Kanako Ezteiak

Herri txikietako eztei-jai zaratatsu haietako batean, albo-inguruetatik jendeak bildu direnean, Maria konturatzen da ardo gutxi daukatela (Jn 2,3). Bera bakarrik, eta berehala. O zein etxetiar egiten zaizkigun Kristoren bizitzako gertakariak! Jaungoikoaren handitasuna gauza txikiekin elkartzen baita, gauza arruntekin. Emakumeari dagokio, etxeko andre maratzari, huts egin den ikusi, eta giza bizitza alaitzen duten pozbidetxoak ekartzea. Eta horixe egin zuen Mariak.

-Egin horrek esango dizuena! (Jn 2,5).

Implete hydrias (Jn 2,7), bete ontziak, eta miraria dator. Horrela, horrelako xalotasunez. Dena arrunta. Haiek beren egitekoa betetzen zuten. Ura eskura zegoen. Eta Jaunaren Jainkotasunaren lehenengo agerpena da. Xumeena aparta bihurtzen da, izadiz gainetiko, Jaungoikoak eskatzen diguna aintzat hartzeko borondate ona dugunean.

Zure esku emankorretan utzi nahi dut, Jauna, nirea den guztiaren ardura. Gure Amak –Zure Amak!- honez gero, Kanan bezala, zure belarrietan entzunarazi du: Ez daukate!…

Gure sinesmena ahula bada, jo dezagun Mariarengana. Kristok bere Amaren eskariz egin zuen Kanako miraria dela medio, haren ikasleek sinetsi egin zuten harengan (Jn 2, 11). Gure Ama beti ari da bere Semearen aurrean gure alde aintzat har gaitzan eta “Zu Jaungoikoaren Semea zara” aitortzeko moduan egoteko ager dakigun.

-Emadazu, o Jesus, benetan nahi dudan sinesmen hori! Nire Ama eta nire Andrea, Maria guztiz Santua, egizu sinets dezadala!

Iturriak: Igaro egiten den Kristo da, 141. z. Eskutitza 1951-IX-14, 23. z. Sutegi, 807. z. Jaungoikoaren adiskideak, 285. z. Sutegi, 235. z.

Puntu hau beste hizkuntza batean