Argizko Gertakariak

Ilargizko gertakarien atariko oharra

1931ean idatzitako Arrosario Santua liburuak ez zekarren gertakari hauentzako iruzkinik, baina San Josemariak bere bizitzan zehar maitasunez hausnartu eta predikatu zituen, Ebanjelioren urrats bakoitza bezala. Irakurleek Arrosario Santuaren gogarte osoa egin ahal izateko Opus Deiren Sortzailearen idatzietatik zenbait testu hartu dira, askoren artean.

Jesus Galileatik Jordanera etorri zen, Joanengana, honek bataia zezan […]. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: -Hau da nire Semea, nire maitea; berau dut atsegin (Mt 3, 13.17).

Bataioan, Jaungoiko gure Aitak gure bizitzaz jabetu egin da, Kristorenean txertatu eta Espiritu Santua bidali digu.

Jaungoikoaren indar eta ahalmenak lurbira argitzen dute.

Mundua suak harraraziko dugu, lurrera ekartzera etorri zinen su garretan. Eta zure egiaren argiak, gure Jesus, adimenak argituko ditu azken gabeko egun batean.

Oraindik dar-dar egiten duen ahots biziz aldarrikatzen entzuten dizut, nire Errege: ignem veni mittere in terram, et quid volo nisi ut accendatur? –Eta –naizen osorik- nire zentzumen eta ahalmenez erantzuten dut: ecce ego: quia vocasti me!

Jaunak zure ariman zigilu ezabaezina ipini du, Bataioaren bitartez: Jaungoikoaren semea zara.

Haurra: ez al zara pizten guztiei Bera maitarazteko irrikan?

Iturriak: Igaro egiten den Kristo da, 128. z. Barru-oharrak, 1741. z. Sutegi, 264., 300. z.

Herri txikietako eztei-jai zaratatsu haietako batean, albo-inguruetatik jendeak bildu direnean, Maria konturatzen da ardo gutxi daukatela (Jn 2,3). Bera bakarrik, eta berehala. O zein etxetiar egiten zaizkigun Kristoren bizitzako gertakariak! Jaungoikoaren handitasuna gauza txikiekin elkartzen baita, gauza arruntekin. Emakumeari dagokio, etxeko andre maratzari, huts egin den ikusi, eta giza bizitza alaitzen duten pozbidetxoak ekartzea. Eta horixe egin zuen Mariak.

-Egin horrek esango dizuena! (Jn 2,5).

Implete hydrias (Jn 2,7), bete ontziak, eta miraria dator. Horrela, horrelako xalotasunez. Dena arrunta. Haiek beren egitekoa betetzen zuten. Ura eskura zegoen. Eta Jaunaren Jainkotasunaren lehenengo agerpena da. Xumeena aparta bihurtzen da, izadiz gainetiko, Jaungoikoak eskatzen diguna aintzat hartzeko borondate ona dugunean.

Zure esku emankorretan utzi nahi dut, Jauna, nirea den guztiaren ardura. Gure Amak –Zure Amak!- honez gero, Kanan bezala, zure belarrietan entzunarazi du: Ez daukate!…

Gure sinesmena ahula bada, jo dezagun Mariarengana. Kristok bere Amaren eskariz egin zuen Kanako miraria dela medio, haren ikasleek sinetsi egin zuten harengan (Jn 2, 11). Gure Ama beti ari da bere Semearen aurrean gure alde aintzat har gaitzan eta “Zu Jaungoikoaren Semea zara” aitortzeko moduan egoteko ager dakigun.

-Emadazu, o Jesus, benetan nahi dudan sinesmen hori! Nire Ama eta nire Andrea, Maria guztiz Santua, egizu sinets dezadala!

Iturriak: Igaro egiten den Kristo da, 141. z. Eskutitza 1951-IX-14, 23. z. Sutegi, 807. z. Jaungoikoaren adiskideak, 285. z. Sutegi, 235. z.

-Bete da garaia, eta gainean duzue Jainkoaren Erregetza. Bihur zaitezte eta sinetsi berriona (Mc 1, 15).

Jende guztia berarengana zetorren eta irakasten hasi zitzaien. (Mc 2, 13)

Jesusek ontzi haiek ikusten ditu ur-bazterrean eta igo egiten da batera. Bai aise sartzen dela Jesus guretako bakoitzaren ontzian! Jaunarengana hurbiltzen zarenean, gogoan izan zuregandik oso gertu dagoela beti, zugan: regnum Dei intra vos est (Lc 17, 21). Zure bihotzean aurkituko duzu.

