Egilea

Josemaría Escrivá de Balaguer Dohatsua Barbastron (Huesca, Espainia) jaio zen 1902ko urtarrilaren 9an. 15 edo 16 urte zituela, Jainko dei baten lehenengo seinaleak sentitu zituen eta apaiz egitea erabaki zuen. 1918an eliz ikasketak Logroñoko Seminarioan hasi eta 1920tik aurrera Zaragozako San Francisco de Paula-koan jarraitu zituen; han Buru izan zen 1922tik aurrera. 1923an, eliz agintaritzaren baimena jasota eta teologi ikasketak garai berean egin gabe, Zuzenbide Zibileko ikasketak hasi zituen Zaragozako Unibertsitatean. 1924ko abenduaren 20an diakono ordenatu eta 1925eko martxoaren 28an apaiztu zen.

Perdiguerako parrokian —Zaragozako eliz barrutian— hasi zuen bere apaiz lana, gero Zaragozan jarraituz. 1927ko udaberrian, Artzapezpikuaren baimenarekin beti, Madrilera aldatu zen, non apaiz lan nekaezina egin zuen giro guztietan, azken auzotegietako behartsu eta babesik gabekoez ere arduratuz, batez ere hospitaletako sendaezinez eta hil zorian zeudenez. Bihotz Sakratuaren Dama Apostolikoek zeukaten Gaixoen Patronatu soros lanaren kapilautzaz arduratu zen, eta unibertsitate Akademia baten irakasle izan zen, garai hartan Madrileko Unibertsitatean bakarrik egiten ziren Zuzenbide Zibileko doktorego ikastaroak jarraitzen zituelarik aldi berean.

1928ko urriaren 2an, Jaunak garbi-garbi ikusarazi zion ordurarte sumatu besterik egiten ez zuena; eta Josemaría Escrivá Dohatsuak Opus Dei eraiki zuen. Jaunaren eraginez beti, 1930eko otsailaren 14an ulertu zuen emakumeen artean ere zabaldu behar zuela Opus Deiren apostolutza. Horrela, bide berri bat irekitzen zen Elizaren barruan, gizarte maila guztietako jendeen artean santutasuna bilatzera eta apostolutzan jardutera bultzatzen zuena, eguneroko lana santutuz, munduaren erdian, eta bizibidez aldatu gabe.

1928ko urriaren 2atik aurrera, Opus Deiren Fundatzaileak Jaungoikoak gomendatu zion eginkizuna betetzeari ekin zion, arima guztien alde apostolu grina bizia azalduz. 1934an Santa Isabeleko Patronato-aren Errektore izendatua izan zen. Espainiako gerra zibilaren denboran Madrilen aritu zen apaiz lanean —batzuetan bere bizitza arrisku latzean jarriz— eta geroago Burgosen. Josemaría Escrivá Dohatsuak, baretasunez eta naturaz gaindiko ikuspegiz eraman zituen ordutik aurrera denbora luzez jasan behar izan zituen nahigabe gogorrak.

1943ko otsailaren 14an, Opus Deiri erabat lotuta, Gurutze Santuaren Apaiz Elkartea (Sociedad Sacerdotal de la Santa Cruz) fundatu zuen, zeinen bidez Opus Deiko kide laikoak apaiz egin eta Opus Deiren zerbitzuan jartzeaz gain, geroago, eliz barrutietako apaizei ere, Opus Deiko espiritualitate eta aszetika bera izateko aukera ematen zien, beren ministeritzako eginbeharrak beteaz santutasuna bilatuz, eta bakoitza bere Apezpikuaren menpean bakarrik egonik.

1946az geroztik Erroman izan zuen bere bizilekua, eta bere bizitzaren azkeneraino han geratu zen. Handik bultzatu eta zuzendu zuen Opus Deiren zabalkundea mundu osoan, Opus Deiko gizon eta emakumeei dotrina, aszetika eta apostolutza heziketa sakona emateko bere indar guztiez lan eginez. Fundatzailearen heriotzaren garaian, Opus Deik bazituen 80 nazioetako 60.000 kide baino gehiago.

Escrivá de Balaguer Monsinorea Zuzenbide Kanonikoaren Kodearen interpretazio jatorrerako Aita Santuaren Batzordeko Aholkulari izan zen eta baita Seminario eta Unibertsitateetako Elkarte Sakratuetakoa ere; Aita Santuaren Ohorezko Prelatu, eta Teologiako Erromatar Aita Santuaren Akademiako ad honorem Akademiakide. Nafarroako (Iruña, Espainia) eta Piurako (Peru) Unibertsitateen Kantziler Nagusia ere izan zen.

