Oinazezko gertakariak

Egizue otoitz, tentaldian sar ez zaitezten. –Eta Pedrok lo hartu zuen. –Baita gainerako Apostoluek ere. –Zuk ere lo hartu zenuen, adiskidetxo…, eta ni, berriz, beste Pedro loti izan nauzu.

Jesus, bakarrik eta goibel, minez dago, lurra bere odolez blaituz.

Lur gogorrean belauniko, otoitzean dihardu… Negar dagi zugatik… eta nigatik, gizonen bekatuen zamapean.

Pater, si vis, transfer calicem istum a me. –Aita, Zuk nahi baduzu, ken ezazu nigandik kaliza hau… bainan ez bedi nire nahia egin, sed tua fiat, zurean baizik.

Zeruko Aingeru batek kemen-arnasa ematen dio. –Jesus azken larritan dago. –Eta prolixius, gero eta gehiago otoitzean dihardu… –Lotan gaudenongana hurbiltzen da: jaiki zaitezte eta egin otoitz, esaten digu, berriz tentaldian eror ez zaitezten (Lk 22, 46).

Judas saltzaileak musu bat. –Pedroren ezpatak diz-diz egin du gauean. –Jesusek honela dio: Lapur betengana bezala al zatozkidate? (Mk 24, 48).

Ikarati hutsak gara. Urrundik jarraitzen diogu, baina esna eta otoitz eginez. –Otoitz… Otoitz…

Pilatosek herriari: Ohitura duzue, nik Pazkotan zuei norbait askatzea. Nor nahi duzue askatzea, Barrabas –lapurra eta beste batzuekin giza hilketagatik atxilotua- ala Jesus? (Mt 27, 17). –Erail ezak hori eta askatu Barrabas, dio deiadarka herriak, bere agintariek eraginda (Lk 28, 18).

Pilatosek ostera: hortaz, zer egingo nik Kristo deritzan Jesusekin? (Mt 28, 22). –Crucifige eum! –Jos ezak hori gurutzean! (Mt 25, 14).

Pilatosek hirugarrenez: Baina, gaitzik zer egin du honek? Nik ez dut honengan herio-errurik aurkitzen (Lk 23, 22).

Gero eta iskanbila handiagoa jendeak: Josi, jos ezak hori gurutzean! (Mk 15, 14).

Eta Pilatosek, herriari poz eman nahirik, Barrabas askatzen du, Jesus zigorkatzeko aginduz.

Jesus pilareari lotuta. Zauriz betea.

Astin-uhalen zartakoak Haren haragi urratuen gainera datoz. –Zu eta ni bekatariongatik ebakitako haragi errugabearen gainera. –Zigorradak ugari. Eta amorru itsua ugariago. Gero eta itsuagoa… Hau giza basatien basakeria!

Azkenean, leher eginik, Jesus askatzen dute. –Eta Kristoren gorputza, minez apurtua, lurrera dator. Lurrera, harra bezala. Erdi hilik eta azkenetan.

Zuk eta nik ez dugu hitz egiterik. –Zertarako hitz egin? –Begiraiozu, begiraiozu astiro.

Hori ikusita, bekatuak ordaintzeko beldurrez ote zaude?

Ase da, ase, gure Erregearen oinaze egarria!

-Pretorio barrura daramate nire Jauna, eta han biltzen dira gudamutil guztiak (Mk 15, 16). –gudamutil ankerrek biluzi dituzte Jaunaren haragi txit garbiak. Eta zapi zarpatsuz estali, -Kanabera ipini diote, errege-makila bezala, eskuinean…

Mailuz joka sartu diote buruan arantzazko koroia, eta irrizko errege antzo agertzen zaigu. Ave Rex judaeorum! –Agur, Judutarren Erregea (Mk 15, 18). Buruan jo eta masailekoka… eta txistuka darabilte.

Arantzez koroatu eta zarpail gorriz jantzirik, Jesus judutarren aurrean jartzen dute: Ecce homo! –Hona hemen gizona! Eta oihuka zioten berriro apaiz buruek eta jendeak: Josi, jos ezak hori gurutzean! (Jn., 19, 5-6).

-Zuk eta nik ez ote dugu, inoiz, Jesus berriro arantzez koroatu, masailekoka jo eta txistukatu?

Ez, ez gehiago, Jesus, ez gehiago… Buka dezagun hamarreko hau, erabaki zintzo-garbi bat hartuz.

Jesus, Gurutzea sorbaldan duela, hebreeraz Golgota deritzan Kalbario tokirantz doa (Jn 19, 17). –Bere etxaldetik zetorren Simon Zirenetarrari heldu eta Jesusen atzetik Gurutzea eramaten jartzen dute (Lk., 23, 26).

Ongi bete da Isaiasek esana (53, 12): cum sceleratis reputatus est, gaizkiletzat hartu dute. Beste bi gizon eraman baitzituzten Harekin batean hiltzera. Bi gizon lapur (Lk 23, 32).

Inork nire atzetik etorri nahi badu… Adiskide enetxo: goibel gaude, Jesus gure Jaunaren Pasioa bizituz. Begira nolako maitasunez heltzen dion Gurutzeari. –Ikas dezagun. –Jesusek zugatik darama Gurutzea; eramazu zuk Jesusengatik.

Baina ez ezazu Gurutzea arrastaka eraman… Tente eramazu eta zure Gurutzea, horrela eramanik, ez da edozein Gurutze izango, Gurutze Santua baizik. Ez ezazu etsipenez Gurutzea eraman. Etsipena gutxitxo duzu. Maite ezazu Gurutzea. Egiatan maitatzen duzunean, zure Gurutzea… Gurutzerik gabeko Gurutze izango.

Eta Hark bezalaxe, zuk ere Maria topo egingo bidean.

Jesus Nazaretarra judutarren Erregea da, eta gerturik dauka bere errege-aulki garailea. Zuk eta nik ez dugu bihurriturik ikusi, Gurutzean josi dutenean. Ezin handiagozko oinazeak jasanik, Betiko Apaiz Nagusiaren erara zabaldu ditu besoak.

Gudamutilek Haren jantzi santua hartu eta lau sail egin dituzte. –Soineko luzea ez puskatzearren, zozkatu egin dute norentzat izango. –Eta berriz ere, Liburu Santuak dioena bete da: Beren artean banatu zituzten nire jantziak, zotz eginik (Jn 19, 23-24).

Jarri dute Gurutzean. Goi-gainean… Eta, Gurutze ondoan, bere Semearekin, Andre Maria… Eta Kleofasen emaztea Maria eta Maria Magdalena. Eta Joan, Jesusek maite zuan ikaslea. Ecce Mater tua! –Horra hor zure Ama. Bere Ama, gure Amatzat ematen digu.

Behazunez nahasturiko ardoa eskaini diote aurretik; baina dastatu orduko, ez zuen edan. (Mt., 27, 34).

Orain egarriz dago… maite egarriz, arima egarriz.

Consummatum est. –Dena bukatu da (Jn 19, 30).

Begira, umetxo kaiku: hau guztia zugatik eraman du. Zugatik eta nigatik. Ez al duzu negar egiten?

Kapitulu hau beste hizkuntza batean