Kristo, lehenik eta behin, gure arimaren Errege behar du izan. Nigan Errege izan dadin bere grazia ugaria behar dut: horrela bakarrik nire azken taupada ere, nire azken arnasaldi ere, nire begirada arinena ere, nire hitz arruntena ere, nire sentipen oinarrizkoena ere, Kristo nire Erregeari hossana bat bihurtuko dira.

Duc in altum. –Itsasoan barna! –Baztertu, beldurti bihurtzen zaituen iluntasuna. Et laxate retia vestra in capturam –eta bota zuen sareak arrantzurako.

Uste on izan behar dugu Jaunaren hitz horietan: ontzian sartu, arraunei heldu, belak jaso eta Kristok ondare ematen digun munduko itsas horretara jo.

Et regni ejus non erit finis. –Haren Erregetzak ez du azkenik izango!

-Ez al dizu poza ematen horrelako erregealdiaren alde lan egiteak?

Iturriak: Aho predikuko oharrak, 1960-III-19; 1973-I-1. Igaro egiten den Kristo da, 181. z. Bidea, 792. z. Igaro egiten den Kristo da, 159. z. Bidea, 906. z.

Eta antzaldatu egin zen haien aurrean: aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zitzaion eta jantziak argia bezain zuri (Mt 17, 2).

Zu ikustea, Jesus! Zuri mintzatzea! Horrela irautea, zuri begira, zure neurrigabeko edertasunean murgilduta, begiratze horretan etengabe jardutea betiere! Kristo, ai Zu ikustea baneza! Zureganako maitasunez maiteminduta gelditzeko, Zu ikustea baneza!

Eta mintzo batek hodeitik esan zuen: “Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut atsegin. Entzun berari!” (Mt 17, 5).

Gure Jauna, hemen gaituzu, esan nahi diguzun guztia entzuteko prest. Mintzatu guri; zure ahotsari adi gaude. Zure hizketak, gure ariman eroriz, sutan jar dezala gure borondatea, kartsuki eraso diezaion zuri obeditzera.

Vultum tuum, Domine, requiram (Sal 26, 8), zure aurpegia bilatuko dut, Jauna. Begiak itxi eta Bera ikusteko unea iritsiko dela hausnartzeak liluratu egiten nau, ez ilun eta ispiluan bezala… baizik eta aurrez aurre (1 Ko 13, 12). Bai, Jainkoaren egarri naiz, Jainko biziaren egarri: noiz iritsiko ni Jainkoaren aurpegia ikustera? (Sal 41, 3).

Iturriak: Aho predikuko oharrak, 1937-VI-4; 1937-VII-25; 1973-XII-25.

Pazko-Jaia gainean zen. Jesusek bazekien mundu hau utzi eta Aitarengana joateko ordua iritsi zitzaiona. Munduan ziren beretarrak beti maite izan zituelarik, azkenean bete-betean maitatu zituen (Jn 13, 1).

Munduan iluntzen ari zen, erritu zaharrak, gizadiarekiko Jaungoikoaren erruki amaigabeko antzinako ezaugarriak bere betera iritsiko ziren, egiazko egunsentiari bidea emanez: Pazko berria. Eukaristia gauez izan zen eratua, Pizkundeko goizaldia aldez aurretik prestatzen zuela.

Jesus maitasunez gelditu zen Eukaristian…, zuregatik.

-Gelditu zen, gizonek nola hartuko zuten jakinik… baita zuk nola hartzen duzun ere.

-Gelditu zen, jan dezazun, ikustera joan eta zure gauzak konta diezazkiozun eta, Sagrario ondoan otoitzean eta Sakramentua hartzean tratatuz, egunean baino egunean maitemin zaitez, eta beste arima batzuek –askok!- bide berea jarrai dezatela eragin dezazun.

Ume txintxo: nola ematen dieten musu maite dutenaren loreei, eskutitzari, oroigarriari!

-Eta zu, inoiz ahazterik izango al duzu beti zure ondoan duzuela… Bera!? –Ahaztuko al duzu… jan dezakezula?

-Jauna, ez dezadala berriro lurrari itsatsita hegan egin!, egon nadila beti Kristo den Eguzkiaren izpiez argituta Eukaristian! Ez dadila eten nire hegaldia zure Bihotzeko atsedena iritsi artean!

Iturriak: Igaro egiten den Kristo da, 155. z. Sutegi, 887., 305., 39. z.

Kapitulu hau beste hizkuntza batean