Josemaría Escrivá Obras
575

Batzuk tunel batetik bezala igarotzen dira bizitzan zehar eta ez dute ulertzen gure eguzkia den fedearen distira, ziurtasuna eta beroa.


576

Zein argi eta zitalki argudiatzen duen Satanasek gure Fede Katolikoaren aurka!

Baina, esan diezaiogun beti, eztabaidan hasi gabe: Elizaren seme naiz ni.


577

Neurrigabeko sinesmena sentitzen duzu… —Sinesmen hori ematen dizunak, bideak ere emango dizkizu.


578

Apostolu arima, San Paulok esaten dizu: «Justus ex fide vivit». —Zintzoa fedeari esker bizi da.

—Zertan ari zara, su hori itzaltzen utziz?


579

Sinesmena. —Penagarria da ikustea, zein ugaria daukaten ezpainetan kristau askok, eta zein gutxi darabilten beren egintzetan.

—Badirudi bertute hau irakasteko bakarrik dela, ez bizitzeko.


580

Eskaiozu Jaunari apalki zure fedea gehi diezazun. —Eta gero, argi berrien bidez, ederki bereiziko duzu munduko bidexken eta zure apostolu bidearen artean dagoen aldea.


581

Zein apal eta xaloki kontatzen dituzten Ebanjelariek Apostoluen sinesmen eskasa eta zalantzaz betea agertzen dituzten gertakizunak!

—Zuk eta nik lehenbiziko haiek gero izan zuten sinesmen aldagaitza eta sendoa lortzeko esperantzarik gal ez dezagun.


582

Zein ederra den gure Fede Katolikoa! —Gure estualdi guziei ematen die erantzuna, gure adimena baketzen du eta itxaropenez asetzen bihotza.


583

Ez naiz «mirarizale». —Esan nizun, behar baino mirari gehiago dauzkadala Ebanjelio Santuan nire fedea sendotzeko. —Baina pena ematen didate kristau batzuk —haien artean elizkoiak ere badaude, «apostoluak!»—, ezohiko bideez edo naturaz gaindiko gertakizunez hitz egiten entzutean irribarre egiten dutenak. —Horiei, hauxe esateko gogoa datorkit: bai, orain ere badira mirariak: geuk egingo genituzke federik bagenu!


584

Bizkortu ezazu zure sinesmena. —Kristo ez da joandakoren bat. Ez da historian galtzen den oroipena.

Bizirik dago!: «Jesus Christus heri et hodie: ipse et in saecula!» —dio San Paulok— Jesukristo atzo, gaur eta beti!


585

«Si habueritis fidem, sicut granum sinapis!» —Ziape hazia adinako sinesmenik bazenute!…

—Horiek agintzak Maisuaren oihu horrek gordetzen dituenak!


586

Jaungoikoa betikoa da. —Arima fededunak behar dira: eta Eskritura Santuan irakurtzen ditugun mirariak berrituko dira.

—«Ecce non est abbreviata manus Domini» —Jaungoikoaren besoa, bere ahalmena, ez da laburtu!


587

Ez dute federik. —Bai, ordea, sineskeriak. Barregura eta lotsa eman zigun, hitz jakin bat entzutean —berez axolagabekoa eta kalterik egin ez dezakeena, baina zoritxarrekoa bere ustez—, edo aulkia hanka baten gainean jiraka ikustean, lasaitasuna galtzen zuen gizon ahaltsu hark.


588

«Omnia possibilia sunt credenti» —Dena ahal du sinesten duenak. —Kristoren hitzak dira.

—Zergatik ez diozu Apostoluekin batera hauxe esaten: «adauge nobis fidem!» —gehi ezazu nire sinesmena!?


Aurrekoa Hurrengoa