Pobretasuna

Ez ahaztu: gutxien behar duenak dauka gehien. —Ez premiarik sortu zeure buruari.

Aska zaitez munduko ondasunetatik. —Maita eta bizi ezazu gogo pobretasuna: pozik gera zaitez soiltasunez eta neurriz bizitzeko nahikoa denarekin.

—Bestela, inoiz ez zara apostolu izango.

Egiazko pobretasuna ez da ez edukitzea, baizik eta daukazunari loturik ez egotea: gauzen jabe izateari nahita uko egitea.

—Horregatik, badaude benetan aberats diren pobreak. Eta alderantziz ere bai.

Jainko gizon bazara, saia zaitez ondasunak arbuiatzen mundutarrak beraietaz jabetzen saiatzen diren bezala.

Munduko gauzei hainbeste zaletasun! —Laster ihes egingo dizute eskuen artetik, ez baitiote hilobira laguntzen ondasunek aberatsari.

Ez duzu pobretasun espiriturik, inor konturatu gabe zerbait aukeratzerakoan, zuretzat ez baduzu txarrena aukeratzen.

«Divitiae, si affluant, nolite cor apponere» —Ondasunak eskuetara badatozkizu, ez dadila zure bihotza haiei lotu. —Eskuzabalez erabiltzera adoretu zaitez. Baita heroikoki ere, behar balitz.

—Bihotzez behartsu izan zaitez.

Ez duzu pobretasuna maite, pobretasunak berarekin dakarrena maite ez baduzu.

Zenbat baliabide santu dituen pobretasunak! —Oroitzen al zara? Apostolutza lan hura diru estualdi batean zegoela, zenuen azkeneko sosa ere eman zenion.

—Eta hark—Jaungoikoaren Apaiz— honela 229 esan zizun: «nik ere daukadan guztia emango dizut». —Zu, belauniko. Eta… «Jaungoiko Ahalguztidunaren, Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren onespena zugana jaitsi eta iraun beza beti», entzun zen.

—Oraindik ere, ongi ordainduta gelditu zinelako ustean zaude.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean