Nahigabeak

Ona da erasoaldia. —Zer galtzen da?… Lehendik galduta dagoena ez da galtzen. —Zuhaitza errotik ateratzen ez denean —eta ez dago Elizaren zuhaitza aterako duen haize erauntsirik— adar iharrak bakarrik erortzen dira… eta horiek, ongi eroriak daude.

Ados nago: pertsona hura gaiztoa izan da zurekin. —Baina, ez al zara zu okerragoa izan Jaungoikoarekin?

Jesus: Igaro zaren lekuetan, ez dago berdin gelditu den bihotzik. —Maitatu edo gorrotatzen zaituzte.

Bere eginbeharra betetzen, gizon apostolu batek jarraitzen dizunean, harritu al naiteke —beste Kristo bat izanik!— antzeko gorroto edo maitasun zurrumurruak altxatzen baditu?

Berriz ere…: Esan dutela, idatzi dutela…: Alde, aurka…: Borondate onez eta ez hain onez…: Erdi esanak eta gezur beltzak, gorespen eta gorazarreak…: tontakeriak eta ongi esanak…

—Burugabe, burugabekote!: Zer axola zaizu, buru-bihotzak Jaungoikoaz mozkortuta, zuzen-zuzen zure helburura zoazelarik, haizearen hotsa edo txitxarraren doinua, edota orroa, kurrinka, irrintzia?…

Gainera… ezinbestekoa da hori: ez zaitez haizeari ateak jarri nahian ibili.

Mihiak askatu dira eta erdeinuak jasan dituzu, are eta mingarriagoak itxaroten ez zenituelako.

Zure naturaz gaindiko erreakzioa barkatzea izan behar da —baita barkamena eskatzea ere— eta, esperientzia honi esker, gizakiengandik bihotza askatzea.

Nekea, destaina…, Gurutzea datorrenean, pentsa ezazu: zer da hau nik merezi dudanaren aldean?

Nahigabe larria jasaten ari zara? —Atsekabeak dituzu? Esan, astiro-astiro, ahogozatuz, otoitz sendo eta gizontsu hau:

«Egin bedi, bete bedi, laudatua eta beti goratua izan bedi Jaungoikoaren Nahi txit zuzena eta maitagarria, gauza guztien gainetik. —Amen. —Amen».

Bakea lortuko duzula ziurtatzen dizut nik.

Amets… labur den hemengo bizitza honetan jasan egiten duzu… —Poztu zaitez: zure Aita Jaungoikoak asko maite zaituelako, eta, oztoporik jartzen ez baduzu, amets gaizto honen ondoren esnatze on bat emango dizu.

Mesede hura eskertu ez dizutelako minduta zaude. —Erantzun bi galdera hauei: hain eskerronekoa al zara zu Kristo Jesusekin?… Mesede hori, munduan eskerrona bilatzearren egiteko gauza izan al zara?

Ez dakit zergatik izutzen zaren. —Beti izan ziren zentzu eskasekoak Kristoren etsaiak.

Lazaro berpiztu zenean, Jesusen jainkotasuna aitortu behar lukete burumakur. —Ez, ba: hil dezagun bizia ematen duena!, esan zuten.

Eta gaur, atzo bezala.

Borroka eta atsekabe garaian, agian «onek» zure bidea eragozpenez betetzen dutenean, altxa ezazu zure apostolu bihotza: entzun Jesusi, ziape aleaz eta orantzaz ari delarik. —Eta esaiozu: «edissere nobis parabolam» —azaldu iezadazu parabola.

Eta geroko garaipena ikustearen poza sentituko duzu: zeruko hegaztiak orain hasi berria duzun apostolutzaren babesean; eta ore guztia harrotua.

Nahigabea bihotz-uzkurturik hartzen baduzu, alaitasuna eta bakea galtzen dituzu eta estuasun hartatik onura espiritualik gabe ateratzeko zorian jartzen zara.

Herri gertakizunek sartu zaituzte, zure borondatez, agian gorabeheren ondorioz, kartzelakoa baino okerragoa den itxialdi batean. —Zure nortasunaren ilunaldi bat jasan duzu.

Ez duzu lekurik aurkitzen: berekoikeriak, jakin-minak, ulertu ezinak eta marmarra. —Bai; eta zer? Ahaztu al zara zure nahimen guztiz askeaz eta zure «haur» ahalmenaz? —Hosto eta lorerik ezak (kanpoko egintza) ez dio erroari ugaltze eta ekintzarik galarazten (barne-bizitza).

Lan egin ezazu: aldatuko da gauzen norabidea eta lehen baino fruitu ugariagoak eta gozoagoak emango dituzu.

Errieta egiten dizute? —Ez zaitez haserretu, zure harrokeriak hori esan arren. —Pentsa ezazu: nolako karitatea duten nirekin! Zenbat gauza gorde ote dute isilik!

Gurutzea, lanak, nahigabeak: bizi zaren bitartean izango dituzu. —Kristo bide horretatik ibili zen eta ez da ikaslea Maisua baino gehiago.

Ados nago: kanpotik borroka handia dago eta hori nolabait aitzakia da zure alde. —Baina barrutik badago ere gaizkidetasunik —begira ezazu astiro— eta horretan ez dut aitzakiarik ikusten.

Ez al duzu Maisuaren ahotik entzun mahatsondoa eta aihenen parabola? —Arindu ezazu bihotza: fruitu ematen duen aihen zarelako eskatzen dizu gehiago… Eta inausten zaitu «ut fructum plus afferas» —fruitu ugariago eman dezazun.

Jakina!: mozte horrek, erauzte horrek, min ematen du. Baina gero, a zer nolako fruitu mardulak eta nolako egintza helduak!

Urduri zaude. —Begira: zure barne-bizitzan edo zure inguruan edozer gauza gertatuta ere, ez ahaztu gertaeren edo pertsonen garrantzia ez dela hainbesterainokoa. —Lasaitu zaitez: denbora pasatzen utzi; eta 253 gero, gertakizunak eta jendea urrundik eta hotzean ikustean, ikuspegi zabalagoa lortuko duzu, eta gauza bakoitza dagokion lekuan eta neurrian jarriko.

Horrela eginez gero, zintzoago izango zara eta buruhauste asko alde batera utziko dituzu.

Gau txar bat ostatu txar batean. —Horrela deskribatu omen zuen mundu honetako bizitza Ama Teresa Jesusenak. —Ez al da konparazio egokia benetan?

Bisita bat monasterio famatuari. —Eraikin haren pobretasuna ikustean, andre atzerritar haren bihotza errukitu egin zen: «Oso bizitza gogorra daramazue, ezta?» Eta fraideak, pozik, ez zuen hau besterik esan: «Zuk nahi izan zenuen, fraide; zuk nahi izan zenuen eta hor duzu».

Gizon santu hari alaiki esaten entzun niona, zuri penaz esan behar dizut, zoriontsu ez zarela esaten didazunean.

Kezkatu? —Inoiz ez: hori bakea galtzea da eta.

Gorputz erorialdia. —Lur jota zaude.

—Atseden har ezazu. Utzi kanpoko eginkizun horiek. —Joan zaitez medikuarengana. Obedi ezazu eta ez ardurarik izan.

Laster itzuliko zara lehengo bizimodura eta, zintzo bazara, zure apostolutza lanak ere hobeto beteko dituzu.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean