Erabakiak

Zehatz ezazu. —Zure erabakiak ez daitezela bengala argiak izan, une batez distiratu eta gero beren egia garratza uzten dutenak, destainaz botatzen den zotz beltz gauzaeza.

Hain gazte zara! —Bere ibilaldia hasten duen untzia dirudizu. —Oraingo desbideratze arin horrek, zuzentzen ez baduzu, azkenean ez zaitu kaira heltzen utziko.

Erabaki gutxi har itzazu. —Erabaki zehatzak. —Eta bete itzazu Jaungoikoaren laguntzaz.

«Bai: santu izan nahi dut» esan didazu, eta nik isilik entzun dizut: Baieztapen hori, hain lausotua eta orokorra denez, gehienetan tontakeria iruditzen bazait ere.

Bihar!: noizbait zuhurtasuna da; askotan, garaituen adberbioa.

Erabaki zehatz eta sendo hau har ezazu: ohore eta gorespenak zuzentzen dizkizutenean, lotsatzen eta gorritzen zaituenaz oroitzea.

Horixe da zurea; gorespena eta aintza, Jaungoikoarenak.

Ongi joka ezazu «orain», «atzokoaz» oroitu gabe, joana baitago, eta «biharkoaz» kezkatu gabe, ez baitakizu iritsiko ote zaizun.

Orain! Itzul zaitez orain zure bizitza zintzora. —Ez zaitez engaina: «orain» ez da ez goizegi… ez beranduegi ere.

Nahi al duzu «zure bideaz» pentsatzen dudan guztia esatea? —Hara, bada: deiari erantzuten badiozu, Kristogatik gehien lan egiten duenak adina lan egingo duzula: eta otoitz arima bihurtzen bazara, lehen aipatu dizudan erantzuna eman eta lanik gogorrenak bilatuko dituzula zeure burua ukatzeko irrikaz…

Eta zoriontsu izango zara hemen, eta oraindik zoriontsuago gero, Bizitzan.

Zauri horrek min ematen du. —Baina sendatzen ari da: eutsi zure erabakiei. Eta nahigabea laster bake gozo bihurtuko da.

Harea zakua bezala zaude. —Zure aldetik ez duzu ezer egiten. Eta bide horretatik, ez da harritzekoa epelkeriaren sintomak sentitzen hastea. —Erreakziona ezazu.

Kapitulu hau beste hizkuntza batean