Karitatea

Zure lana amaitzean, egin ezazu anaiarena, baina Kristorengatik, leuntasun eta naturaltasunez lagunduz, bidezkoa dena baino gehiago egiten ari zarenik anaia bera konturatu ez dadin.

Hori bai dela Jainko seme baten bertute fina!

Lagun hurkoaren karitate hutsegiteek zurekiko min ematen dizute. Zenbateraino minduko dute Jaungoikoa zuk Berarekin dituzun karitate —Maitasun— hutsegiteek?

Ez lekurik eman inoren aurkako burutapeni, haren hitz edo egintzek zentzuz iritzi horretara badaramate ere.

Ez egin ezezko kritikarik: Goretsi ezin duzunean, isil zaitez.

Inoiz ere ez ezazu zure anaiaz gaizki

hitz egin, arrazoiak soberan izanda ere. —Joan zaitez lehenbizi Sagrariora, eta gero Apaizarengana, zure aitarengana, eta huts ezazu harekin zure nahigabea.

—Eta beste inorekin ez.

Marmarra, apostolutza lohitu eta oztopatzen duen herdoila da. —Karitatearen aurka doa, indarrak gutxitzen ditu, bakea kentzen, eta Jaungoikoarekin bat egitea galarazten du.

Zu hain dohakabe izanik, nola harritzen zara besteek ere akatsak dituztelako?

Askoren bizitza, osorik!, zertan erabiltzen den ikusi eta gero (mihia, mihia, mihia, bere ondorio guztiekin), beharrezkoago eta maitagarriago deritzot isilik egoteari.

—Eta ulertu ere, ongi ulertzen dut, Jauna, zuk alferrikako hitzen kontu eskatzea.

Esatea, egitea baino errazagoa da. —Zu…, hain mihi zorrotza duzun hori —aizkora modukoa—, saiatu al zara noizbait, ustekabean bada ere, besteek, zure iritzi «ospetsuan», hain ongi egiten ez dutena zuk «ongi» egiten?

Horren izena hauxe da: xuxurla, marmar, istilu, nahaste, esamesa, istorio, azpijoko…, gezur beltz?, bilaukeria?

—Gauza zaila da, eman behar ez duenaren «irizpide emate» hori, «atso berritsuen kalaka» ez bihurtzea.

Nola mintzen duen Jaungoikoa eta nolako kaltea egiten dion arima askori —eta nola santu egin dezakeen beste asko— «zintzoen» zuzentasunik ezak.

Ez dezagun epaitu nahi. —Bakoitzak bere ikuspuntutik begiratzen ditu gauzak… eta ia beti bere adimen laburrez, eta, maiz, beroaldiak ilundutako begi lausoez.

Gainera, pintore modernista horiena bezala, oso subjektiboa eta gaixotia da pertsona batzuen ikuspegia: nolanahiko zirriborro batzuk egin eta gero, gure erretratua, gure jokaera dela ziurtatzen digute.

Zein gutxi balio duten gizakien iritziak! —Ez ezazue epaitu zuen iritzia otoitzean bahetu gabe.

Ahalegindu zaitez, beharrezkoa bada, iraintzen zaituztenei beti barkatzen, lehenengo unetik, zeren eta zuri egindako kalte edo iraina handia izan arren, gehiago barkatu baitizu zuri Jaungoikoak.

Marmarrean zabiltza? —Galdu egiten duzu orduan espiritu zuzena, eta isilik egoten ikasten ez baduzu, hitz bakoitza lan egiten ari zaren apostolutza enpresa horren atera hurbiltzen zaituen pausu bat da.

Ez epaitu bi alderdiak entzun gabe. —Beren burua elizkoitzat dutenek ere, erraz ahazten dute zuhurtasunaren oinarrizko arau hau.

Ba al dakizu nolako kaltea egin dezakezun harri bat urrutira botatzean, begiak bendatuak izanez gero?

—Era berean, ez dakizu nolako kaltea egin dezakezun, kalte larria batzuetan, marmar hitzak botatzean, zuri arin-arinak iruditu arren, begiak axolagabekeriaz edo beroaldiaz bendaturik dituzulako.

Kritikatzea, haustea, ez da gauza zaila: igeltsero peoiak ere badaki bere erreminta sartzen katedraleko harri bikain eta ederra urratzeko.

—Eraikitzea: horixe da maisuak eskatzen dituen lana.

Nor zara zu buru egiten duenak ongijokatu duen epaitzeko? —Ez al duzuikusten hark zuk baino datu gehiago dituela bere iritzia osatzeko: esperientzia handiagoa, aholkulari zuzenagoak, jakintsuagoak eta neurritsuagoak: eta, batez ere, grazia gehiago duela, grazia berezia, Jaungoikoaren argi eta laguntza bikaina den bizibide grazia?

Munduko berekoikeriarekin topatzeak, zuretarren senide maitasuna gehiago maitaraziko dizu.

Zure karitatea… harroa da. —Urrun

dik erakarri egiten duzu: argia baitaukazu. —Bertatik, uxatu egiten duzu: ez duzu berorik. —Tamalgarria!

«Frater qui adjuvatur a fratre quasi ci

vitas firma» —Anaiak laguntzen duen anaia, harresiz inguratutako hiria bezain sendoa da.

—Une batez pentsa ezazu eta erabaki ezazu beti esaten dizudan anaitasuna bizitzea.

Etengabe erakusten ari natzaizun anaitasun bedeinkatua gordetzen ez bazaitut ikusten, San Joanen hitz maitagarri haiek gogaraziko dizkizut: «Filioli mei, non diligamus verbo neque lingua, sed opere et veritate». —Seme-alabatxook, ez dezagun hitzez eta ahoz maita, egitez eta benetan baizik.

Karitatearen indarra! —Zuen ahultasuna eginbeharrak betetzen tinko mantenduko zaituzten euskarri izango da, anaitasun bedeinkatua biziz gero: joko kartak zutik elkar mantentzen diren bezala, bata bestearen euskarri izanik.

«Ematean» baino gehiago, karitatea «ulertzean» datza. —Horregatik, bila ezazu aitzakiaren bat —beti izaten dira— zure lagun hurkoaren alde, epaitzera behartua bazaude.

Ba al dakizu pertsona hark arriskuan daukala arima? —Urrundik, zure batasun bizitzaren bitartez, laguntza bikaina izan zaitezke berarentzat. —Tira, ba! eta ez zaitez larritu.

Zure anaiengatik sentitzen dituzun kezka horiei ongi deritzot: zuen elkar maitasunaren ezaugarri dira. —Hala ere, kontu izan zure kezka horiek urduritasun bihur ez daitezen.

Normalean, jendea, bere diruari dagokionez, ez da eskuzabal izaten —idazten didazu—. Berriketa, buila eta zoramena, hitz emateak, planak. —Bere burua ukatzeko orduan, gutxi dira benetan laguntzen dutenak. Eta ematen badute ere, jolasketaren bat tartean jarrita izan behar du —dantza, tonbola, zine, gau bilera— edo egunkarietan dohain emaileen zerrenda agertzekotan.

—Iluna da, benetan, ikuskizuna, baina badu salbuespenik: zu ere, limosna ematean, eskubiak egiten duena ezkerrak jakin dezan uzten ez duten horietako bat izan zaitez.

Liburuak. —Eskua luzatu nuen, Kristoren eskale baten antzera, eta liburuak eskatu nituen. Liburuak!, gazte unibertsitario askoren adimen katoliko, apostoliko eta erromatarraren janari diren liburuak.

—Eskua luzatu nuen, Kristoren eskale baten antzera… eta, a zer ezustekoak jaso nituen!

—Zergatik ez dute ulertzen, Jesus, limosna hori kristau maitasun sakona dela, gari oneko ogia ematea baino eraginkorragoa?

Xaloegia zara. —Gutxi direla karitatea bizi dutenak! —Karitatea izatea ez dela arropa zaharra edo kobrezko txanponak ematea…

—Eta zuri gertatutakoagatik ilusioa galduta zaudela kontatzen didazu.

—Hauxe bakarrik datorkit burura: eman dezagun zuk eta nik zuhurkeriarik gabe, eta geure burua ere eman dezagun. Eta ezagutzen gaituztenek ez dute zure esperientzia txarra izango.

«Agurtu itzazue santu guztiak. Santuguztiek agurtzen zaituzte. Efeson bizidiren santu guztiei. Filiposen dauden Kristo Jesusengan Santu guztiei». —Ez al da hunkigarria lehenengo kristauek erabiltzen zuten izen hori —santuak!— elkarren artean deitzeko? —Zure anaiak tratatzen ikas ezazu.

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean