Zure santutasun maila

Jaunak eskatzen digun santutasun maila, hiru puntu hauek mugatzen dute:

Amorerik ez emate santua, behartze santua eta lotsagabetasun santua.

Lotsagabetasun santua gauza bat da, eta bestea lotsagabekeria laikoa.

Lotsagabetasun santua «haurtzaro bizitzaren» ezaugarri bat da. Haurrak ez du ezeren ardurarik. —Bere ahultasunak, berezko ahultasunak, xaloki agertzen ditu mundu guztia berari begira egon arren…

Lotsagabetasun horrek, naturaz gaindiko bizitzara eramanez gero, arrazoiketa hau dakarkigu: laudorio, gutxiespen…: mirespen, iseka…: ohore, desohore…: osasun, eritasun…: aberastasun, pobretasun…: edertasun, itsustasun…

Bai; eta… zer?

Barre egiozu barregarri geratzeari. —Ez axola izan zer esango duten. Ikus eta senti ezazu Jaungoikoa zugan eta zure inguruko gauzetan. —Horrela lortuko duzu beharrezkoa duzun lotsagabetasun santua —hau paradoxa!—, gizon kristau bati dagokion fintasunez bizitzeko.

Lotsagabetasun santua baldin baduzu, zer axola zaizu «zer esan duten» edo «zer esango duten»?

Sinets ezazu, onena egiten duenarentzat ez dagoela barregarri geratzerik.

Gizon prestu… moldagarri batek, berriz ere heriotzara kondenatuko luke Jesus.

Amore ematea egiaren jabe ez izatearen seinale ziurra da. —Pertsona bat ideal, ohore edo Sinesmen gauzetan moldagarri denean, pertsona hori… ez idealik, ez ohorerik, ez Sinesmenik ez duen pertsona da.

Borrokan gogortutako Jainko gizon hark arrazoi hau ematen zuen: Ez dudala amore ematen? Jakina!: Nire idealaren egiaz ziur nagoelako. Zu, ordea, oso moldagarria zara…: bi eta bi hiru eta erdi direla onartuko al zenuke? —Ez?…, ezta adiskidetasunez ere ez duzu hain gauza txikian amore ematen?

—Izan ere, lehenengo aldiz ziur zaude egiaren jabe zarela… eta nire alderdira igaro zara!

Amorerik ez emate santua ez da neurrigabekeria.

Dotrinan eta jokaeran ez zaitez amore emaile izan. —Baina modu bigunean joka ezazu. —Altzairuzko mazo indartsua, azal barrubigunean bildua.

—Ez zaitez amore emaile izan, baina ezta ere burugogor.

Amorerik ez ematea, soilik, ez: «amorerik ez emate santua» baizik.

Ez dezagun ahatz badagoela ere «behartze santu» bat.

Giza bizitza bat salbatzearren, guztien txaloak jasoz, indarra erabiltzen badugu gizaki batek ez dezan bere burua hil…, ezin ahal ote dugu behartze bera erabili —behartze santua— ergelkeriaz beren arimak hiltzen ahalegintzen diren hainbesteren Bizitza (maiuskulaz) salbatzearren?

Zenbat krimen egiten diren zuzentasunaren izenean! —Zu, su arma saltzaile bazina, eta norbaitek arma baten ordaina emango balizu harekin zure ama hiltzeko asmotan, salduko al zenioke?… Ez al zizun, ba, bidezko prezioa ematen?…

—Katedradun, kazetari, politiko, diplomatiko: gogar ezazue.

Jaungoikoa eta ausardia! —Ausardia ez da zuhurgabetasuna. —Ausardia ez da ausarkeria.

Ez eskatu bakarmena Jesusi zure erruengatik bakarrik: ez ezazu maita zure bihotzez bakarrik…

Egin dizkioten, egiten dizkioten eta egingo dizkioten irain guztiak ordain iezazkiozu…, gehienik maite izan duten gizon-emakume guztien bihotzen indar guztiz maita ezazu.

Ausarta izan zaitez: esaiozu Berarengatik Magdalako Maria, Teresa eta Teresatxo… baino zoratuago zaudela; burutik jota zaudela Agustin, Domingo eta Frantzisko, Ignazio eta Xabier baino gehiago ere.

Are eta ausartago izan zaitez eta, zerbait behar duzunean, beti «Fiat» batetik abiaturik, ez ezazu eska: esazu «Jesus, hau edo bestea nahi dut», horrela eskatzen baitute haurrek.

Porrot egin duzu! —Guk ez dugu inoiz porrot egiten. —Zure uste on osoa jarri zenuen Jaungoikoagan. —Gero, ez zenuen giza baliabiderik erabili gabe utzi.

Sinets ezazu egia hau: zure arrakasta —orain eta horretan— porrot egitea zen. —Emazkiozu eskerrak Jaunari eta, hasi berriro!

Porrot egin duzula? —Zuk —ongi dakizu— ezin duzu porrotik egin.

Ez duzu porrot egin: esperientzia lortu duzu. —Aurrera!

Hura hutsegite eta hondamena izan zen; gure espiritua galdu zenuelako. —Badakizu, naturaz gaindi jokatuz gero, amaierak (garaipena?, garaitua izatea?, ba!) izen bakarra daukala: arrakasta.

Ez ditzagun nahas karguaren eskubideak eta norberarenak. —Lehenengoei ezin zaie uko egin.

Santuttoa santuaren aldean, santujalea jainkozalearen aldean bezala da: haren karikatura.

Ez dezagun uste ezer balioko digutenik gure itxurazko santu bertuteak, kristau bertute arruntekin batera ez badoaz.

—Hori, barruko arropa hutsen gainean bitxi bikainez apaintzea litzateke.

Zure bertutea ez dadila bertute ozena izan.

Sasi apostolu askok, nahi gabe ere, on egiten diote jendeari, herriari, predikatzen duten Jesusen ikasbidearen indarrez, beraiek bete ez arren.

Baina on egite honek ez du ordaintzen beraiek sortzen duten benetako gaitz izugarria, buruzagi eta apostolu arimak hilez; besteei erakutsitakoa ez dutela egiten ikusirik, aspertuta aldentzen baitira beraiengandik.

Beraz, ez badute bizitza guztiz zuzena eraman nahi, ez dira inoiz lehenengo errenkadan jarri behar, talde buru bezala, ez gizonak, ez emakumeak.

Zure Maitasun sua ez dadila argitxa

kur izan. —Amets huts, sasi su, ukitzen duena gar bihurtzen ez duena eta berotzen ere ez duena.

Satanasen «non serviam» hura emankorregia izan da. —Ez al duzu sentitzen zure baitan errebelatze oihu hura baino emankorragoa izan daitekeen «serviam» —zerbitzatuko zaitut, leial izango natzaizu!—, egunero otoitzez eta egitez esateko gogo bizia?

Zein negargarria, «Jainko gizon» galbideratua! —Baina are eta negargarriagoa «Jainko gizon» epel eta munduzalea!

Ez kasu handirik egin munduak garaipen edo porrot deitzen dionari. —Hainbestetan egiten du porrot garaileak!

«Sine me nihil potestis facere!» Argi berria, hobeto esateko, Betiko Argia den Ebanjelio Santuaren argitasun berriak nire begientzat.

—Harritu al nazakete «nire»… tontakeriak?

—Sar dezadan Jesus nire gauza guztietan. Eta, orduan, ez da tontakeriarik izango nire jokaeran: eta, egokiago hitz egitearren, aurrerantzean ez dut nire gauzak esango, «gure gauzak» baizik.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean