Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Asmo-zuzentasuna → Jainkoaren aintza bilatzea .

Aurrena, otoitza: gero, ordaina; hirugarren lekuan, besteen atzetik, egintza.

Erabaki zehatz eta sendo hau har ezazu: ohore eta gorespenak zuzentzen dizkizutenean, lotsatzen eta gorritzen zaituenaz oroitzea.

Horixe da zurea; gorespena eta aintza, Jaungoikoarenak.

Asmo zuzena. —Beti izango duzu, denean eta beti Jaungoikoari atsegin ematea bakarrik bilatuz gero.

Apostolutza enpresetan mundu honetako baliabideak (2 + 2 = 4) aintzakotzat hartzea ongi dago —betebehar bat da—, baina ez ahaztu —inoiz!— beste batugai bat kontuan hartu behar duzula, zorionez: Jaungoikoa + 2 + 2…

Jaungoikoa bakarrik bilatzen denean, apostolutza lanak aurrera eramateko, gure adiskide on batek ematen zuen abiaburu hura erabil daiteke : «Behar dena gastatzen da, nahiz eta gastatzen dena zor izan».

Mesede hura eskertu ez dizutelako minduta zaude. —Erantzun bi galdera hauei: hain eskerronekoa al zara zu Kristo Jesusekin?… Mesede hori, munduan eskerrona bilatzearren egiteko gauza izan al zara?

Gauza egokia da Jaungoikoari aintza ematea, Berarekin, Bizitzan, bete-betean gozatuko dugun aintza horren aurrerapenik (emazte, seme-alabak, ohore…) hartu gabe…

Gainera, Bera eskuzabala da… Bateko ehun ematen du: eta hori, seme-alabatan ere, egia da. —Asko dira Jaungoikoaren aintzagatik haurrik gabe gelditzen direnak, eta gero milaka espirituko umeak dituztenak. —Umeak, gu zeruetan dagoen gure Aitaren ume garen bezala.

«Deo omnis gloria». —Jaungoikoarentzat aintza osoa. —Gure ezerezaren erabateko aitormena da. Bera, Jesus, dena da. Guk, Bera gabe, ez dugu ezer balio: ezer ez.

Gure handikeria hori litzateke: hantuste hutsa; lapurreta sakrilegoa: «ni» hori ez da inon azaldu behar.

Bizitzak Jaungoikoaren aintza helburutzat ez balu, arbuiagarria litzateke, areago: gorrotagarria.

Eman Jaungoikoari aintza «guztia». —Zure borondatearen bidez eta graziaren laguntzaz, garbi ezazu zure egintza bakoitza, giza harrokeri kutsurik, zeure buruaren zaletasun aztarnik, geldi ez dakion.

Ez zaitzala inongo maitasunek munduari lotu, Kristori aintza emateko gogo jainkozkoak salbu, eta Haren bidez, Harekin eta Harengan, Aitari eta Espiritu Santuari.

Asmo zuzena. —Harrokeriaren lilurak eta haragiaren bultzadak azkar ezagutzen dituzu… eta borrokatuz, graziaren laguntzaz, garaitzen dituzu.

Baina, baita egintza santuenetan ere, lan egitera zaramatzaten arrazoiak ez zaizkizu garbiak iruditzen… eta zure baitan sentitzen duzun ahots batek giza asmoak ikustarazten dizkizu…, hain leunkiro, non zure arima kezkatzen baita, behar bezala —Maitasun hutsagatik, Jaungoikoari eta Berari bakarrik aintza osoa ematearren— lanean ari ote den pentsatuz.

Berehala erreakziona ezazu aldi bakoitzean eta esaiozu: «Jauna, ez dut niretzat ezer nahi. —Izan bedi dena zure aintzarako eta Maitasunez».

Eskritura Santuaren erreferentziak