Jainko Maitasuna

Ez dago Maitasuna beste maitasunik!

Gauzarik apalenari, areago, gauzarik apalgarrienari garrantzia emateko, bide bakarra maitatzea da.

—Haur. —Eri. —Hitz hauek idazterakoan, ez al duzue maiuskulaz jartzeko gogorik sentitzen?

Arima maitemindu batentzat haurrak eta eriak Bera baitira!

Zer gauza gutxi den bizitza bat Jaungoikoari eskaintzeko!…

Adiskide bat altxorra da. —Eta… Adiskide bat!…, zure altxorra dagoen lekuan, hantxe baitago zure bihotza.

Jesus zure adiskide da. —Adiskidea. —Haragizko bihotza duena, zurea bezalakoa. —Haren begiak, ezin maitagarriagoak, Lazarorengatik negar egin zuten…

—Eta Lazaro adina maite zaitu zu ere.

Ene Jaungoiko, maite zaitut, baina… irakats iezadazu maitatzen!

Maitasunez zigortzea: horixe da merezi dutenei jartzen zaien zigorra naturaz gaindiko mailara jasotzeko bidea.

Jaungoikoaren maitasunez, Bera iraintzen baitugu, ordain bezala balio dezala zigorrak: Jaungoikoarengatik lagun hurkoari diogun maitasunez, zigorra inoiz ere ez dadila mendeku izan, sendagai onuragarri baizik.

Hainbeste maite nauzula jakin, ene Jaungoiko, eta… nola ez naiz erotu?

Kristorengan dauzkagu eredu guztiak: Errege, Maitasun eta Jaungoiko baita.

Jauna, denean izan dezadala oreka eta neurri… Maitasunean izan ezik.

Maitasunak, giza maitasunak ere bai, hainbeste poz ematen badu hemen, zer izango da Maitasuna zeruan?

Maitasunez egiten den guztia eder eta handi bihurtzen da.

Jesus, azkena izan nadila denean… eta lehenengoa Maitasunean.

Ez beldurrik izan Jaungoikoaren Zuzentasunari. —Jaungoikoarengan Errukia bezain miresgarria eta maitagarria da Zuzentasuna: biak Maitasunaren adierazgarri dira.

Gogora ezazu munduko gauzarik eder eta handiena… adimenari eta beste ahalmenei atsegin zaiena… eta haragiari eta zentzuei laket zaiena…

Eta mundua ere bai, eta gauean distiratzen duten beste munduak: Unibertso osoa. —Hori guztia eta bihotza asetzen duten zoramen guztiek…, ez dute deus ere balio, hutsa dira, hutsaren hutsa, nire Jaungoiko honen! —zurearen!— aldean, amaigabeko altxor, bitxi zoragarri, beheratua, esklabo bihurtua, morroi itxuraz deuseztaturik sortu nahi izan zuen estalpean, Joseren lantegian, Nekaldi eta Heriotza iraingarrian… eta Eukaristia Santuko Maitasun zoramenean.

Maitasunez bizi zaitez eta beti garaile aterako zara —nahiz eta garaitua izan— zure barne-borrokako Navas eta Lepantoetan1.

1.[ Navas de Tolosa (1212) eta Lepanto-ko (1571) borroken aipamena].

Utziozu zure bihotzari Maitasun eta eskerroneko samurtasuna isurtzen, etsaiak ezarritako korapiloetatik Jaungoikoaren graziak egunero nola askatzen zaituen ikusirik.

«Timor Domini sanctus». —Jaungoikoaren beldurra santua da. —Semeak aitari dion begirune beldurra, inoiz ere ez morroi beldurra, zure Aita Jaungoikoa ez baita zapaltzaile.

Maitasun damua. —Bera ona delako. —Zure Adiskidea delako, zuregatik bere Bizitza eman zuena. —Daukazun on guztia berea delako. —Hainbeste iraindu duzulako… Barkatu dizulako… Berak!… zuri!!

—Negar egin ezazu, seme, Maitasun damuz.

Gizakiren bat hil izan balitz ni heriotzatik askatzearren!…

—Jaungoikoa hil zen. Eta axolagabe gelditzen naiz.

Zoroa! —Ikusi zintudan —gotzain kaperan bakarrik zinela uste zenuen—kaliza eta patena sagaratu berriei musu banaematen: Berak, lehenengo aldiz eukaristi ontzihorietara «jaisten» denean, hantxe aurki ditzan.

Ez ahaztu Damua Maitasunaren froga harria dela.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean