun gidari, aitzindari, buruzagi!…

Amore eman? —Borrokarako gogorik ez dutenen —patxadazale, maltzur, koldarren— lexikoan baizik aurkitzen ez den hitza da —amore eman behar da!—, aldez aurretik baitakite garaituak daudela.

Zure apostolutza lanaren espiritua eta arauak babesten daukazun adorea ez du sasi apaltasunak ahuldu behar. —Adore hori ez da harrokeria: sendotasun bertute kardinala da.

Buruzagiak!… Sendotu ezazu zure nahimena, Jaungoikoak buruzagi egin zaitzan. Ez al duzu ikusten nola jokatzen duten elkarte sekretu madarikatuek? Inoiz ez dute jendetza bereganatu. —Beren kobazuloetan giza deabru batzuk prestatzen dituzte, asko mugituz jendetza nahastu eta zorabiatzen dutenak, beren atzetik joanaraziz neurrigabekeria guztien amildegira… eta infernura. —Hazi madarikatu bat daramate horiek.

Zuk nahi izanez gero…, Jaungoikoaren Hitza eramango duzu, mila eta mila aldiz bedeinkatua eta huts egin ezin duena. Eskuzabal bazara… eta erantzuten baduzu, zure santutasunaren bidez besteena ere lortuko duzu: Kristoren erregetza: «omnes cum Petro ad Jesum per Mariam».

Horiek hizketaldiak! Zer zatarkeria eta zer… nazka! —Eta beraiekin bizi behar duzu, bulegoan, unibertsitatean, kirofanoan…, munduan.

Mesedez isiltzeko eskatzen badiezu, burla egiten dizute. —Kopeta iluntzen baduzu, are eta gehiago ekiten diote. —Joaten bazara, jarraitu egiten dute.

Irtenbidea hau da: lehenengoz, Jaungoikoari beraien alde otoitz egin eta ordaindu; gero…, aurpegia eman gizontsuki eta «mihi-gaiztoaren apostolutza» erabili. —Ikusten zaitudanean zerrendatxo bat esango dizut belarrira.