Puntuen zerrenda

Hay 12 puntos en «Bidea» cuya materia es Tentaldiak → konponbideak.

Atzea emaiozu maltzurrari, belarrira honako hau xuxurlatzen dizunean: zertarako korapilatu zure bizitza?

Lizunkeriarekin ez zaitez elkarrizketan ari: arbuia ezazu.

Ez zaitez koldarra izan «ausartarena» eginez: ihes egin ezazu!

Tentaldiaren garaian, pentsa ezazu zeruan itxaroten dizun Maitasunean; susta ezazu zure esperantza, hori ez baita eskuzabaltasunik eza.

Badirudi ozenki entzuten duzula zure ariman: «aurreiritzi erlijioso hori!»… —Eta gero, hitz ederrez, gure haragi eroriaren ahultasun guztien defentsa: «bere eskubideak!».

Hori gertatzen zaizunean esaiozu etsaiari badagoela lege naturala, eta Jaungoikoaren legea, eta Jaungoikoa! —Baita infernua ere!

«Domine!» —Jauna!—, «si vis, potes me mundare» —nahi baduzu, garbi nazakezu.

—Zein otoitz ederra legendunaren fedeaz behin eta berriz esateko, Jaungoikoak, zuk eta nik dakiguna gertatzen zaizunean! —Laster adituko duzu Maisuaren erantzuna: «volo, mundare!» —nahi dut, zaitez garbi!

Bere garbitasuna gordetzeagatik, Asiseko San Frantzisko elurretan iraulkatu zen, San Benitok bere burua laharrera bota zuen, San Bernardo baltsa izoztu batean murgildu zen… —Zuk, zer egin duzu?

Eskuineko begia galbide bazaizu…, atera eta bota ezazu zugandik urruti! —Bihotz gaixoa, bera da galbide zaizuna!

Zapaldu, estutu ezazu eskuen artean: ez iezaiozu atseginik eman. —Eta eskatzen dizkizunean, erruki jatorrez beterik, esaiozu poliki, isilmandatu gisan: «Bihotza, Gurutzean bihotza!, Gurutzean bihotza!».

Ez pentsatu gehiago zure erorialdian. —Pentsamendu hori, zapaltzen eta estutzen zaituen harlauza izanez gain, erraz izan daiteke hurrengo tentaldien abagune. —Kristok barkatu zizun: gizon zaharraz ahatz zaitez.

Naturaz gaindiko jokaera hori benetako taktika militarra da. —Gotorlekuaren harresietatik urrun kokatutako posizioetan mantentzen duzu borroka —barne-bizitzako eguneroko borrokaldiak.

Eta etsaia hara doa: zure hildura txiki hartara, zure ohiko otoitzara, zure ordenaz burututako lanera, zure biziera planera: eta zure gazteluaren dorreetara, makalak erasoaren aurrean, zaila izango zaio iristea. —Eta iritsiz gero, eraginik gabe iristen da.

Maita ezazu Andre Maria. Eta Berak lortuko dizu eguneroko borrokan garaile irtetzeko grazia ugaria. —Eta ezertarako ez diote balio izango etsaiari zure barruan bor-bor altxatzen diren gauza gaizto horiek, beraien usain gozoko usteltasunez Kristok berak zure bihotzean ipinitako ideal handi eta agindu bikainak ito nahian. —«Serviam!».

Zure espirituaren dardara hori, inguratzen zaituen tentaldia, arimako begiak estaltzen dizkizun benda bat bezalakoa da.

Ilunbetan zaude. —Ez saiatu bakarrik ibiltzen, bakarrik erori egingo baitzara. —Joan zaitez zure Zuzendariarengana —buru egiten duenarengana— eta berak entzunaraziko dizkizu Rafael Goiaingeruak Tobiasi zuzendutako hitzak:

«Forti animo esto, in proximo est ut a Deo cureris». —Izan adore, Jaungoikoak laster sendatuko zaitu eta. —Esaneko izan zaitez, eta eroriko zaizkizu ezkatak, begietatik benda eroriko zaizu, eta Jaungoikoak graziaz eta bakez beteko zaitu.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak