Aintzazko Gertakariak

Larunbat arratsaldean, Maria Magdalenak eta Maria Santiagoren Amak eta Salomek ukenduak erosi zituzten Jesusen gorputz hila igurzteko. –Oso goiz, biharamunean, hilobira doaz, eguzki argitan (Mk 16, 1-2). Eta hilobira sartzean, atsekabez betetzen dira, ez baitute Jaunaren gorputzik aurkitzen. Jantzi zuria duen gazte bat honela mintzatzen zaie: Ez beldur izan. Badakit Jesus Nazaretarraren bila zaretela: non est hic, surrexit enim sicut dixit. Ez da hemen, piztu da eta, esanik zeukanez.

Piztu da, bai! Piztu da Jesus. Ez dago hilobian. Biziak indar gehiago heriotzak baino.

Bere Ama txit santuari agertu zitzaion. Eta Maria Magdalenari (hau maite minez zora beharrean zegoen gaixoa!). –Eta Pedrori eta gainerako Apostoluei. –Eta zuri eta niri. Haren ikasle gara eta Magdalena baino zoratuago gaude. Horiek gauzak esan dizkiogunak!

Ez gaitezela inoiz bekatuz hil. Beti guztirako izan dadila gure arimaren pizkundea. –Eta, hamarrekoa bukatu baino lehen, Haren oin-zauriei musu eman diezu… eta nik, ausardia handiagoz –umeago izaki, nonbait- Haren saihets irekian ipini ditut nire ezpainak.

Maisua, orain, bere ikasleei irakasten ari zaie.

Buru-adimena argitu die, Eskriturak uler ditzaten. Eta bere bizi, mirari, nekaldi, heriotza eta pizkunde aintzatsuaren testigu bihurtzen ditu (Lk 24, 45 eta 48).

Gero Betanirantz daramatza eta, besoak jasorik, bedeinkatu egiten ditu. –Bitartean, haiengandik aldentzen eta zerura igotzen ari zaie (Lk 24, 50), hodei batek ezkutatu zuen arte (Eg I, 9).

Pedro eta gainerantzekoak, Jerusalenera datoz poz handiz, -cum gaudio magno- (Lk., 24, 52). –Bidezko deritzagu, noski, Zeruko Aingeru eta zoriontsu talde guztiek Kristoren Gizatasun Santua txalotu, goretsi eta ohore guztiz ospatzeari.

Baina zu eta ni umezurtz gaude. Biok goibelik, Mariarengana goaz poztasun bila.

Jaunak esana zen: Aitari nik erregutuko, eta beste Laguntzaile, beste Kontsolatzaile bat bidaliko dizue, zuekin beti egon dadin (Jn 14, 16). Ikasle guztiak, bertan, toki berean zeudela, bat-batean, haize handiaren antzeko hots-burrunba etorri zen zerutik, eta haiek zeuden etxe guztia bete zuen. –Hala berean, suzko mingain batzuk, banaka, haietako bakoitzaren gainean kokatu ziren (Eg 2, 1-3).

Apostoluak, Espiritu Santuaz beterik, mozkor bezala zeuden (Eg II, 13).

Eta Pedrok, beste hamaikaz inguraturik, ozenki eta indarrez hitz egin zuen. –Ehun aldetako lagunek entzuten diogu. –Bakoitzak bere hizkuntzan entzuten. –Zuk eta nik gurean. –Jesukristoz, Espiritu Santuaz, eta Aitaz ari zaigu.

Ez diote harrika ematen, ez dute giltzapean sartzen. Sinesmenera bihurtzen dira; eta haietako hiru mila entzule bataiatzen dira.

Zuk eta nik, bataioak egiten Apostoluei lagundu ondoren, Aita Jaungoikoa bedeinkatzen dugu, bere Seme Jesusen bidez, eta geure buruak ere Espiritu Santuaz mozkor-antzean nabari ditugu.

Assumpta est Maria in coelum: gaudent angeli! –Maria, gorputz eta arima, Jaungoikoak zeruetara jasoa izan da. Aingeruen poza!

Honela mintzo da Eliza. –Eta guk ere alaitasun osoz gogora ekarri nahi dugu Arrosario Santuaren hamarreko hau.

Loak hartu du Jaungoikoaren Ama. –Hamabi apostoluak ohearen ondoan daude. Matias, Judasen ordez.

Gu ere onartu gaituzte, eta Haren ondoan gaude.

Baina Jesusek, zeruan eduki nahi du bere Ama, gorputz eta arima. –Eta zerutar guztiak ospe harrigarriz prestatzen dira, Andre Mariari jai egitera. –Zuk eta nik, umetxoak izan, Ama Birjinaren mantu-ertz ederrari heltzen diogu zeruko jaialdia bertatik ikusterik ahal izateko.

Guztiz eder zara, eta ez da Zugan errurik. –Baratze hesia zara Zu, ene Arreba, ene Emaztea, baratze hesia eta iturri zigilatua. –Veni: coronaberis. –Zatoz, koroa zaitzagun (Kt 4, 7, 12 eta 8).

Zuk eta nik ere Maria, ahal izan bagenu, izadi guztiko Andre eta Erregina egingo genuen.

Ezaugarri bikain bat agertu da zeruan: Emakume bat, buruan hamabi izarreko koroa duela. –Eguzkiz jantzia. –Eta oinetan ilargia daukana (Apk 12, 1). Errurik gabeko Birjina Mariak Evaren bekatu-okerra zuzendu zuen; eta infernuko dragoiaren burua zapaldu bere oin guztiz garbiaz. Jaungoikoaren Alaba, Jaungoikoaren Ama eta Jaungoikoaren Emaztea.

Jaungoikoak, Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak, izadi guztiko Erregin koroatzen du.

Eta menpetasun osoa agertzen diote zeruko Aingeru, Patriarka, Profeta, Apostolu, Martiri, Aitorle, Birjina eta Santu guztiek… baita bekatari guztiek, zuk eta nik ere.

Kapitulu hau beste hizkuntza batean