Josemaría Escrivá Dohatsua 1975eko ekainaren 26an hil zen. Aspalditik eskaintzen zion bere bizitza Jaungoikoari Elizagatik eta Aita Santuagatik. Santa María de la Paz elizako kriptan, Erroman, lurperatu zuten. Alvaro del Portillo Monsinorea (1914-1994), haren laguntzailerik hurbilena urte askotan, ahobatez hautatua izan zen 1975eko irailaren 15ean, bere ondorengo izateko agintaritzan. Opus Deiko oraingo Prelatua Javier Echevarría Monsinorea da, Josemaría Escrivá Dohatsuarekin hamarkada batzuetan zehar lan egin zuena ere eta haren lehen ondorengo, del Portillo Monsinorearekin ere bai. Opus Deik, hasieratik izan zuen eliz barrutiko Agintaritzaren onarpena, 1943tik aurrera appositio manuum ere bai, eta gero, Aulki Santuaren onespena. Joan Paulo II. Aita Santuak eraiki zuen Prelatutza pertsonal bezala 1982ko azaroaren 28an: hori zen Escrivá Dohatsuak aurrez ikusi eta nahi izandako era juridikoa.

Opus Deiren Fundatzaileak bizi izan zen bitartean zuen santutasun ospea zabalduz joan da, hil ondoren, lurbira osoko bazter guztietan, bere bitartekotzari lotzen zaizkion mesede espiritualen eta materialen lekukotasun ugariek adierazten dutenez; horien artean, medikuntza aldetik ulertezinak diren sendaketa batzuk. Bestalde, oso ugariak izan dira bost kontinenteetatik bidalitako eskutitzak, horien artean 69 Kardinalenak eta gutxi gora behera mila eta hirureun Apezpikurenak —mundu osoko apezpikuren hirutik bat baino gehiago—, Mons. Escrivá de Balaguer-en Dohatsu eta Santu aitortzearen Auzia irekitzeko eskatuz. Santuen Auziendako Kongregazioak Auzia irekitzeko nihil obstat eman zuen 1981eko urtarrilaren 30ean eta Joan Paulo II.ak egiaztatu 1981eko otsailaren 5ean.

1981 eta 1986aren artean bi kogniziozko prozesu izan ziren Erroman eta Madrilen Mons. Escrivá-ren bizitza eta bertuteei buruz. Bi auzi hauen ondorioak ikusita, eta Teologo Aholkularien Biltzarraren eta Santuen Auziendako Kongregazioaren kide diren Kardinal eta Apezpiku Batzordearen iritziak onartuz, 1990eko apirilaren 9an, Aita Santuak Mons. Escrivá-ren bertuteen heroikotasuna baieztatu zuen, horrela Gurgarri titulua ematen zitzaiolarik. 1991ko uztailaren 6an Aita Santuak Josemaría Escrivá Gurgarriaren bitartekotzari zor zitzaion sendapen baten izaera miraritsua baieztatzen zuen Dekretuaren agerpena agindu zuen; ekitaldi honen ondoren amaitu ziren Opus Deiren Fundatzailearen Dohatsu aitortzearen aldez aurretiko legezko tramiteak. Dohatsuketa Erroman ospatu zen 1992ko maiatzaren 17an, Joan Paulo II. Aita Santua buru zela egindako elizkizun ospetsu batean, San Pedroko plazan. 1992ko maiatzaren 21etik Dohatsuaren gorputza Santa Maria de la Paz Prelatu elizako aldarean datza, Opus Dei Prelatutzaren egoitza zentralean, Opus Deiren Fundatzailearen eredu eta erakuskizunek eta bere bitartekotza bilatzen dutenen jaierak erakarrita Jaungoikoarengana hurbildu den mundu osoko jende askoren otoitz eta eskerronez etengabe lagunduta.

Bere idazlan argitaratuen artean, La Abadesa de las Huelgas teologi eta zuzenbide ikerlanaz gain, hizkuntza askotara itzulitako gogozko liburuak daude: Camino (Bidea), Santo Rosario (Errosario Santua), Es Cristo que pasa, Amigos de Dios, Via Crucis, Amar a la Iglesia, Surco (Goldatz), eta Forja, bost azkenak bera hil ondoren argitaratuak. Prentsari zuzendutako elkarrizketa batzuk jasoz, Conversaciones con Mons. Escrivá de Balaguer liburua argitaratu da.

Poliki irakur itzazu aholku hauek. Gogapen hauek astiro gogartu. Belarrira esaten dizkizudan gauzak dira, adiskide, anaia, aita baten bihotza zabalduz.

Eta nire barne-barnetiko hitz hauek Jaungoikoak entzuten ditu. Ez dizut ezer berririk esango. Zure oroimenei eragingo diet, zaurituko zaituen burutapenen bat zure baitan sor dadin: eta horrela zure bizitza hobetu eta otoitz eta Maitasun bideetan sar zaitezen.

Eta irizpidedun arima izatera irits zaitezen.

Kapitulu hau beste hizkuntza batean